Berriak

Ane Abarrategi eta Maddi Texeiro: Ko-lana, elkarlanaren filosofia, komunitatearen beharrak asetzeko

Ane Abarrategi gizarte arloan aditua da, elkarlanarekin eta hiritarren zein administrazioaren arteko parte hartzearekin garatutako lanetan dihardu.

Maddi Texeiro arkitektoa da, arlo kolektibo eta urbanoak lantzeko metodologian murgilduta dago. Elkarlanean sortutako diseinuan oinarrituta egiten du lan.

Espazioa betetzen duten aldagaiak aztertu eta jendearen parte-hartzearekin garatutako diseinuek bultzatzen dituzte neska ekintzaile hauek proiektu berriak sortzera. Ttipi Studioa sortu zuten Bilbon, erabiltzaileei lanerako espazio berriak eta diseinua uztartzen laguntzeko. 

Ko-lan. Lanerako kolektiboen eraldaketarako oinarriak artikulua argitaratu dute UEUrekin Aldiri aldizkariko 18. alean.

Nolakoa da Ttipi Studio zentruan eguneroko bizitza? Zertan datza estudioa?

Ttipi studion hiria bultzatzen dugu, dela erakunde zein komunitate arloetan, dela gizarte berrikuntzaren arloan. Prozesu eta zerbitzuak diseinatu eta aplikatzeaz gain, gure lanaren dibulgazioa ere egiten dugu.

Izaera eraldatzailea duten prozesu eta zerbitzuak diseinatu eta kudeatzen ditugu, tokian tokiko eragile, pertsona eta interesatuen parte-hartze zuzena ahalbidetuz. Hau da, behetik gorako logikatik abiatuta.

Lantokia Bilbo Zaharrean dagoen Wikitoki Elkarsorkuntzarako Laborategian dago, eta hainbat elkarte eta profesionalekin konpartitzen dugu. Lanerako espazio partekatua izateaz gain, elkarsorkuntza ardatz dituen jarduera eta ekintza irekiak antolatzeko asmoa du. Gure jarduna Wikitokiko bulegoan hasten da, baina proiektuak toki eta komunitateetara hedatzen dira ondoren.

 

“Ko-lan. Lanerako kolektiboen eraldaketarako oinarriak” artikulua argitaratu duzue Aldiri aldizkarian, UEUrekin. Zein da artikuluaren helburua?

Lehen esan bezala, Ttipin gure lanen dibulgazioa ere egiten dugu, gizarte berrikuntza bultzatzeko asmoz. Azkenaldian Ko-lan proiektuaren gainean lanean aritu gara, marko teoriko bat sortu eta bi erakundetan esperientziak jorratu ditugularik. Hortaz, Ko-lan artikuluaren helburua, gaiaren inguruan egindako hausnarketa eta esperientziaren berri ematea izan da. Hau da, lan mota hauen ondorio diren lanerako espazio kolektiboen eraldaketarako oinarriak aurkeztu, eta Oñati Innovation Lab-en garatutako esperientzia azaldu nahi izan ditugu.

Artikuluan aurkeztu bezala, Ko-lana edo elkarlanaren prozesua, lanerako espazioen fabrikazioari heltzeko prozesu parte-hartzailea da. Hala, Ttipin sortu dugun sorkuntzarako elkarlanaren metodologia honekin erabiltzaileek espazioarekiko harreman zuzenagoa eta arduratsuagoa izatea bilatzen dugu.

 

Nondik datorkizue Ko-lanean edo elkarlanean aritu behar izatearen nahia?

Ttipi Studio osatzen dugun Ane eta Maddi Getxoberpiztu! proiektuan aritu ginen elkarrekin  lehenengoz. Proiektu honek Algortako orube bat bizilagunekin eraldatzea bilatzen zuen eta guretzat, esperientzia positiboa izateaz gain, elkarsorkuntzan eta komunitateetan oinarrituko ziren proiektu berriak irudikatzeko aukera ezinhobea izan zen. Parte hartzearen bidez diseinatutako espazioak kudeatzeko, proiektu berriak sortzeko eta bultzatzeko beharra ikusi genuen.

Horrela, parte hartzea eta harremanak bizitzeko modu berriekin esperimentatzeko behar eta desiotik sortu genuen Ttipi. Eremu publiko zein pribatuan, komunitate horizontalagoak sortzea ahalbidetu ditzaketen elkarlanean oinarritutako bestelako moduekin esperimentatzeko behar eta desiotik, hain zuzen ere.

 

Azaltzen duzuenez, enpresa garaikideek lanerako espazio eta elkarlan-eredu berriak behar dituzte. Zergatik beharrizan hau?

Lanerako espazioak lan- eta antolakuntza-eredu ezberdinak jasotzeko konfiguratu egiten dira. Enpresaren jarduerak, produkzioak, antolakuntzak eta kulturak bere lantoki eta bulegoen  konfigurazio espazialean eragin zuzena daukate, hiriek edo etxe barneek beren izateko arrazoiak dituzten bezala.

Atzera begiratuz gero, urteetan zehar lan eta produkzio ereduak asko aldatu direla ikus dezakegu. Fordismoaren garaiko masa eta kate-ekoizpen garaitik, informazioan eta jakintzan oinarritutako enpresa garaikidera, enpresaren alderdi asko aldatu dira. Besteak beste, ekoizpen-eredua, antolakuntza-eredua eta partaidetza-ereduak. Egun, bereziki zerbitzu eta informazio sektoreetan, langileen jakintzan eta sorkuntzan oinarritutako sistema berriak sortzen ari dira. Enpresetan langileen arteko elkarlan-eredu berrien beharra agerikoa da. Lehen enpresen barneko lan gehiena banakakoa izaten bazen ere, gaur egun talde-lanean egiten diren proiektuak areagotzen ari dira.

Horrela, lan ereduak aldatu diren heinean, hauek jasotzen dituzten espazioak ere egokitu beharko liratekeela ikusi dugu. Lanaren giza alderdia jaso eta ahalbidetzen duten bulego-konfigurazioak halabeharrezkoak direla, alegia. Gaur egungo bulego konfigurazio gehienak ez dira elkarlana eta lankidetza bultzatzeko aproposak. Ez diete lan eredu berrien irizpideei erantzuten. Horregatik, enpresa garaikideetan langileen arteko elkarlanaren beharrari erantzungo dieten bulegoen diseinu prozesuak sustatu behar dela deritzogu.

 

Gaur egungo diseinugintzak erabiltzailearen lehentasunak helburu bihurtu behar dituela nabarmentzen duzue. Arrakasta bermatuta dauka lan egiteko modu honek?

Erabiltzailean oinarritutako diseinuak eta areago, erabiltzailea barne hartzen duen diseinu prozesuak honen beharrak modu egokiagoan asetuko dituela pentsatzea logikoa da guretzat. Lan egiteko modu honek arrakasta hurbilago daukala uste dugu, hurbilpen mota honi emaitza hobeak (diseinu egokituagoak) eskuratzeko gaitasuna aurreikusi ahal zaizkiolako.

Diseinuan tradizionalki diseinatzailearen papera adituarena izan da, gizarteari edo bezerari, soluzio perfektuak eskeintzen dizkion aditu profesionalarena. Aldiz, azken aldian, erabiltzailean zentratutako diseinua hedatzen ari da. Hots, erabiltzaile eta pertsonengan arreta jartzen duen diseinua, oinarrian, sorkuntza-prozesua erabiltzailearekin batera egitean edota erabiltzaileak berak diseinatzean datza.

Ikuspegi hau zabalegia izan daitekeen arren, guri erabiltzaile eta diseinatzailearen arteko harremanean suposatzen duen aldaketa interesatzen zaigu, harreman mota horizontalago eta aberatsagoak sortzea, alegia.Elkarlanak berak, ondorio bezala espazioa erabiliko duten pertsonen artean lotura handiagoa eta espazioarekiko identifikazioa dakar.

 

Nola laguntzen du autoeraikuntzak espazioaren bizitzan eta jasangarritasunean?

Autoeraikuntzak antzinako garaietako lan-sistema du jatorria; norbanakoek eraikinak zein altzariak ekoizten dituzten estrategia bezala aurkez daiteke. Baina lan estrategia moduan ikusteaz gain, giza praktika gisa ere uler daiteke, norbanako zein taldeek behar konkretuei erantzutea ahalbidetzen duen eraikuntza prozesu gisa, alegia.

Komunitatean sortzen den autoeraikuntzak norbanakoaren, taldearen eta espazioaren eraldaketa hirukoitza dakar.  Autoeraikuntzak espazioaren sorkuntza bera gainditzen du, pertsonak, gizabanako gisa eta talde gisa, euren burua eraikitzen doaz, euren patu komuna espazioaren eraikuntzarekin batera, modu paraleloan sortzen dute eta. Horrela, espazioaren sorkuntza ez da gai hutsala, autogestio estatusa hartzen du eta sortzailea eta sortuaren arteko harreman estua eraikitzen du.

Laburbilduz, espazioa erabiliko duten pertsonek espazio horren sorkuntzan parte hartzeak, espazioaren gaineko jabetze, mantenu egoki eta zaintza kolektiboaren bermea emango digu.

 

Artikuluaren amaieran Oñati Labeko esperientzia agertzen duzue. Diozuenez, erabiltzaileek ─ikasleek berek─ gidatutako diseinu eta produkzioa jarri zen martxan. Helburua lortu zenuten, ez?

Oñati Labeko esperientzia martxan jarri genuenean, espazioak ez zituen neurrian eta konfigurazioan ikasle eta graduaren beharrak asetzen. Banakako lana eta talde-lana modu orekatuan bermatzen ez zituenez, ikasleen artean elkarbizitza arazoak sortu ziren: erabilera-arau eza, zarata, orden arazoak, etab.

Ikasleekin batera garatutako Ko-lan partehartze prozesuari esker, momentu hartan zeuzkaten problematikei eta beharrei elkarlanean erantzuna ematea lortu genuen. Haien behar eta premiei erantzuteko gai izango zen ikaskuntza-espazio bat lortzeaz gain, prozesua, espazioaren eta haren erabileraren inguruko esperientzia pedagogikoa izan genuen helburu: pertsona eta taldeen arteko elkarlana eta erantzunkizun kolektiboa hedatu nahi baikenuen.

Bada, espazioaren konfigurazio berriak erabiltzaileen arteko harremanetan izandako emaitza ez dugu oraindik neurtu, baina jadanik, proiektuaren helburu ziren erabiltzaileen jabekuntza eta identifikazio-prozesuak garatu direla esan dezakegu.

 

Sorkuntza kolektiboari eutsiko diozue, beraz. Zuek biak, beti elkarlanean?

Bai, Ttipiren lan egiteko eran zein Ttipitik garatutako proiektuetan, elkarlanak oinarri izaten jarraituko du. Gure jardunean beste profesional edota enpresekin elkarlanean aritzea oinarrizkoa da, proiektuak hasieratik sortu eta bultzatzea, alegia. Proiektu berri hauen elkarsorkuntza eta ondorengo kudeaketa prozesuan ere, ikaskuntza eta elkar-elikatze izugarria dagoela ikusi dugu, gure hazkuntzan zein proiektuen garapenean eragin positiboa duelarik.

Jakina, hasieratik egin dugun bezala, elkarlanaren filosofia etorkizuneko proiektuetan mantentzen saiatuko gara: tokian tokiko proiektuen sorreran bertako komunitatearen partaidetza ahalbidetuz, erakunde barneko eraldaketa bat elkarlanaren bidez bultzatuz, lanerako espazioen diseinu kolektiboak sustatuz, erabakitze prozesuak planteatuz, pertsonen behar eta nahietara egokitutako zerbitzu bat diseinatuz...  

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea