Berriak

Aitor Zuberogoitia eta Lierni Alkorta: "Euskarazko hedabideen etorkizuna nork bere autonomiari eutsita eta elkar onartu eta errespetatuta, saretzean dago gakoa"

Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko irakaslearearekin eta Lierni Alkorta kazetariarekin hitz egin dugu, elkarrekin idatzitako "Masa-Komunikaziotik informazioaren gizartera" liburuaren inguruan. Bertan aipatzen diren gaiei buruz honako erantzunak eman dizkigute:

Euskarazko komunikazioaren munduak sorkuntzatik gaur eguneraino egin duen ibilbidea azaltzea izan duzue helburu?

Mundua mundu denetik, edo, gutxienez, pertsonok bertan bizi garenetik existitzen den fenomenoa da komunikazioarena. Berriagoa da, ordea, masa-komunikazioa, industria-gizartearekin batera sortua. Mondragon Unibertsitateko Komunikazio ikasketetan gaia aztertzen hasita, konturatu ginen hutsune bat zegoela transmisioan, ikasleek ia ez zutelako ezagutzen euskarak masa-komunikazioaren sorreraz geroztik hedabideen arloan eginiko ibilbidea. Hutsune hori bete nahian idatzi genuen liburua.

 

Azken mendeetan masa-komunikazioa izan da eredu nagusia, nola definituko zenukete aro hori? eta gaur egungo aroa?

Masa-komunikazioa, esandako moduan, gizarte industrialarekin sortu zen, eta demokrazia liberala eta esperimentazio zientifikoa izan zituen bidelagun. Enpresetan produktuak ekoizten hasiak ziren modu berean ekin zioten hedabide sortu berriek ere albisteak ekoizteari, modu erabat zentralizatu eta masiboan eta feed-back-erako ia aukerarik eman barik. Mezuen ekoizpen eta transmisio prozesua, beraz, ez zegoen edonoren eskura, hedabide jakin batzuek baino ez zeukaten zeregin hori burutzeko ahalmena.

Gaur egun ere irauten dute oraindik hedabide handi zentralizatu horiek, baina kasu askotan arazo handiekin, beraien egiturei eutsi ezinda. Izan ere, funtsezko aldaketak ekarri ditu Informazioaren Gizarteak; honako hauek, besteak beste: mezuen ekoizpen eta transmisiorako erreminten herritartzea eta prozesu honen ondorioz sorturiko informazioaren joan-etorri etengabea, interaktibitatea, audientzien zatikatzea edota multimedia-elementuen eta euskarrien ugalketa.

 

Euskal Hedabideak historian zehar beste komunitateetakoak baino beranduago hasi dira martxan, zergatik uste duzue gertatu dela hori?

Tankera horretako fenomenoak beti dira konplexuak eta arrazoia ez da bakarra izaten, baina baliteke arrazoi nagusietako bat izatea dirudunei (kapitala behar baitzen masa-komunikabide bat martxan jartzeko) euskara lar interesatu ez izana, eta ezta politikariei ere. Alabaina, 1980ko hamarraldiaz geroztik batik bat, teknologiak kostuak dezente merketu ditu, eta hori euskarazko hedabideen mesedetan izan da oro har (autoediziorako softwareen garapenak, adibidez, asko erraztu zuen euskarazko herri aldizkarien eztanda). Kostuak merketuagatik, ordea, horrek ez du esan nahi aurrekontu txikiarekin ahal duen moduan diharduen hedabidea eta megatalde mediatiko ahalguztiduna baldintza berberetan lehiatzen direnik, bistan denez...

 

Internetekin, aldiz, besteekin batera hasteko aukera izan dute; zein izan da aldaketa horren emaitza?

Internet abiatu berritan, gisa honetan mintzo zen Luistxo Fernandez Etxepare porno liburuan, euskaldun-jendea esnarazi guran: “Eta orain, ondo edo txarto, hizkuntza kodetu estandar bat halamoduz egin dugunean, orain baztertuta utzi behar gaituen beste jauzi teknologiko baten aurrean gaude”.

Zorionez, beste kasu batzuetan baino bizkorrago ibili gara Internetekin, eta, horri esker, zortzigarren probintzia bizi eta osasuntsu-antzean dago: euskarazko wikipedia hornituz doa apurka-apurka, sare sozial nagusiak euskaraz ere baditugu eta 4.200 lagunetik gora ari da euskaraz txiokatzen, hizkuntza guztien artetik 44.a ei da gurea Sarean...

 

Bestalde komunikazio-irakaskuntza garai berrietara egokitzeko berrasmatzen ari dela uste duzue?

Ahalegin horretan dihardugu... Kazetaritza hutsa gainditu eta komunikazio irakaskuntzara eta multimedia komunikatzaileak trebatzera bideratutakoa izan zen lehen jauzia, duela urte batzuk, eta aurki beste jauzi bat ikusiko dugu: olatu berri horren ezaugarri nagusia izango da harago joatea, ez mugatzea ikasleak konbergentzia-kontuetan trebatzera. AEBetako zenbait kazetaritza-fakultate dagoeneko berrikuntza-guneak sortzen edota berrikuntza eta ekintzailetasuna euren curriculumetan txertatzen ari dira. Izan ere, geroz eta gehiago, garapen-laborategi modura ulertuko da aurrerantzean komunikatzaileen trebakuntza.

 

Liburuaren kapitulu batean internet euskara itzaletik ateratzeko bitarteko aproposa dela adierazten duzue. Hori idatzi zenutenetik hona berdin pentsatzen jarraitzen duzue?

Bai. Paperezko edizioan oinarrituriko errugbi aldizkari bat, esate baterako, bideraezina litzateke euskaraz; haatik, Sarean, inprimatze eta banaketa-kostuak baztertuta (eta gastu potoloak dira horiek), kostuek beste dimentsio bat dute. Geu-ri eutsi ezin izan zioten gasteiztarrek, berbarako, Hirinet daukate orain (kontua da, hori bai, Sarerako negozio-eredua oraindik asmatzeke dagoela).

 

Sarea etengabe aldatzen ari da, baita hedabideentzako ere; igorle eta hartzaileen arteko lotura berriak euskarazko informazioa partekatzeko eragile garrantzitsuak izan dira?

Bai, zalantza barik: euskarak kode irekiak behar ditu bere edukiak ahalik eta gehien zabal daitezen, eta sare sozialak eta interakzioa ahalbidetzen duten kanalak (izan Zuzeu, izan Sustatu, izan Berriketan.info...) oso lagungarri dira horretarako.

 

Nola ikusten duzue euskal hedabideen etorkizuna?

Nork bere autonomiari eutsita eta elkar onartu eta errespetatuta, saretzean dago gakoa: bere garaian euskarazko tokiko hedabideek erdarari aurrea hartu eta informazio lokalaren esparrua euskararentzat irabazi zuten moduan, hizkuntza-komunitate osoari begira jarrita ere informazio-erreferentzia nagusi bihurtzea da orain dugun desafioa. Gaudenetan gaudela, ameskeria dirudi horrek, baina kontuan izan behar dugu sekulako komunikatzaile pila daukagula euskaraz lanean, tokian tokiko hedabide-sare aberatsa, ibilbide luzeko hedabide nazionalak, hedabide-talde publiko handia... Badago hori guztia saretu eta, demagun, webgune komun batean uztartzerik, webgune hori euskaldunon informazio-erreferentzia nagusi bihur dadin? Euskaltzaindia euskararentzat edota mediatikoki BBC ingelesarentzat direnaren pareko zerbait...

 

Nori eskaintzen diezue liburu hau?

Bai euskarazko komunikazio-munduan lanean ari direnei, bai Komunikazioa euskaraz ikasten dihardutenei.

 

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea