Berriak

Asier Larrinaga : “Euskara batua plazarako ere bada, ez eskolarako bakarrik”

“Euskara kolokialaren eskuliburua” argitaratu berri du Asier Larrinaga Larrazabalek UEUrekin, euskara kolokialaren lehen eskuliburua. EITBko Euskara Zerbitzuaren burua da Larrinaga eta bertako sortzaileen beharrizanetan pentsatuta badago ere, beste arlo batzuetako sortzaileentzat zein irakaskuntzan ari direnentzat ere erabilgarria izan daiteke lan hau.

 

Zertaz ari gara hizkera kolokialaz ari garenean?
Hizkera kolokiala konfiantzazko solaskideekin ari garenean erabiltzen dugun hizkera da. Beste modu batera esanda, lagunekin, ikaskideekin, senideekin edo lankideekin hitz egiten dugunean, hizkera kolokiala erabiltzen dugu.

Hizkera kolokiala formalaren beste muturrean dago. Horrek esan nahi du hizkera formala konfiantzarik ez dugun solaskideekin erabiltzen dugula; esate baterako, medikuarekin, epaiketa batean akusatzen gaituen fiskalarekin, unibertsitateko matrikula egin behar digun idazkariarekin eta abar.

Argigarria izan daiteke adibide bat. Euskaraz, "egun on" esanez agurtu dezakegu jendea, goazen lekura goazela. Alde horretatik, egun on neutroa da, ez formala, ez kolokiala. Esapide formalago bat erabili nahi izanez gero, bankuko zuzendaria agurtzeko, egun on dizula daukagu aukeran. Lagunak tabernan agurtzeko, esapide kolokialagoak ere badaude: "iep", "zer berri?" eta beste.

Mito asko daudela diozu euskara kolokialaren inguruan. Zeintzuk dira?
Une honetan, belaunaldi gazteetan batez ere, hutsune handia dago euskara kolokialaren ezagutzan. Azken hamarkadetan, hiztun asko eta asko ikastetxean euskaldundu dira, eta, horrenbestez, euskara formala ezagutu dute nagusiki; alegia, liburuetakoa, matematikaz edo natur zientziez aritzekoa. Askoz ere gutxiago landu dute kaleko euskara, eta horrek ekarri du lagunartean euskaraz txarrago egokitzea eta gaztelaniara igarotzea.

Hor arazo bat dago, baina hiztunena da arazoa, ez hizkuntzarena. Ez da pentsatu behar aisialdian edo giro informaletan ez dagoela euskaraz moldatzerik. Hiztun askok, ordea, horixe sentitzen dute, euskaraz ez dela erregistro kolokialik existitzen, eta euskara klaserako baino ez dela. Mito suntsigarria da hori, eta gainditu egin behar da. Horretarako, euskararen baliabide kolokialak hiztun berrien esku jartzeko moduak aurkitu eta landu behar dira.

Beste hiztun askok, berriz, etxean edo kalean ikasitako herri-euskararekin ez dute arazorik erregistro informalean, eta, formalean, ondo moldatzen dira eskolan ikasitako euskara batuarekin, baina euskara biak hizkuntza ezberdintzat dauzkate. Beste hiztunok uste dute batua ez dela kalerako euskara, areago, euskara batu kolokiala ezinezko gauza bat dela. Hori beste mito suntsigarri bat da, Euskara kolokialaren eskuliburua-ren bidez gezurtatzen ahalegindu naizena.

«Euskara, baturik gabe, eskolan euskaldundu diren gazteak kalean mutu uzteko mozal bat izango litzateke» diozu...
Hori diodanean, gorago aipaturiko bigarren mitoaz ari naiz. Hezkuntza sistemak euskaldundu dituen hiztunek euskara batua dute, eta batu horrekin irten daitezke euskararen plazara. Izan ere, euskara batua plazarako ere bada, ez eskolarako bakarrik. Euskara batu kolokiala errealitate bat da, eskuliburuan erakusten dudanez; eta hiztunari behar dituen hizkuntza-tresnak eskaintzen dizkio adierazkortasunean, bizitasunean eta grazian beste edozein euskaldunen parean jartzeko. Euskara batua hizketa akademikoaren mugen barruan konfinatuta egongo balitz, ordea, hiztun asko erabilera-eremu formaletara konfinatuta egongo lirateke, eta kalean, mutu.

Batua, beraz, erregistro ezberdinetara irekita dagoen euskara da, eta horrez gainera, beste euskara guztien arteko zubiarena egiten du. Kolokialtasunari gagozkiola, horrek esan nahi du eskuliburuan bildutako ezaugarri, hitz eta esapide gehienak euskalkietan sortu direla eta batuak bere egin dituela lagunarteko erregistrorako. Berdin-berdin, eskuliburuko ezaugarri, hitz eta esapideak edonork har ditzake norberaren euskalkira eramateko.

Zati bi ditu liburuak. HIKEA datu basea du oinarri liburuaren bigarren zatiak. Zer da HIKEA datu-basea?
HIKEA EITBren datu-base lexiko-terminologikoa da, 2006an sortua. Hiztegi elektroniko bat da, labur esanda. Ordura arte, Wordeko dokumentuetan gordetzen genituen albistegietan, bikoizketan eta programetan sortzen ziren hiztegi-zalantzei ematen genizkien erantzun eta konponbideak; baina dokumentuok kudeatzea gero eta zailago bihurtu zen. Azkenean, EITBko Sistema Sailekoei datu-base bat eta berori kontsultatzeko aplikazio bat sortzea eskatu genien 2005ean; eta, hurrengo urterako, abian zen.

HIKEAko hitz (sarrera) bakoitzaren fitxan, euskarako forma, gaztelaniakoa —inoiz, ingelesekoa eta frantsesekoa ere bai—, definizioa, adibideak eta bestelako xehetasunak daude. HIKEAn, sarrerak gaika antolatuta dauzkagu, eta gai horietako bat hizkera kolokiala da. Hain esparru zabala izanda, azpigaiak ere bereizi ditugu; esate baterako, alkohola eta droga, sexua, errefrauak...

Euskara kolokialaren eskuliburua-ren bigarren zatia HIKEAko fitxekin osatu dugu. Hiztegi bat da, beraz, baina hiztegi berezia, zeren kontsultatzen dugun berbaren ordain kolokialak eskaintzen baititu. "Azkar" begiratzen badugu, adibidez, herio batean, ziztu bizian, hanka soinu batean, popadan eta besteren batzuk aurkituko ditugu; eta atuna baino azkarrago, txioa baino arinago eta beste konparazioren batzuk, lagunarteko hizketan erabilgarriak. Hiztegiaren atal hau adibide ugariz hornituta dago.

Eskuliburuaren lehen zatiak ere adibide ugari ditu, baina teorikoagoa da, nolabait esatearren. Hizkera kolokiala zer den azaltzen da zehatz-mehatz, eta euskara kolokialaren ezaugarrien gainbegiratu osoa egiten da.

Nori zuzendutako eskuliburua da?
Funtsean, Euskara kolokialaren eskuliburua EITBko sortzaileen beharrizanetan pentsatuta dago; hau da, ikus-entzunezkoen gidoilariei eta itzultzaileei zuzenduta dago. Zalantza barik, beste arlo batzuetako sortzaileei ere baliagarri izango zaie; esate baterako, idazleei, komikigileei eta antzerkigileei. Sorkuntzaren arlotik kanpo, irakaskuntzan ari direnentzat ere erabilgarria izan daiteke.

Hortik aurrera, hizkuntzan eta euskaran interesa duen edonork irakur dezake. Ez da liburu espezializatu bat, dibulgatiboa baizik, eta, aldi berean, kontsulta-lan bat ere bada.

Zein da azken helburua?
Azken hamarkadetan, era guztietako liburu eta materialak sortu dira euskaraz eta euskarari buruz, baina hutsune nabarmen bat zegoen, euskara kolokialarena. Baziren artikuluren batzuk lagunarteko edo gazteen arteko euskararen ezaugarri jakinen bat aztertzen zutenak, baina euskara kolokialaren deskribapen oso bat falta zen. Eskuliburu honen helburu nagusia hutsune hori betetzea da.

Aldi berean, eskuliburua baliagarria izatea da bigarren helburua, kontsultatzen duten erabiltzaileei laguntza ematea. Alde batetik, baliabideak eskaini nahi dizkiegu euskaraz lagunarteko hizketak landu behar dituzten gidoilari, itzultzaile, idazle eta gainerakoei; hizkuntza-tresnak jarri nahi ditugu sortzaileen esku.

Beste alde batetik, irakaskuntzan pentsatuta, erreferentzia-materiala eskaini nahi diegu euskaltegi, ikastola zein institutuetan euskara lantzeko ariketak prestatu behar dituzten irakasleei. Irakasleon ardura da, hein handi batean, euskara kolokialaren baliabideak hiztun berrien esku jartzea —gorago erabili ditudan hitzak errepikatuz—, eta eskuliburu honetan helduleku bat aurki dezakete.

Eskuliburu hau erabiltzeko ez dago gaztelaniarik edo frantsesik jakin beharrik, ezta ingelesik ere...
Euskara kolokialaren eskuliburua euskaraz, euskaratik eta euskararako eginda dago, baita hiztegiari dagokion zatia ere. Beraz, kontsultak euskaratik abiatzen dira, eta ez dago gaztelania, frantsesa edo ingelesa jakin beharrik.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea