Uztaro UEUren giza eta gizartea zientzien aldizkariaren 110. zenbakian Ainara Santamaria Barinagarrementeriaren “Mikel Laboari buruzko euskarazko produkzio akademikoa eta esperimentazioa” izeneko lana aurkituko dugu, besteak beste. UPV/EHUko NOR ikerketa taldeko kidea da Santamaria. Kazetaritzan Lizentziatua da eta Gizarte Antropologia masterduna.
Mikel Laboaz esparru zientifikoan idatzi dena aztertzen zabiltza. Zerk eraman zaitu horretara?
Eskuartean daukadan tesi proiektuak eraman nau Mikel Laboataz orain arte idatzi dena ezagutzera. Lan horretan, Mikel Laboa erdigune besteko aitzakia ere bada esperimentazioaz eta tradizioaz aritzeko.
Zergatik Mikel Laboa?
Gustuko dudan kantari bat delako, baina baita niri interesatzen zaizkidan beste gai batzuez aritzeko aukera ere eskaintzen didalako. Nik arreta gaur egunean esperimentatzen duten musikarien esperientzia eta ikusmoldeetan jarri nahi nuen eta Laboaren ibilbideak zubi hori egiteko aukera ematen zidan.
Bereziki ekarpen abangoardistan jarri duzu fokua...
Bai, hori da, niri batik bat Laboak euskal kantagintzan bide berriak zabaltzeko egin zuen ahalegina interesatzen zait. Laboaren erreferentzia zabaldua da Euskal Herrian, baina gehienetan kantu tradizionalak berrinterpretatzerakoan egindako lanak ezagutzen dira beregandik; eta ez hainbeste bere jardun esperimentalagoa. Azken horretan daukat nik interesa eta horretarako zer hoberik gaur egunean musikaren barruan bide ezezagunak urratzen dabiltzanengana hurbiltzea baino.
Inguma datu basea hartu duzu erreferentziatzat. Zer eskaintzen dizu Ingumak?
Ingumak, euskal komunitate zientifikoaren datu basea izanik, euskarazko produkzio akademikoaren berri ematen dit. Jakitun naiz akademiatik harago ere asko idatzi dela Laboari buruz, baina artikulu honetan esparru zientifikoan eta euskaraz idatzita dagoena aztertu nahi nuen eta horretarako tresna ezinbestekoa dela iruditzen zait.
Zer da Inguman aurkitu duzuna?
“Mikel Laboa” eta “Laboa” gako hitzak erabilita zortzi lan topatu ditut Inguman (2018ko urrian egin nuen azken bilaketa). Horietatik, bakarra da tesi lana, beste bat kurtso bukaerako lana da eta gainontzekoak artikulu zientifikoak dira. Jakitun naiz Ingumak harrapatzen ez duen lanik egongo dela edota gako hitz horiekin zuzenean harremantzen ez dena, baina Laboa aztergai duen lanik ere egongo dela unibertsitatean. Hala ere, kopuru esanguratsua jasotzen duelakoan nago eta balioa dauka niretzat.
Bide baten hasiera baino ez da izan orain artekoa. Hemendik aurrera zer?
Hemendik aurrera nire tesi proiektua garatzen jarraituko dut. Momentu honetan esperimentazioaren esparruan sortzen diharduten musikariak elkarrizketatzen nabil eta laster hasiko naiz jasotako informazioa analizatzen.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio