Berriak

Aitzol Astigarraga eta Elena Lazkano: "Teoria garrantzitsua da, eta beharrezkoa, baina robotikan oinak lokatzetan sartu behar dira"

Aitzol Astigarraga @Aitzolete Bigarren Hezkuntzako irakaslea eta informatikaria da, Elena Lazkano EHUko Informatika Fakultateko irakaslea da, Informatikan doktorea eta Aitzol bezala Robotika eta Sistema Autonomoak taldeko kidea da, horretaz gain UEUko Informatika Saileko bazkideak ere badira.

Biak ibili izan dira Robotika Mugikorrari buruz ikerketa lanetan eta Udako Euskal Unibertsitatearekin batera "Robot Mugikorrak, oinarriak" idatzi zuten. Robot bat garatu eta programatzeko liburuan ematen dituzten ezagutzei buruz galdetu diegu

Bestalde elkarrizketatuak UEUk eskaintzen dituen Udako ikastaro bateko irakasle izango dira. Ikastaroa "Nabigatu Lego NXT robotekin: abante!" izenarekin aurkeztuko da eta uztailaren batetik uztailaren 3ra bitartean emango da. Aukera paregabea robotikan lehen pausuak eman nahi dituenarentzat.

Zergatik uste duzue egon dela gizakiaren aldetik bere gisako izaki artifiziala sortzeko interesa?

Galdera filosofikoa da hori gero! Gizakiak jainkoaren pareko izan nahia beti erakutsi du, eta jarraitzen du erakusten gainera. Eta hori gure arlora, robotikara, ekarrita, bada, robota da gaur egun gizakiaren metafora artifizialik hurbilena. Hortik robot adimendunak eraikitzeko irrika hori.

 

Funtsezko ze osagai ditu robot batek?

Eragileak, sentsoreak eta kontroladoreak. Sentsoreen bitartez robotak ingurunean gertatzen denaren berri jasotzen du ; kontrolagailuak erabaki guneak dira, jasotako informazioaren eta bete beharreko helburuaren arabera, ekintza bat edo bestea egin erabakitzen dutenak. Eta, azkenik, eragileen bitartez robotak bere inguruan erabaki horiek gauzatzen ditu

 

Robot batek nolako pertzepzioa dauka? Zer da jasotzen duena?

Robot batek bere sentsoreen bitartez munduari buruz daukan pertzepzioa, eta, adibidez, guk izan dezakeguna erabat ezberdinak dira. Apenas daukaten zer ikusirik! Dauzkan sentsoreen arabera, objektuetarako distantzia neurtu dezake, talka egin duen edo ez jakin, koloreak antzeman, berotasuna, formak... baina oso kontuan izan behar da robotekin lan egitean, sentsoreetatik jasotako informazioak zarata asko izan ohi duela, eta beraz, ziurgabetasun-maila altuarekin arrazonatu behar duela.

 

Zer beharko luke robot batek guztiz autonomoa izateko?

Ez dago erabateko autonomiarik! Robotek, izaki bizidun orok bezala, beren habia ekologikoa daukate. Hau da, beren ekintzak burutzeko ingurune egokia, eta ingurune horretatik ateraz gero ezgauzak dira.

Autonomia maila handitzeko, egokitzapen prozesuak etengabea behar luke. Robotak gertaera berrien aurrean ondorioak atera eta ikasteko gaitasuna behar luke. Eta horretatik urrun gaude gaur egun tamalez.

 

Zer egin behar da robotika kontzeptuak barneratzeko?

Eginez ikastez dela sinistuta gaude gu. Teoria garrantzitsua da, eta beharrezkoa, baina robotikan oinak lokatzetan sartu behar dira.

 

Lehen, Robotika arloan murgiltzeko beharrezkoak izaten zen gaiarekiko ezagutza izatea, baita ere lan talde bat eta materialak ere kostu handiak ekartzen ditu. Gaur egun edonork dauka robotekin lan egiteko aukera?

Ia edonork. Hezkuntzarako tresna gisa roboten erabilera asko hedatu da, ez unibertsitate mailan bakarrik, baita unibertsitatez azpiko ikasketetan ere. Kostuari begiratuz gero, robotak eraikitzeko materialak asko merkatu dira, eta ordenagailua eta oinarrizko kaxa robotiko bat (asko daude merkatuan) aski dira robotikan murgiltzeko.

 

Liburuan guztia da azalpen teoriko eta programazioa?

Ez gero! Robotak nola eraiki ere azaltzen dugu, Lego NXT kaxa robotikoa erabiliz. Liburuan, beti honako lau pausu hauek jarraitu ditugu robotak garatzeko:

1.- Robotaren ideia zehatza lortu

2.- Gorputza eraiki

3.- Kontrol-programa idatzi

4.- Esperimentatu

 

Ariketak burutu ahal izateko bi modu eskaintzen dituzue "Lego Mindstorm NXT" eta "Player/Stage" zertan ezberdintzen dira? Irakurle motarengan pentsatu duzue bi era hauek aukeratzerakoan?

Lego NXT kaxa robotikoak bere piezekin modu errazean robotak eraiki eta programatzeko aukera eskaintzen du. Lehen pausuak eman nahi dituenarentzat tresna egokia da oso. Aldiz, Player/Stage simulagailuarekin ur sakonagoetan murgildu gaitezke, konputazionalki konplexuagoak diren ekintzak burutzeko gai baita. Laburbilduz, robotak eraiki eta programatu nahi duenak NXT aukeratu beharko luke, eta aldiz, ikerkuntza-mailako robot aurreratuagoen ezaugarriekin lan egin nahi duenak, Player/Stage simulagailua.

 

Liburu honekin erabiltzaileak sorkuntza lanak martxan jartzeko aukera izango du?

Lehen kapitulutik bertatik. Kapitulu bakoitzaren amaieran ariketa sorta dago, teorian ikusitakoa praktikara nola eraman azaltzen duena. Gainera, ez da aldez aurretiko programazio edo robotika ezagutzarik eskatzen. Pausuz-pausu, irakurleak robotak eraikitzen, programatzen eta haiekin esperimentatzen ikasiko baitu.


 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea