Berriak

'Insula' aldizkari prestigiodunak azken urteotako euskal literatura aztertu du maiatzeko alean

Ínsula” Bartzelonako gizarte zientzia eta letren aldizkariak euskarazko literaturari buruzko monografiko bat argitaratu du. Koordinatzaile bezala Jon Kortazar eta Xabier Etxaniz EHUko irakasleak izan ditu.

Eleberria, poesia, haur literatura eta itzulpena izan dira Victor Garcia de la Conchak zuzenduriko aldizkariko alean jorratu diren gaietako batzuk. Euskal literaturan eman diren zenbait korronte eta lanen azterketa egin nahi izan da lan horren bidez. Horretarako, sorkuntza prozesua, literatur sistemaren egonkortze bidea eta zabalkundea hartu dira oinarri bezala. Orrietan barrena euskal literaturaren azken 30 urteak aztertzen duten ikertzaile ugariren artikuluak aurki daitezke.

Jon Kortazar eta Javier Rojoren artikulu batekin ematen digu ongietorria Ínsulak. Besteak beste, 2000-2012 urte bitartean euskal eleberriak izandako bilakaera aztertzen da bertan. Kortazar eta Rojok aurkezten duten beste artikulu bat XXI. mendeko Euskal poesiagintzari buruzkoa da; garai horretako euskal poeta eta poesia lanek izan duten gorakada aipatzen dute hainbat argitalpen gogora ekarriz, horien artean Kirmen Uriberen "Bitartean heldu eskutik" liburua.

Esatekoa da alean hainbat pertsonek parte hartu dutela; horien artean Alvaro Ravelli, narratibari buruzko artikulu batekin. Ravellik Eider Rodrígezen presentzia aipatzen du, gaur egungo euskal literaturan idazle interesgarrienetako bat dela esanez. Narratibari begira ere, Amaia Serrano Mariezkurrena eta Mariela Sánchezen "Narrativa vasca y memoria" artikulua ikus dezakegu.

Aldizkarian Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi eta Ramon Saizarbitoria izan dira protagonistetako batzuk. Esaterako  Martutene liburuari buruzko Iñaki Aldekoaren artikuluak erakusten digun bezala. Bestalde "Hacia la feminización de la literatura infantil" izenburua daraman Xabier Etxanizen artikuluak euskal idazleek haur eta gazteentzako literaturan egin duten lanari buruz hitz egiten digu. Literatura mota honek pertsonen formakuntzan oso paper garrantzitsua jokatzen duela azaltzen du. Izan ere, egileek pertsonen garapenerako baliagarriak diren gaiak jorratu izan direla uste du Etxanizek.

Horretaz gain, literatura dramatikoa ere aztergai da Ínsulan; bereziki mota honetako lanek duten produkzio txikia eta agerpen urria azaltzen da. José Manuel López Gaseniren eskutik euskal literatura itzulia ere jorratu da aldizkarian. Gainera, Paulo Kortazar, Joseba Gabilondo eta Iratxe Esparzaren lanak ere eskaintzen dira.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea