Berriak

Anartz Ormaza: “Ez diogu behar besteko arreta jartzen ez urari ez honen kudeaketari”

Labetik atera berria den Aldiri Arkitektura eta Abar aldizkariaren 41. zenbakian ura dugu protagonista bakar: “Ura gara”. Urik gabe, ez garelako. Anartz Ormaza Ugalde arkitektoa eta UEUko arkitektura sailburua izan da azken ale honen koordinatzailea.


 

Ura gara...
Hala da bai. Ura gara, ura da dena, denean dago ura. Eskala makroenetik (Lurraren hiru laurdenak dira ura), eskala pertsonalagoenera (gure gorputzaren gehiengoa ere ura da eta). Ura barik, ez gara. Ez gu, ez ezagutzen dugun mundua. Tamalez, ez diogu behar besteko arreta jartzen ez honi ez honen kudeaketari. Horri eskaini diogu Aldiriko azken zenbaki hau, uraren aurpegi eta honen gaineko ikuspuntu ezberdinei.

Arkitekturan eta lurraldearen kudeaketan zein hutsune daude urarekin lotuta?
Garai baten kontzientzia gehiago zegoen uraren balioaren inguruan (ezinbestekoa hau). Hirien sorkuntza beti egon da moduren batean edo bestean urarekin lotuta: ibai baten ondoan dela, itsaso bazterrean dela… biziraupenerako uraren presentzia bermatu beharreko zerbait zen. Denborarekin, industrializazioarekin, hirien garapena eta hazkundea… urarekin (edo honen jatorriarekin) lotura galtzen joan da, ibaiak lurperatzen edo hodietan sartzen joan dira; kasu askotan zabortegi ere bihurtu dira… Azken aldian, honi buelta ematen saiatzen ari garen arren, asko dago egiteko (desegiteko); eta oraindik ere, uraren kudeaketa beste baliabide baten kudeaketaren mailan dago; konturatu barik, ezinbestekoena, oinarrizkoena dela berau.

Uraren Kultura Berriaren filosofia aipatzen duzue. Zertan datza?
Berez Uraren Kultura Berriak XX. mendearen erdialdean Ebroren lekualdatzea dela-eta sortutako mugimendu sozial ekologistan du sorrera. Ordutik garatzen joan da eta egun uraren bestelako kudeaketa baten alde lan egiten duen mugimendua da. Honek hainbat aditu, teknikari, ikertzaile, unibertsitateko irakasle,… batzen ditu, zeintzuk uraren inguruan “corpus” bat sortu duten eta erakunde desberdinekin lanean diharduten; uraren kudeaketa arduratsu eta egoki baten aldeko politikak garatzeko.

Zer nolako ekarpenak aurkituko ditugu azken Aldirin?
Ba nahiko ale osoa suertatu da, era desberdinetako ekarpenak ditugu-eta: hiru elkarrizketa oso interesgarri, esku-hartze artistikoekin lotutako artikuluak, artikulu teknikoagoak, hirigintzarekin lotutakoak… edo guri buruz gure hondakin urek ematen duten informazioaren gainekoak. Benetan ale osatua da!

43. Aldirirako artikuluak bidaltzeko epea ere zabaldu duzue. Etxebizitzaz hitz egin nahi duzue bertan. COVID 19aren ondoriozko konfinamenduak hainbat gabezi azaleratu ditu...
Bai, etxebizitzaren gaia denon ahotan izan da, batez ere itxialdi garaian. Bat-batean arkitekturak gizartean ordura arte izan ez duen protagonismoa hartu zuen. Gure etxebizitzek dituzten gabeziak bistan utzi ditu itxialdiak, bai espazio fisikoaren aldetik, bai erabilera eta funtzioen aldetik; eta, jakina, etxeen eta hiriaren arteko harremanaz ere aritu gara, kanpoaldeko espazioekin loturaz, beharraz… Sasoi paregabea da hausnarketa guzti horiek bildu, eta, batek daki, etxebizitza eredu berrien gainean amets egiteko.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea