Uztaro giza eta gizarte-zientzien aldizkariaren 113. zenbakia doan jaisteko moduan jarri du UEUk. Bertan, besteak beste, rockaren bilakaera aztertu du Asier Garcia Lupiola UPV/EHUko Ekonomia eta enpresa fakultateko irakasleak eta zuzenbidean doktoreak; “rockaren bilakaera nazioarteko testuinguru ekonomikoan"
Munduko ekonomiaren azkenaldiko eboluzioaren eta rockaren fenomenoaren garapenaren artean dagoen erlazioa landu duzu. Zerk eraman zaitu horretara?
Historia Ekonomikoan katedraduna zen Fermin Allendek, nazioarteko harremanak eta rocka bateratzen zituzten nire ideiak ezagutzen zituen eta proiekturen bat garatzea proposatu zidan. 2007an jardunaldi batzuk antolatu genituen eta liburu bat argitaratu genuen. Ikasleen harrera bikaina ikusita, proiektua irakaskuntzara eramatea erabaki genuen, arloak ugarituz. Horrela, 2009an Hezkuntza Berrikuntzarako Proiektu bat garatu genuen eta praktikan jarri genuen. Zoritxarrez, Fermin 2011ko martxoan zendu zen eta bertan behera utzi genuen proiektua.
Azken urteotan, irakaskuntza-metodologia aktiboak bultzatu direnean, gaia berriro lantzea erabaki nuen eta 2018/19 ikasturtean, Ekonomia Garaikidea irakasgaiaren klase praktikoetan Hirugarren Industria Iraultzaren azterketa (1945-) rockaren garapenaren azterketarekin batera egin nuen; ikasleentzat gustukoa izan daitekeen gaia (musika) egungo mundu globalizatuarekin alderatuz. Ondo prestatzeko, aurretik egindako lana gaurkotu nuen, baina ikerketa ikuspuntutik hartuta. Horrela, Unibertsitatean irakaskuntza-tresnak moldatzeari buruzko Kongresura komunikazioa bidali eta liburu baterako kapitulu bat idatzi nuen. Hortik, irakaskuntza arloa gaindituz, eta ikerketa lana garatuz, testu akademikoa prestatzea erabaki nuen eta Uztaron argitaratu dute.
Rockaren sorreran gazteek bere prestigio-sinboloak nahi zituzten, hizkuntza propio bat, eta ez zuten bere gurasoak bezalakoak izan nahi. Hori errepikatu da historian zehar?
Gazteen jarrera hori beti eman da. Kasu askotan gazteek gurasoengatik ezberdindu nahi dute, belaunaldi bakoitzak bere bizipenak eta ezaugarriak baititu. Gertatzen da ere zenbait gaztek, tokatu zaizkien bizi-baldintzak direla eta, gurasoak “gainditu” nahi dituztela.
Rockaren sorreran, AEBetan, gazteek (zuriek) bizi-baldintza onenak zituzten; eta, hala ere, protesta izaera zuen mugimendua martxan jarri zuten. American way of life horretaz gozatzen zuten, baina oso gizarte kontserbadorean. Aldi berean, zalantzazko egoera batean bizi ziren, Gerra Hotzaren eta arma nuklearren mehatxuaren pean. Gainera, arraza-segregazioaren kontrako borrokak ere askatasunaren sinbolo gisa eragin handia izan zuen. Gazteek gurasoek “normaltzat” hartzen zuten egoera hori aldatu nahi zuten.
60ko hamarkadan jarrera hori errepikatu egin zen, bereziki gerren kontra, eta munduko herrialde askotan zabaldu zen; rock mugimenduan berrikuntzak ekarriz, rock psikodelikoa eta progresiboa, hain zuzen ere. Berriro ere, 70eko eta 80ko hamarkadetan, krisiak ekarri zituen ondorioen eta erabakien kontra, hard-rock, punk eta heavy estiloak agertu ziren hurrenez hurren. 90. hamarkadan globalizazio neoliberalak ekarri zuen egoeran grunge-a sortu zen, eta abar…
American way of life nazioartekotu zen, eta rocka hedatzearekin batera, baita negozioa egiteko aukera ere...
Rocka Bigarren Mundu gerraren ostean sortu zen AEBetan, produkzio guneen suntsipenik jasan ez eta jarduera ekonomikoa suspertu zuen lehen herrialdean. Ondoren, Europako mendebaldeko herrialdetan hedatu zen, non ekonomiaren mirari kapitalistak gertatu ziren. Populazioaren eros-ahalmena asko handitu zen 50eko hamarkadan, baita gazteen artean ere. Gazteak rock idoloen kontzertuetara joaten ziren eta haien diskoak erosten zituzten. Horrela, gazteak existitzen hasi ziren ikuspuntu ekonomiko batetik begiratuta; eta aukera paregabea zabaldu zen negozia egin nahi zutenentzat. Industria diskografikoa -garai hartan, enpresari kontserbadoreen kontrolpean- indartsu hazi zen eta bere produktu nagusi bihurtu zuen rocka. Screen stars deituriko fenomenoa sortu zen: rockaren izaera inkonformistari aurre egin asmoz, rock idolo horien itxura eta musika kopiatzen zituzten (musika bai, letrak eta mezua ez ordea) abeslari eta talde ugari eskaini zituzten. Garai hartan hasi ziren marketing kanpainak erabiliz, oso produktu arrakastatsua lortu zuten, dirutza lortzeko helburuarekin. Baita lortu ere.
Gerra-garaietan, krisi garaietan, aisia eta entretenimendua ere handitu egiten dira...
Azken urteotan indartu den joera bat da, baliabide gehiago eta hobeak baitaude. 2001eko irailaren 11ko atentatuek ondorio nabarmena ekarri zuten. Nazioarteko terrorismoaren aurkako borroka eta defentsa nazionala munduko agendaren lehen postuan jarri ziren, segurtasuna giza eskubideen gainetik kokatuz. Inguratzen gaituzten arriskuek eragindako ezegonkortasun sentsazioa arintzeko eta lasaitasuna orokortzeko ezinbestekoa bilakatu dira aisia eta entretenimendua, bitarteko anitzen bidez bultzatzen direnak. Alde batetik, zineman inoiz baino ikuskizun handiagoez goza dezakegu (superheroiak, zientzia-fikzioa, efektu berezi ikusgarriak…); bestetik, inoiz baino gehiago ditugun telebista kateetan denbora pasarako gaiak jorratzen dituzten programak daude; telerrealitatea eta telezaborra barne, get-famous-fast TV showak azpimarratu behar direlarik. Musika arloan, hain zuzen ere, programa horietatik XXI. mendeko screen star ugari ateratzen dira. Hala ere, rockaren jatorrizko soinutik aldentzen diren estiloetako abeslari eta taldeak badira ere, onartu beharra dago pop komertziala, hip-hop edo dance moduko estiloetan ere protesta eta salaketa aurkitzea posible dela.
Rocka mundu kapitalistaren osagai bat dela azpimarratu nahi izan duzu. Rockak eraso egiten zion sistemari esker dela orain guztion artean ezagun
Rockaren garapena bere nazioarteko testuinguru ekonomikoan aztertzearen ondorio nagusietakoa da hori. Funtsean rocka protesta izaera duen fenomeno sozial eta kulturala da, batzuetan iraultza piztu nahi duen soinu gogorrez bideratzen dena; bestetan sentimendu sakonenak adierazten dituen musika eztiz. Fenomeno soziala izanik, bizitzea egokitu zaion garai eta gizarteko zirkunstantziek definitzen dute rocka. Zentzu horretan, gogoan izan behar dugu rocka mendebaldean sortu eta bertan hazi dela nagusiki, merkatu askearen sistema ekonomiko baten barruan; eta, hortaz, mundu kapitalistaren osagai bat da. Rockak eredu ekonomiko horren barruan eboluzionatu du, justu eredu horrek dituen kontraesanak, akatsak eta gehiegikeriak kritikatuz. Eredu horri esker rockak mugimendu masibo eta unibertsala izatea lortu du; industriaren parte delako, oso produktu errentagarria delako. Protesta eta kritika zabaltzen duten binilozko diskoak, kaseteak, CDak edo artxibo digitalak munduko edozein lekutan saltzen dira. Protesta eta salaketa inoiz ez lirateke masiboak izango diskoak (formatu ezberdinetan) saldu izan ez balira.
Copy-paste aroa bizi dugula diozu. Zerk ezaugarritzen du aro hori?
Aurreko bi erantzunetan aipatutako egoeretatik ondorioztatzen direnak. Industria diskografikoaren estrategiak zenbaki estatistikoetan oinarritzen dira, baita beraiekin guztiz lotuta dauden aisia eta entretenimendu arloetan diharduten beste batzuenak ere; telebista kateak bereziki. Funtzionatzen duen soinua (eta irudia) sustatzen da bakarrik; kontutan izanik funtzionatzen duena asko kontsumitzen dena dela. Estilo komertzialenetan argi eta garbi nabaritzen da: herritarren, eta bereziki gazteen, entretenimendua indartzeko asmoz, bakarlari eta talde ugarik irratietan eta Interneten bultzada izugarria dute; oso berdintsuak diren soinu eta letrekin, berehalako arrakasta izugarri zein laburra lortuz; izar (produktu) berriei lekua utzi behar baitzaie. Estrategia hauek haurrekin hasten dira, haientzako telebista programa bereziak antolatuz, non nerabeak direnean izango dituzten musika izarrak ezagutuko dituzten.
Zer nabarmendu nahiko zenuke?
Rockak hamaika estilo eta genero batzen ditu: soinu gogorrak (hard-rock, heavy, trash-metal), jatorrizko rock soinutik aldentzen direnak (rap, hip-hop), soinu komertzialak (pop, funk, dance), eta abar. Ernesto Assante musika arloko kazetariaren esanetan, gaur egun ez da rock bakar bat existitzen, rock anitzak baizik; elkarrekin topo egin eta elkarrekin nahasten direnak, gurutzatzen diren gazte-hizkuntzak eta soinu zaharrak, desagertu baino indarberrituta itzultzen direnak. Gure gizarte kontsumistan, copy-paste aro honetan eta XXI. mendeko screen star ugarien ondoan, rocka osatzen duten estilo ezberdin horietan protesta-mugimendu inkonformistak dirau. Julian Ruiz kazetari eta produktore musikalaren esanetan, rock musikariak ez dira ideia kontserbadoreekin elikatzen, aitzitik, aurrera egiteko bokazioa eta gauzak hobetzearen aldeko sentimendu anarkikoa erakusten dituzte.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio