Berriak

Galder Sierra: “Hegemonia eta populismoa prozesu berberaren bi alde dira”

Labetik atera berri du UEUk Galder Sierra Zapirainen “Jendarte aldarrikatzen den Herria” liburua. Bere doktore-tesiaren zati baten egokitzapena da lan hau eta errealitate politiko eta soziala interpretatzeko betaurreko teoriko batzuk eskaintzea da helburua.

 

Momentu batera arte indarrean egon den mundu-ikuskerak balioa galdu eta berri baten beharra agerikoa egiten den une politikoan jarri nahi izan duzu arreta. Zer aztertzeko?
Azken garaiotan hainbatetan entzuten ari gara “azelerazio” edo “bizkortze” fase batean bizi garela; badaudela mendeak “ezer” gertatzen ez dela diruditenak; eta, aldiz, badaudela gizateria aldatzen duten hilabeteak. Itxuraz, egun gertuago gaude bigarren horretatik lehenengotik baino. Azken urteotan hainbat krisien garrantzia mahai gaineratu zaigu (klimatikoa, migrazio prozesuei lotutakoa, genero rolen ingurukoa, ...) eta momentu honetan pandemiak eragindakoa gehitu behar diogu. Krisi hauek ziurgabetasun sentsazioa areagotu dute jendartean; orain arte oin-azpian genuen munduak dar-dar egin eta arrakalak irekitzen ari zaizkiola iruditzen zaigu. Bilakaera honek eragina du bizitzaren eremu ezberdinetan; baita jendartearen antolaketan eta botere politikoaren artikulazioan ere. Azken bi hauen gainean jarri nahi izan dut arreta.

Hegemoniaz ari zara liburuan, baina zer dago hegemoniaren kontzeptuaren atzean?
Hegemoniaren kontzeptua aspaldikoa da (Sobietar Iraultzan erabilitako gegemoniyan kokatzen dute bere jatorria hainbat autorek) eta adiera oso ezberdinak izan ditzake (ekonomikoa, militarra, instituzionala, ...). Lan honetan bere esanahi kultural edo politikoan zentratu gara; horren egiletasuna Antonio Gramsciri egotzi izan zaiolarik. Hegemoniaz ari garenean, funtsean, arestian aipatutako mundu-ikuskerez ari gara; talde sozial zehatz batean (koadrilatik hasita, nazio-estatu handietara) nagusitzen den ikuskeraz, hain zuzen. Zentzu horretan, talde horretan normaltzat hartzen dena hegemonikoa izango dela esan dezakegu. Ikuskera horiek zenbat eta hedatuagoak egon eta indartsuagoak izan, orduan eta boteretsuagoak izango dira; eta hor sartzen dira jokoan Zientzia Politikoak, boterea bere ikerketa-gai kuttuna den heinean. Gure ingurunea interpretatzeko prozesu horretan parte hartzen duten mekanismoak arakatu nahi izan ditugu; beti ere, prozesu horren izaera liskartsua bistatik galdu gabe.

Populismoaren kontzeptuaren azterketa ere egin duzu, baina talde baten batasuna eratzeko bide bezala. Zergatik?
Populismoa laidotutako kategoria bihurtu da azken urteetan; hegemonia, aldiz, desio eta miretsitakoa. Manikeismoetatik aldenduz, prozesu berberaren bi aldeez ari garela esan daiteke. Hitzaren etimologiari erreparatzen badiogu, berehalakoan ohartu gara populus edo jendarte horren esanguraz. Funtsean populismoak populus horren eraikuntzaz dihardu. Prozesu honek gizateriaren historia zeharkatu du, etenik izan ez duen soka bihurtuz. Antzinako Erroman talde plebeioek (plebs-ak edo herritar xeheek) beraien burua eskubide osoko hiritar edo populus bezala aldarrikatzen zuten, nagusi ziren patrizioen aurrean. Funtsean, jendartearen berrantolaketa horren oinarrian ikuspegi aldaketa bat dagoela esan daiteke. Egun, gorago aipatutako krisiak tarteko, politikaren eginkizun nagusietako bat jendarteari gutxieneko bateratasuna emango dioten mundu-ikuskera berriak eskaintzean datza. Alde horretatik, bere egiteko behinenetakoa herria egitea edo populista izatea dela esan dezakegu. Aldiz, kontutan izan behar dugu jendartearen erabateko “batasun” edo barne-adiskidetze hori utopikoa izango dela jendartean bertan ikuskera ezberdinak lehian egongo diren neurrian (jendartea demokratikoa izango bada, behintzat). Zentzu horretan, populismoa ezinezkoa baina ezinbestekoa den prozesua bezala irudikatu beharko genuke.

Akademiak funtzio sozialik badu, jendartean presente dauden eztabaidagai eta aferei heltzeko tresnak eskaintzeko izango dela” diozu...
Oraindik orain akademia “intelektualen Olinpo” bezala irudikatzeko tendentziak agerikoak dira; eta ziur aski akademiaren eremu batzuetan elikatutako ohiturak ez dira izan joera horiek apurtzeko oso lagungarriak. Gure ingurune hurbilari erreparatuta, azken urteetan akademia eta bestelako eremu sozialen arteko erresistentziak eta inertziak apurtzeko saiakera ematen ari dela esango nuke. Zentzu horretan, akademiak jendarteari egin diezaiokeen dohaintza handiena bere ekarpen intelektuala giza-sektore horien eskuetan uztea litzateke, elitismo edo abangoardismorako tentaldiak ekidinez.

Eguneroko eztabaidagai politiko eta sozialak bigarren maila batean gelditu eta hor agertu zaigu «beltxarga beltza»...
Beltxarga beltza” ren metafora Nassim Taleb filosofo libanoarrak egin zuen ezagun duela urte batzuk; gure bizitza aldatzen duten ustekabeko edota aurre-ikusezinezko fenomenoei erreferentzia egiteko. Esan gabe doa, definizioak bete-betean deskribatzen dituela azken hilabeteetan bizi dugun osasun-krisiaren nondik norakoak. Irudi lezake gertaera honek duela gutxira arte eskuartean genituen eztabaida sozial eta politikoak “txiki” utzi dituela ezagutzen ari garen tragediaren aurrean. Era berean, teoria sozial eta politiko klasikoek bitarteko gutxi erakutsi dituzte fenomeno honen balizko ondorioen gaineko azalpen borobil bat emateko. Egoera horren berria denez, orain arteko bitarteko intelektualak ere kamustu zaizkigula eman dezake. Aldiz, honek sortutako hainbat ondorioei arretaz erreparatzen badiegu, eztabaidagai klasikoen argitan erraz irakurri ahal izango ditugu. Askatasuna eta berdintasuna; norberaren eskubideak eta ongizate komuna; indibidualismoa eta kolektibismoa; egoera berri honetan, inoiz baino indarberrituagoak agertzen zaizkigun betiereko dilemak dira; eta politikagintzak horien gaineko argi-izpiak zabaltzearen eginkizuna bere-berezkoa izango du.

Zein da liburuaren azken helburua?
Azken urteotan mila bider entzun dugu hegemoniaz eta populismoaz hitz egiten, baina euskaraz egindako lan sistematikoak gutxi izan dira. Liburu hau nire doktore-tesiaren zati baten egokitzapena da. Asmoa bi kontzeptu horien ibilbide teorikoan eta esanahian sakontzea izan da. Zentzu horretan, liburuak izaera akademikotik badu, baina zentzu dibulgatzailean garatuta dago, interesa duen edonorentzat edo gaian sakondu nahi duenarentzat erabilgarria izateko. Genero aldetik, autore ezberdinek (Gramsci, Laclau, Mouffe, Zizek, ...) gaiaren inguruan landutakoaren sintesi lanetik gertuago legoke, saiakeratik baino. Funtsean, helburua errealitate politiko eta soziala interpretatzeko betaurreko teoriko batzuk eskaintzea izan da, ondorenean norberaren begiradaren baitan utziz ingurunea irakurtzeko eginkizuna.

 

 

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea