Aldiri arkitektura eta abar aldizkariaren 10.zenbakia kaleratu berri da. Hiruhilabetekari monografikoa da, arkitekturaz gain beste hainbat diziplina ukitzen dituena. Arlo bitxia inprimakien mundurako, horregatik aipamen berezia egin behar diogula pentsatu dugu.
Iosu Gabilondo eta Eider Camarero arkitektoek idatzitako albisteari begirada bat bota ondoren eraikinei buruz zerbait gehiago ikasi dugu.
Eraikinak elementu iraunkorrak balira bezala ikusi ohi ditugu. Urteetan zehar zutik ikusi ditugulako. Historiaren parte bihurtu eta garai jakin bateko bizirik jarraitzen duten aztarna bilakatu dira. Honen adibide Atenaseko Akropolia dugu, hainbeste urte pasa ondoren zutik jarraitzen duela. Parte bat behintzat. Aldiz, gure inguruko eraikin gehienen bizitza erabilgarria mugatua da.
Eraikinak ez dira betiko. Gaur egun erabiltzen ditugun
eraikin gehienak, gure etxebizitza eta bulegoak direnak, zaharkituta daude. Hori kontuan izanik, beraien bizitza erabilgarriaren amaierari buruz erreflexionatu behar da. Erabilitako materialak berriz ere erabiltzeko edo birziklatzeko moduak ikertu eta garatu behar dira, eraikuntza-sektorearen kontsumo energetikoa eta giza aktibitateak ingurumenean duten inpaktua gutxitzea nahi bada.
Gizartea gero eta aldakorragoa da, eta eraikinen aldakortasuna gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari da, bai erabilerari dagokionez baita eraikitakoak berak aldaketak jasateko aukera izateari dagokionez ere. Eraikinak osatzen dituzten elementuak birziklagarriak eta desmuntagarriak izatea bertute izatetik ohikoa izatera pasatu beharra dago.
Aurrerapenak egiten ari diren arren,
eraikuntza-sistemak eta eraikitzeko ohiturak aldatu behar dira energiaren erabilera optimizatu nahi bada. Inplikazio soziala beharrezkoa da. Erabiltzaileek eraikinak eta instalazioak erabiltzeko moduak eragin handiagoa izango du eraikinaren energia-kontsumoan eta eraikina berrerabiltzeko edo berau osatzen duten elementuak birziklatzeko orduan aukera desberdinak egotean.
Material berdina erabiltzea ere beste estrategia izan daiteke, materialen banaketa erraztu eta garraioak gutxituko bailitzateke.
Bide motzik ez dago. Guztion ekimena eta parte-hartzea beharrezkoa da. Dauzkagun errekurtsoak optimizatu nahi baditugu, eraikinen birgaitzea, zoruaren erabilera estentsiboa ekiditea, birziklapena, eraikuntza-materialen berrerabilpena eta material birziklatuen erabilera hasteko bide izan litezke.