Berriak

Ekain Rojo Labaien: “Futbolak nazio nortasunak gorpuzteko eta agertu ahal izateko lehentasunezko eremua izaten jarraitzen du”

Ekain Rojo Labaien ikertzaile donostiarrak, Ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak amaitu eta ondorengo bi urteetan, Euskal Herria XXI doktorego programari ekin zion. Horrez gain, Berria egunkarian kazetari gisara ere aritu zen lanean Eusko Jaurlaritzaren doktorego aurreko beka eskuratu zuen arte, eta orduantxe abiatu zuen bere ikerketa ibilbidea: “Futbola eta hedabideak bikoa nazio nortasunen joko zelai garaikidea: XIX.mendetik XXI. menderako aingura” doktorego tesia idatzi zuen. Hainbat zientzia artikulu argitaratu ditu, hainbat nazioarteko konferentziatan parte hartu du, eta bizpahiru atzerriko egonaldi ere egin ditu; gaur egun, Azerbaijanen dago, 2015ean Baku hiriburuan antolatu zituzten Europako Jokoei buruzko ikerketa lanean. NOR ikerketa taldeko kidearekin solas egin dugu Uztaron argitaratu berri duen artikulua dela eta.

Ekain Rojo Labaien

"Euskal nazio garaikidearen azterketa futbol-ekitaldiaren bitartez" artikulua argitaratu berri duzu Uztaro aldizkarian. Nola da posible futbola erabiltzea euskal nazioaren gaur egungo bidegurutzea aztertzeko tresna modura?

Funtsean euskal nortasun modernoa, Industria Iraultza berantiarraren garaian, eta nazionalismoaren bitartez gorpuztu zena, futbol ekitaldiaren garaikidea izan da. Hirurak ere garai beraren ekoizkinak dira, eta ez da zorizkoa hiruek elkarreragin handia izan dutela. Industria Iraultzak bultzatu zuen nazionalismoaren sorrera, eta futbolaren gizarte ekitaldi izaera, nazio atxikipenen ordezkaritzazkoa, testuinguru berean jazo zen. Halaber, ez diot nik soilik, kirolaren bidez Espainiako eta Euskal Herriko eboluzio politikoa aztertu duten beste ikertzaileek diote, futbol ekitaldia euskal nazioaz eta Espainiaren bidegurutze politikoaz ikertzeko lanabes oparoa dela. Lehen Mundu Gerraren ondorenetik hasi, hau da, futbola eta euskal nazionalismoa erabat gizarteratu ziren arotik hasi, 36ko gerratik igaro, diktadura hamarkaden garaitik pasa, eta gaur eguneko bidegurutzezko egoeraraino.

Euskal nazio-nortasuna eta futbol-ekitaldia elkar hartuta joan dira 1920ko hamarkadaz geroztik eta, diozunez, XXI. mendearen hasieran, nazionalismoek eta futbol-ekitaldiek aldibereko loraldia izan dute. Zer dela eta gertatu da hori?

Globalizazioaren hazkundea dela eta, eta horri lotzen zaion ziurgabetasunezko aroagatik, norbanakoak nazio nortasunak eskaintzen dion ziurtasunezko ainguraren behar are eta handiagoa du. Ildo horretan, nahiz eta futbolak ekonomiazko, gizarteko, eta beste hainbat funtsezko alorretan eragiten duen, nazio nortasunak gorpuzteko eta agertu ahal izateko lehentasunezko eremua izaten jarraitzen du. Inondik ere, nazioarteko ekitaldi handien hedabideen bidezko jarraipenean hautematen da hori bereziki. Izan ere, nazio auziaren garrantzia kirolean are eta gehiago nabarmendu, orduan eta handiagoak dira telebista kateen emanaldien audientziak. Esan gabe doa gainera, hori are eta ikusgarriagoa dela, aintzat hartzen badugu, osterantzean gaur egungo telebistaren izaera ikus-entzuleriaren sakabanaketak ezaugarritzen duela. Gainera, nabarmenki, emakumezko eta gizonezkoen jarraipena, hala nola, nahikoa antzerakoa izan ohi da nazio ordezkaritzen arteko partidak edo norgehiagokak gertatzen direnean. Horrek hein handi batean adieraziko luke, nazio nortasunaren ardatza jokoan dagoenean, futbolaren jarraipenaren ohiko sexuen arteko bereizketa – gizonek gehiago ikustea – apaldu egiten dela, eta nazio auziarena lehenetsi.

Zeintzuk dira XXI. mendean futbolari eta nazio-nortasunei uztartutako gertaera nagusiak?

Mundu mailan, amaiezina zatekeen guztiak aipatzea, baina gure hurbilean hauek azaltzea ezinbestekoa da: alde batetik, Frantzian, XXI. mendearen atarian 1998ko bertako Munduko Kopan lortutako garaipenak, eta neurri murritzagoan 2002ko Europako Kopan eskuratu zuenak, herrialde horretan Bigarren Mundu Gerra osteko nazio batasunezko adierazpen handiena sorrarazi zuena. Bestalde, Espainian, 2008tik 2012rako nazio selekzioaren bi Europako Kopako garaipenek eta Munduko Koparenak are tamaina handiagoko gizarte eragina eduki zuten. Frankismo osteko Espainiar nazionalismo adierazpen jendetsuena gertatu zen, eta esangura handienekoa da belaunaldi gazteek baikortasunez nazioaren sinboloak, bandera kasu, bere egin zituztela orduan. Frantzian nahiz Espainian nazioaren erregenerazio sinbolikoa gertatu zen futbol garaipenaren eskutik, inondik gutxietsi ezina dena. Horrek ez du esan nahi noski, bi estatu horietako gizarte gatazkak eta nazio auziak itzali zirenik. Izan ere, batean zein bestean handik gutxira agertu ziren. Horrela, Euskal Herriari gagozkiolarik, nazio nortasunei lotutako gertaera adierazgarrienak dira, Espainiako Errege Koparen 2009ko, 2012ko eta 2015ko finaletan, Athleticeko eta Bartzelonako zaleek Espainiako erregetzari eta ereserkiari, bi sinbolo nagusiri, egindako txistuak, eta horrek sortutako estatu mailako eztabaida politikoak. Bestalde, euskal nazio selekzioaren barruko ezbaiak ere nabarmentzekoak dira, euskal nazioaren barne berezko auziez dihardutelako.

Har dezagun, bada, euskal selekzioa hizpide: haren ezintasuna euskal nazioaren egoera konplexuaren adierazgarria al da?

Erabat. Zalantzarik gabe. Alde batetik, berezko estatua ez izatearen gabeziatik eratortzen da. Esan nahi baita, euskal selekzioak nazioarteko lehiaketa handietan lehiatu ezina berezko estatua ez izatearekin lotuta dagoela, aski jakina den moduan, eta horrek euskal selekzioaren eragingarritasuna murrizten duela. Bestalde, euskal nazio taldeak euskal nazioaren barne egoera konplexua adierazten du. Deituratik hasita, nazioa ordezkatuko duten sinboloetatik igaro eta lurraldetasuneraino, futboleko ekitaldiak estaturik gabeko gizartearen gutxieneko batasun eza azaltzen du. Izan ere, inondik ere, euskal abertzale direnen arteko adostasun eza ere agerrarazi dute berriki euskal nazio taldearen baitako ezbaiek. Hori dela eta, Euskal Herria eta Euskadi deituren arteko auzia saihesteko, Euskal Selekzioa izen deitura aseptikoa hobetsi da futbol nazio selekziorako. Izendapen horien eztabaidatik eratortzen dira nazio lurraldetasunaren inguruko askatu gabeko eztabaidak.

"Futbolak nazioarteko ekitaldietan estatu-nazioen ikurrak bateratzen eta zilegitzen lagundu ohi du, eta sinbolo horiek nazioarekin atxikimendua ziurtatzeko eragin handikoak dira", hala diozu. Baina, guk, oraindik, ez dugu estaturik; beraz, zer onura ekar dakigu futbolak?

Hori da hain zuzen ere gaur egungo euskal selekzioaren muga nagusiena. Nazioarteko lehiaketa handietako nazio ordezkaritzen arteko erkaketetan parte hartu ezin duenez gero, ez daukala euskal sinboloak zilegitzeko eta bateratzeko ahalmen handiegirik. Izan ere, norbanako nortasunen modu berean, nazio nortasunak besteekiko alderaketan indartzen dira, eta adiskidantzazko partidek ez dute nazioarteko txapelketen norgehiagokazko adur hori inondik inora. Nolanahi ere, hein handian, futbolak euskal nazioari eman dion onura handiena da bere berezko nortasuna defendatu eta aldarrikatzekoa, kluben mailan, eta Espainiako estatu lurraldetasuna irudikatzen duen txapelketaren testuinguruan. Oroz gain, euskal komunitatea ordezkatzeko, eta bere berezitasuna nabarmentzeko, euskal jokalariak lehenesteko politika bereziaz egin du hori euskal komunitateak. Alabaina, esan bezala, euskal identitatearen aldarrikapenetik eta defentsatik harago, euskal nazioak ezinezkoa du futbolaren bitartez funtsezkoak diren ikurrak gizarteratu eta nazioa sinbolikoki egituratzea.

Horrenbestez, gerta daiteke, XXI. mendeko ekimen anitzen harira, Pirinioen bi aldeetako euskal lurraldeak hurbiltzeko gailua izatea futbola eta errugbia? Nolatan?

Alderdi honetan nabarmendu beharra dago XX. mendearen lehen laurdenean, futbolak eta errugbiak mugaren bi aldeetako euskal lurraldeen arteko banaketa sinbolikoa handiagotu egin zutela. Hegoaldeko industria gunean euskal nazionalismoa indarrean ezarri zen, eta baita Industria Iraultzak berarekin ekarritako futbol ekitaldia ere, euskal identitatearen lehenetsitako adierazpen gisara. Ipar Euskal herrian, ordea, industria ekimenik ezean, euskal nazionalismoak ez zuen indarrik hartu, eta turismo gune goiztiarra izaki, udatiar aberatsek goi klaseekin uztartua zen errugbia gizarteratu zuten. Bidenabar, Iparraldeko euskal ordezkaritzaren adierazbidea bihurtu zen errugbia Frantziaren baitan. Dena dela, nabarmendu beharra dago XXI. mendean Ipar Euskal Herriko errugbi talde boteretsuenek Donostian jokatutako Frantziako eta Europako txapelketetako partiden joera, maila batean edo bestean mugaz gaindiko gizarte ezagutza eta harremanak sustatu dituena. Izan ere, Lapurdiko taldeen milaka zale bertaratu izan dira urteotan Donostiara, eta gipuzkoarrekin elkarrekiko ezagutza handiagoa lortu dute. Euskal Herria Kirola ekimenak 2012an Euskal Herriko Kopa antolatu zuen, eta Donostiako finalean Baionako Avironek eta Biarritzeko BOk jokatu zuten elkarrekin. Ildo berean jarraituz, Baionako Avironek Hegoaldeko Euskal Errugbi federazioarekin, besteak beste, Euskal Herriaren identitate partekatua sustatzeko ekimena adostu zuen 2014ean. Bestalde, Donostiako Realak, futbolean, Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen jaiari sostengua emateko ekimenen gisakoak bideratu izan ditu azkenaldian. Orotara, estatu mugaren bi aldeetako euskal lurraldeen elkarrekiko ezagutza handitu dute kirol ekitaldiek, eta horrenbestez, gizarte hurbiltzea ahalbidetu dute. Ikusteke eta ikertzeke dagoena da, ukaezina den bilakaera horrek izango duen gizarte helmena.

Euskal Herrian jokatutako lehen futbol partida 1894ko maiatzeko da, hala diote behintzat garaiko egunkarietan. Hedabideak ere garrantzitsuak izango dira, bada, zure ikerketan, ezta?

Bai, arrazoi duzu. Futbolak gizarte eragina baldin badu, hedabideei zor die bere izatea, eta neurri berean hainbat hedabidek futbolari eskertu behar diote bere gizarteratzea. Futbolaz adina, hedabideek bitartekotutako futbolaz mintzo ahal gara hainbatetan. Areago, futbolari buruz zehazki mintzatzean, geroz eta handiagoa da hedabideen garrantzia, Espainiari eta bertako liga txapelketari dagokionean. Handizkako telebista eskubideen merkatuan hedabide multzo handiek eragindako diru iturri handien eraginez, futbol partiden ordutegiak beren negozio apetaren arabera jartzeko ahalmen guztizkoa daukate, horrek futbol harmailetara doan jendea hein handian murrizten badu ere. Nolanahi ere, hedabideen nahiz bestelako ekimenen ekonomia interesek ez dute, oraindik orain, futbol ekitaldiaren sortzezko talde eta nazio nortasunen ordezkaritzazko ahalmena ahuldu.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea