Berriak

''Buruxkak-en webguneko estatistikei erreparatzen badiegu oso nabaria da gailu mugikorren erabileraren gorako tendentzia''

Buruxkak.eus eta uztaro.eus gailu mugikorretara egokitu ditu UEUk eta horrek suposatzen duenaz galdetu diogu Emilio Delgado UEUko informatikariari eta bide batez, proiektu bien nondik norakoez jardun dugu Nekane Intxaurtza UEUko argitalpen arduradunarekin.

Zer suposatzen du Buruxkak.eus eta Uztaro.eus gailu mugikorretara egokitzeak?
Emilio Delgado: Teknologia eskaintzak eta garapenak ziztu bizian garatzen ari diren gaurko bizitza honetan, gure beharrak ere zeharo aldatzen ari dira. Orain 15 urte ia gutako inork ez zeukan mugikorrik, baina gaur egun ezin gara beraiek gabe bizi. Webgune desberdinen estatistikak begiratzen baditugu emaitzak ere zeharo aldatu dira; eta tendentziek ere gorako joera agertzen dute. Adibide moduan Buruxkak-en webguneko estatistikei erreparatzen badiegu oso nabaria da gailu mugikorren erabileraren gorako tendentzia.

Adituen arabera, laster gailu mugikorrek mahaigaineko ordenagailuak ordezkatuko dituzte eta ondorioz, gure webguneak gailu mugikor horien bitartez bisitatuko ditugu gehienbat; batez ere, telefono adimentsuak erabiliz.

Guzti honen aurrean webguneen edukia mugikorretara egokitu behar dugula garbi dago. Kasu konkretu batzuetan garapen espezifiko bat beharko da (bertsio mugikor edo aplikazio natibo bat adibidez), baina argi dago webgune batek bere horretan edukia egoki erakutsi behar duela mugikorrean... eta hori lortzeko Responsive design edo Diseinu arduratsua deritzon teknika erabili behar dugu edukia egokitu dadin bereizmen eta plataforma guztietara.

Baina zer da Diseinu arduratsu bat?
E.D: Teknika honen bidez, web gunearen diseinua pantailaren tamainara egokitzea lortzen da, gailuaren pantailaren ezaugarri teknikoetatik independentzia lortuta. Honela, bisitariaren nabigazio-esperientzia egokiagoa eta erosoagoa izango da edozein izanda ere nabigaziorako erabilitako dispositiboa. Guzti hau modu gardenean gertatzen da, hau da, erabiltzaileak ez du ezer berezirik egin behar informazioa zuzen jasotzeko eta bere gailuaren tamainara eta bereizmenera egokitzeko. Eta ez hori bakarrik. Gailu bakoitzak baditu bere berezitasunak, besteak beste ukimenezkoa izatea edo saguaren bidez eragindakoa izatea. Horietara guztietara ere egokitu beharko litzateke diseinu arduratsu bat.

Horretarako, hiru elementu hartzen dira kontuan: letraren tamainaren malgutasuna, informazioa aurkezteko edukiontziaren tamainaren malgutasuna eta media baliabideen (bideo, irudiak,...) tamainaren malgutasuna.

Hamar urte egingo ditu laster Buruxkak liburutegi digitalak. Zein helbururekin sortu zen?
Nekane Intxaurtza: UEUk argitaratutako liburu, aldizkari eta doktorego-tesiak biltzea eta euskarri elektronikoan unibertsitario euskaldunei eskaintzea; ikasteko, irakasteko, irakurtzeko eta ikertzeko erabil ditzaten.

Doktorego-tesien kasuan gerora Tesiker egitasmoa (Euskaraz aurkeztutako doktore-tesiak digitalean argitaratu eta kontsulta publikoa ahalbidetzen du) etorri zen; Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesarekin, 2007an ipini zuen martxan UEUk. 2011ko irailaz geroztik, euskarazko tesiak www.euskara.euskadi.net/tesiak webgunean kontsulta daitezke (Inguma datu-basetik zuzeneko lotura ere egin zaie).

Zer aurkituko dugu bertan?
Buruxkak Liburutegi Digitalean UEUk argitaratu dituen liburuak, aldizkariak eta doktorego-tesiak daude. Liburuen kasuan UEUk merkatuan salgai duen liburua bada, liburuaren gaineko erreferentzia, aurkibidea, kapitulu bat (PDF formatuan) eta dendarako esteka eskaintzen da.

Aldiz, deskatalogatutako liburua bada (hau da, duela 3-5 urte baino lehenago argitaratu bazen) obra osoa kontsultatu eta zure ordenagailuaren mahai-gainera jaitsi eta inprima dezakezu.

UEUk hiru aldizkari ditu: Uztaro, Aldiri eta Kondaira.com. Uztaroren kasuan, aldizkariaren zenbaki bakoitzaren aurkibidea eta ale osoa eskaintzen da PDF formatuan, azken urteko zenbakiak izan ezik. Banakako artikuluak ere kontsultatu ahal izango dituzu, aldizkariaren web guneko hemerotekarekin lotura egin baitugu.

Aldiriren kasuan, aldizkariaren zenbaki bakoitzaren aurkibidea eta ale osoa eskaintzen da PDF formatuan.

Kondaira.com aldizkari elektronikoan argitaratutako artikuluak ere badaude Buruxkak LDn. Hala ere, Kondaira.eusek eskaintzen dituen beste materialak (testu zein mapa historikoak, aurkezpenak) ez ditugu hona ekarri.

UEUren argitalpengintza arloko berriak eta oharrak Azken berriak atalean egongo dira. Atal honek RSS bidezko harpidetza eskaintzen du.

Uztarok ere 99. alea kaleratu berri du. Laister 100.a. Ibilbide luzea duen proiektua da. Giza eta gizarte-zientziei buruzko artikuluak argitaratzeko helburuarekin sortu zen. Zein izan da ibilbidea? Zeintzuk dira erronka nagusiak?
UZTAROren 0 zenbakia 1990ean argitaratu zen. Giza eta gizarte-zientzietarako euskarazko aldizkari zientifikoen beharra ikusi zen eta, jakintza-alor bakoitzerako aldizkari bana egin beharrean, jakintza-alor guztietarako bakarra osatzea erabaki zen, etorkizunean akaso jakintza-alor bakoitzak bere bidea hartu ahal izango zuelakoan. Hogeita zazpi urte igaro dira eta ikusi da proiektuarekin UEUk asmatu zuela.


Bidean, gorabeherak izan ditu; batez ere, garai jakin batzuetan, artikuluen falta; baina aldizkariak jakin du erronka berriei erantzuten eta, gainerako aldizkari zientifikoen bidetik, parekoen ebaluazio-sistema itsua ezarri zuen 2010. urtean. Mugarria izan zen, besteak beste aldizkariak horri esker lortu baitzuen aldizkari zientifikoen aurkibideetan agertzea, eta, ondorioz, ibilbide akademikoa egin gura duten autoreentzat, gero eta erakargarriagoa bihurtu da. Gaur egun (azken urteetan) esan dezakegu zenbaki bat edo biko itxaron-zerrenda daukagula artikuluak argitaratzeko, eta hori kalitateari buruzko nolabaiteko seinale dela esan genezake. Erronka nagusia kalitate horri eustea da: ebaluazio-sisteman sinestu eta zintzotasunez betetzea; hori da aldizkariaren etorkizuneko bermeetako bat.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea