Berriak

Alexander Martinez: “Fikzioak ezin du inoiz guztiz ihes egin errealitatetik”

Aldiri Arkitektura etabar aldizkariaren azken alean “Fikzio hiriak” izan dituzte mintzagai. Horren harira “Zer ezkutatzen dute fikzioak eraikitako hiriek?” izeneko artikulua idatzi du Alexander Martinez Iturria arkitekto eta idazleak. “Iraumen” izeneko ipuin bildumarekin Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi zuen Martinezek 2018an eta iaz argitaratu zuen lana. Iraume Nueva York da, Tokyo eta Buenos Aires. Baita Gasteiz ere, Biarritz eta Barakaldo. Fikziozko hiri bat.

 

Fikzioak eraikitako hirietan bizi gara”...
Aldirik ale berriaren gaia esan zuenean argi eduki nuen bertan parte hartu nahi nuela, eta argi eduki nuen nondik heldu nahi nion ere. Fikziozko hiriak errealak dira. Fikziozko hiriak gure errealitatearen zati (garrantzitsu) bat dira. Kontraesana al da? Ba baliteke, baina kontraesana izanagatik ez du zertan oker egon behar. Artikuluarekin irakurleari ariketa proposatu nahi nion; telebistan albistegietako berriak ikusten ari garenean, edota lagunen batek haren azken bidaia azaltzen digunean, inoiz ikusi, ukitu edo usaindu ez ditugun lekuak gertukoak egiteko gai bagara; edota hainbat telesailekin errealak bihurtzeko gai bagara post-katrina garaiko New Orleans bezalako hiriak (Treme), edota 20ko hamarkadako Birmingham (Peaky Blinders), zergatik ez paseatu dragoiez beteriko Winterfell hiriko kaleetan zehar?

Artikuluan bertan diot, eta ez dut uste ezkutatu behar dudanik. Testua idaztea aitzakia izan da bidaiatxo bat egiteko, noizbait ezagutu ditudan fikziozko hiri, mundu eta gizarteetara bueltatu ahal izateko, eta irakurleari prozesu bera egiteko aukera izatea opa diot. Nire kasuan, bidai, hausnarketa honen emaitza klasifikazio bat izan da, fikziozko hiri erreal hauen jatorria, zergatia eta izaeraren hausnarketak sailkapen bat izan du emaitza.

Hiri edo herri generikoak daude batetik. Obaba dugu horren adibideetako bat. Zer dago hiri edo herri hauen atzean?
Adibide gertukoa, eta ziur aski adibide argiena. Sailkapen honetako lehen multzoan hiri generikoak ditugu, hiri guztiak direnak eta, aldi berean, bat bera ere ez. Kasu honetan, fikzioak eraikitakoak errealitatearen islak dira. Uste dut Obaba oso adibide argia dugula. Obaba fikzioak eraikitako herria da, existitzen ez dena, baina aldi berean Euskal Herriko herri guztiak biltzen ditu. Ez da soilik herri bat, ez dira herri bateko kaleak, etxeak eta eliza; gizarte oso bat hartzen du bere baitan, garai oso baten isla da. Obaba fikzioak eraikitako herria da, baina, ez al da, era berean, erreala? Ez al da erreala latinoamerikan García Marquezen Macondok jasandako txikizioa?

Zuk idatzitako “Iraumen” ere hemen kokatu beharko genuke?
Halaxe da, bai. Bartzelona, Tokio edota Buenos Airesen bizi nintzenean narrazio ugari idatzi nituen, eta denak kokatu ohi nituen hiri haietan. Azkenean, nahiz eta munduko puntu ezberdinetan izan, konturatu nintzen istorio guztiek bazituztela ideia eta leku komunak. Jendez gainezka dagoen metro bagoia berdina dela Katalunian eta Argentinan; hiri propioan atzerritar sentiarazten duen turismoaren arazoa berdina dela Argentina eta Japonian. Horrela hasi nintzen Iraume izeneko fikziozko metropolia sortzen, bizi eta hausnartzen ari nintzen gizartearen isla marrazten. Fikziozko metropoli honen sorkuntza bereziki interesgarria bihurtu zen Euskal Herrira bueltatu nintzenean, konturatu bainintzen ezagunak nituela mugikorrera itsatsiak zeuden begirada itzaliak; Santa Ageda ezagutu ez, baina Halloween pasioz ospatzen zuten gazteen irribarreak. Konturatu nintzen etxera bueltatu arren Iraumeko kaleetan zehar ibiltzen jarraitzen nuela. Horren urrun uste ditugun metropoliak horren gertu ditugula argi ikusi nuen; eta geroztik zaila zait Iraumen bizi ez garela sinestea.

Azkenaldian Distopiek hartu dute indarra. Horren adibide dugu Handmaid’s Tale. Margaret Atwoodek 1984 urtean idatzi eta telesail bihurtu dena orain gutxi. Garaiko errealitateari helduta pauso bat harago doaz...
Urteak distopien inguruan idazten, teorizatzen, eta batek harrapatu gaituenean ez dakit arkatza aski zorroztua dugun ezer idazteko... Edozein kasutan bai, lehen taldean fikzioak errealitatearen islak direla esan badut, bigarren honetan errealitatearen irakurketatik eta gehienetan etorkizunaren eraikuntzatik sortzen dira fikziozko hiri eta gizarteak. Adibide ugari daude; badira teknologien hausnarketa egiten dutenak, Black mirror eta Westworld telesailak kasu, eta ohikoak dira aginte totalitarioen beldurra islatzen dituzten obrak ere, izendatu duzun Atwooden liburua bezalaxe; edota jada klasikoak diren George Orwellen 1984 eta Adolf Husleyen Brave new world.

Interesgarria da, batzuetan bistakoa ez den arren, errealitatea eta sortutako distopiaren artean lotura badagoela ikustea. Philip Roth idazleak The plot against america eleberrian distopia sortu zuen, bigarren mundu gerraren atarian Estatu Batuetan faxismoak irabazten baititu hauteskundeak. Eleberri hau denbora zeramatzaten David Simon ekoizleari eskaintzen, telesail bihurtu zezan; baina honek ezetzesan zuen behin eta berriz, sinesgarria ez zela argudiatuz. Donald Trumpek hauteskundeak irabazi zituenean iritzia aldatu eta telesaila egiteari ekin zion.

Azkenik errealitatetik ihes egiten duten munduak ditugu. Baina benetan egiten al dute ihes errealitatetik?
Sailkapeneko hirugarren eta azken multzoa horrela definitu dut; egileari errealitatea txiki geratu eta honen mugak hautsiz sortzen du fikzioa. Talde honetan aurki ditzakegu obra ezagun ugari, Star Wars edota Game of Thrones-eko munduak kasu; baita haur literaturan erabili ohi diren fantasiazko istorioak ere. Aurreko taldeko distopiekin gertutasuna badute, baina, aurrekoekin alderaturik, talde honetako fikzioen helburu nagusia ez da errealitatearen hausnarketa edota kritika egitea. Eta hemen dator zure galdera, benetan posible al da errealitatetik guztiz ihes egitea? Muturreko kasu bat hartuz, The Lord of the Rings adibidez, badirudi baietz; sortutako munduak ez baitu lotura zuzenik geurearekin; baina Tolkien aurreko mende hasierako Inglaterran hazi zela jakitean, zentzu berria har dezake; nola sortzen dituzten Uruk Haiak fabriketan, nola mozten dituzten inguruko zuhaitz guztiak eta kez bete baso inguruak; eta nola, azkenean, natura altxatu egiten den eta horren aurka borrokatzen duen. Askorentzat, Isengardeko borroka industrializazioaren aurkako errebindikazioa da.

Nik uste fikzioak ezin duela inoiz guztiz ihes egin errealitatetik. Oso interesgarria iruditzen zait baieztapen hori, azken finean bi munduen gertutasuna agerian uzten duelako; eta, era berean, iradokitzen didalako errealitateak ere ezingo duela inoiz fikziotik guztiz ihes egin.

 

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea