Martxoaren 14an jaso zuen Gidor Bilbao Telletxeak (Bermeo, 1965) Jokin Apalategi Begiristainen lekukoa. Hainbat urtez Uztaro giza eta gizarte-zientzietako aldizkariko erredakzio kontseiluan izan ondoren, zuzendari ardura izango du hemendik aurrera. Ilusiorik eta lanerako gogorik ez zaio falta.
Jokin Apalategik aipatutako belaunaldi berria ordezkatzen duzu, baina gazte sartu zinen Uztaroko erredakzio kontseiluan. Zenbat urte? Zenbat bizipen?
1995ean hasi nintzen Uztaro-n, duela 22 urte, artean 30 urte nituela. Niretzat goi-eskola izan da Uztaro, UEU bezala. Beste jakintza-alor batzuetako ikertzaile eta irakasleekin esperientziak konpartitzeko aukera eskaini dit, eta talaia pribilegiatua izan da euskal komunitate zientifikoaren eboluzioa ikusteko.
Gidor legez zer duzu batez ere gogoan?
Ilusio handiarekin eta akaso nostalgia apurtxo batekin gogoratzen ditut lehenengo urteetako uztaileko zenbakiak. Lehenengo urteetan (1995etik 2004ra) hizkuntza- eta estilo-orrazketaren ardura hartu nuen aldizkarian, eta uztaileko zenbakiaren orrazketa Iruñean amaitzen genuen Nekanek [Nekane Intxaurtzak] eta biok. Neguko zenbakietan Bilboko bulegora joaten nintzen, edo Nekaneren Dimako etxera. Lan profesionala eta borondatezko militantziaren arteko muga inon baino lausoago aurkitu dut Uztaro-n.
Nola hartu duzu zuzendari izateko erreleboa?
Opari moduan hartu dut. Ni bezala beste batzuk ere izan zitezkeen zuzendari hurrengo urteetan, baina niri proposatu zidaten erredakzio-kontseiluko lagunek eta UEUko zuzendaritzak; eta aho batez proposatzen dutela ikusteak sekulako ilusioa egin zidan, azken urteetako lana nolabait saritzeko bidea ikusten zutela ulertu nuelako.
Nola ikusten duzu zuk Uztaro?
Uztaro-k urte zailak ere igaro ditu, baina orain une gozoan bizi da. Urterik zailenetan (diru-arazoak, artikuluak justu-justu…) UEUren sostengua aurkitu du beti, eta orain une onean dago, besteak beste, Uztaro-n etxeko lanak ondo egin direlako; nire ustez, momentu egokian erabaki genuen aldizkari zientifikoetan ohikoa den artikuluen ebaluazio-prozedura formala abiaraztea (parekoen arteko ebaluazio itsua esaten zaio), eta gaur egun aldizkariak prestigiotxo bat irabazi du komunitate zientifikoan; ondorioz, gaur egun itxaron-zerrenda daukagu aldizkarian argitaratzeko.
Eta giza eta gizarte zientzien inguruko ikerketa?
Uztaro-ren 100 zenbakiak berrikusten dituenak eboluzio nabarmena aurkituko du, kalitatean eta kopuruan onera egin baitugu. Baina aitortu behar da unibertsitateetan duela 27 urte zenbat irakasle euskaldun zegoen eta gaur zenbat garen aztertzen badugu, eboluzioa are handiagoa izan beharko litzatekeela, behintzat kopuruetan.
Zuzendari legez, hemendik aurrera zerk izan beharko luke lehentasuna zure ustez?
Ez dut uste Uztaro-k eraldaketa handirik behar duenik. Ondo egin duguna ondo egiten segitu behar dugu, eta adi izan munduko aldizkari zientifikoetan zer gertatzen den jakin eta guk ere, geure tamainan, olatu onak garaiz hartzeko.
Beste ezer azpimarratu nahiko zenuke?
Uztaro aldizkari zientifikoa da eta argitaratzen ditugun lan guztiak ez dira mundu guztiak irakurtzeko eta gozatzeko modukoak, batzuetan espezializazio maila handia dagoelako. Baina zenbaki guztietan izaten da publiko zabalarentzat ere interesgarri den artikuluren bat edo beste. Gure webgunera sartzeko gonbitea luzatuko nieke irakurleei. uztaro.eus webgunean dagoeneko osorik irakur daitezke 0-96 zenbakiak. Gainera, 100. zenbakiaren ospakizunak direla eta, Nekanek [Nekane Intxaurtzak] sekulako lana egin du, lan-orduetan eta lan-orduetatik kanpo, “Bilaketa aurreratua” txukuntzeko, artikulu guztiak izenburuaren, egilearen nahiz jakintza-alorraren arabera bilatu ahal izan daitezen. Irakurri gura duenak, badu non bilatu.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio