Anartz Ormaza Aldiri aldizkariaren azken zenbakiaren arduraduna izan da Inhar Agirrezabalekin batera. Lanbidez arkitektua da, argazkilari pasioz, eta bere bulegoa izateaz aparte, UEUko arkitektura sailburua ere bada. Horretaz gain, euskal dantzen irakaslea da Deustuko Unibertsitatean eta umeentzako arkitektura tailerrak ematen ditu Bilboko Guggenheim museoan.
Zergatik aukeratu duzue gai hau?
Joan den urteko udako ikastaroetarako, UEUko Arkitektura Sailetik, auto.eraikuntzari buruzko ikastaro bat proposatu genuen, aurreko bi urteetan egindako Bio-eraikuntzari buruzko ikastaroei jarraipen moduan.
Azkenean ikastaroa ez zen irten, baina pentsatu genuen ikastaroan jorratu behar ziren edukiak eta ikuspuntu ezberdinak Aldiriko ale baten batzea oso interesgarria izango litzatekeela, berriro proposatuko baitugu aurtengo ikastaroetarako.
Zer topatuko dugu ale honetan?
Ale honetan auto-eraikuntzaren gaira hurbiltzeko modu ezberdinak aurkituko ditugu, baita honen inguruko ikuspuntu ezberdinak ere: arkitektoarena, eraikitzailearen, bere etxea auto-eraiki duenarena, abokatuarena… Bai eta ikuspuntu emozionala ere.
Ikuspuntuak eta aholkuak. Auto-eraikuntzan oinarritutako zenbait proiektu ezagutu ahal izango ditugu, baita ere. Auto-eraikuntza, zentzu zabalenean.
Uste duzu auto-eraikuntza guztiontzako dela posible? Hau da, denok izan gaitezke gure etxebizitza eraikitzeko gai arkitektorik gabe?
Jakina dela guztiontzako posible! Arkitektoa ez izateak, ez du esan nahi arkitektoen laguntza gabe egin ahal izango dugunik, hori horrela da. Auto-eraikitzaile izateko, hau da, norberaren etxea egin ahal izateko, gogoa eta pazientzia, hori da behar dena. Eta jakina, proiektuarekin ezinbestean lagunduko zaituzten pertsonen laguntza eta aholkularitza, besteak beste, arkitektoena.
Ze baliabide behar dira horretarako?
Baliabideak modu askotakoak izan beharko dira, edozein proiektutan moduan: ekonomikoak, materialak, baliabide pertsonal eta profesionalak… Baina auto eraikitzaile izatean, beste proiektu askotan baino garrantzi handiagoa duen baliabide bat beharko dugu: denbora. Holako proiektuetarako, denbora -ez soilik kantitatean, baita ere kudeaketan, eta pazientzian- ezinbestekoa da.
Zer uste duzu izango dela auto-eraikuntza, moda ala beharrizana?
Ez dut uste moda asuntoa izango denik. Oro har, gizartearen kontzientzia aldaketaren emaitza dela uste dut, kasu askotan beharrizana ere izan badela ikusi badugu ere. Ez da bakarrik etxea merkeagoa irtengo zaigula, baizik eta gure etxea egitea ere, bizi nahi dugun filosofia berarekin bat etortzea.
Ze alde dago norberak egindako etxe batean edota ezagutzen ez dugun batek egindakoan bizitzean?
Alde handiena suposatzen dut proiektuan inplikazio aldetik datorrela. Auto-eraikitako etxe batean, norberaren inplikazio maila handiagoa da, jakina. Ez bakarrik diseinuari dagozkion erabakiengatik, baizik eta materialari dagokionez ere etxearen eraikuntzan parte hartzeak dakartzan inplikazioengatik.
Etxea “gureagoa” dela esango nuke, eta hortaz, honekin dugun lotura, zentzu zabalenean, handiago. Gure inguru gertuenarekin dugun loturak, plano emozionalean ari naiz, harreman zuzena du gure ongizatean.
Eragiten al du horrek bizi-kalitatean?
Jakina eragiten duela. Zentzu zabalenean. Eginda dagoen etxe bat erosten dugunean, erabaki asko eta asko emanda datoz, gehienak. Neurri batean, moldatu genezake etxea gure nahi edo beharrizanetara, baina beti egongo dira mugak.
Aldiz, gure etxea egiten dugunean, auto-eraikia izan gabe, erabaki asko guk hartu beharrekoak dira, gure bizitzeko moduarekin bat etorriko direnak. Eta jakina, auto-eraikitako etxeen kasuetan, are gehiago, gauza guztien gaineko kontrola eta ardura, askoz handiagoa delako.
Zein da norbere etxea egiteko bete beharreko prozedura? —Nola lortu lurra, baimenak, materiala...—.
Azken finean, prozedura ez da hain ezberdina orube batean modu “tradizionalean” etxe bat egitearekin alderatuta, lege eta arau aldetik prozedura ez delako oso ezberdina. Lehenik eta behin, lurra lortu aurretik, jakin beharko genuke lur eremu hori eraikigarria zen, hau da, legez bertan etxea egin dezakegun. Kontsulta hau udalean egin eta lurra lortu ondoren, garrantzitsua da lur eremu horren ezaugarriak ezagutzea eta ondo aztertzea. Prozesu honetan teknikoen aholkularitza eta elkarlana ezinbestekoa da.
Behin proiektua diseinatzeko behar ditugun faktore guztiak ezagututa, etxearen proiektuarekin hasiko ginateke arkitekto batekin, honek sinatutako proiektua beharko da udalean baimena eskatzeko eta. Orain arte, prozesua nahiko konbentzionala da. Nahi dugun etxe motaren arabera, arkitektoarekin batera egingo dugun lana eta honen inplikazio maila oso ezberdina izan badaiteke ere.
Behin obra egiteko baimena izanda hasten da fase pisutsuena: etxea eraikitzea. Kasu askotan, auto-eraikitako etxe bat izan arren, egon izango dira zenbait lan auto-eraikitzaileak ezingo dituenak bere gain hartu: zimenduak, egitura zati batean… Horiek, auto-eraikuntza proiektuetan aditua den batekin elkarlanean egin beharko dira.
Behin obra bukatu denean, eta teknikoek honen jarraipena egin ondoren bere oniritzia ematen dutenean, proiektuaren obra bukaerako dokumentu guztiak udalean entregatu, eta bertan bizitzeko baimena eskuratzea besterik ez zaigu falta.
Zenbat denboran egin daiteke familia bat bizitzeko besteko etxe bat?
Denbora oso erlatiboa izan daiteke, kasuaren arabera. Faktore asko daude jokoan: zer nolako etxea nahi dugun —tamaina, tipologia, diseinua…—, ze baliabide ditugun —ekonomikoak, materialak…— eta jakina, guk geuk daukagun eta proiektuari eskaintzen diogun denbora, eta beste lan eta betebehar batzuekin uztartu behar dugun. Kasuan kasu aztertu beharreko gaia litzateke.
Gure eguneroko gauza gehiegi delegatzen ote ditugu gaur egun besteengan?
Seguruenik hala da, bai. Garai batean, guk geuk edo gure inguruko norbaitek kudeatzen zituen bizitzeko behar genituen gauza guztiak, edo gehienak. Baina gizartea asko aldatu da, sistema aldatu da. Guztia erosi eta saldu daitekeen gizarte sistema honetan, normala da horrela izatea. Bizitzarekin modu zuzenean lotuta dauden gauza asko eta asko, gehiegi, utzi ditugu besteen eskuetan, beste hauek nor diren ere jakin ez dakigularik kasu askotan.
Elikadura edota osasuna bezalako ezinbestekoen gaineko ardura eta kontrola gero eta txikiagoa izan da. Baita norberaren etxearen gainekoa ere. Hala ere, gizartearen kontzientzia aldatu da eta aldatzen ari da hein handi batean, eta aldaketa honen baitan uler daiteke auto-eraikuntzak azken urteetan piztu duen interesa eta izan duen gorakada.
Dinamika eta prozesu parte hartzaileak indartu direla diozue aldizkarian, zer uste duzu ekarriko duela horrek etorkizunean?
Norberaren bizitzaren gaineko ahalduntze edo jabetze prozesu honetan, besteen laguntza, aholkularitza eta elkarlana beharko dugu, bai edo bai. Gaur egun dugun gizarte indibidualista honek utzi digun egoera hau gainditzeko, ezinbestean kolektibotasuna indartu beharko dugu. Eta zati handi batean indartzen ari gara dagoeneko. Prozesu parte-hartzaileen bitartez lantzen da jabetzea, erabakiak taldean hartzea eta bizi dugun inguruarekin lotura sendotzea. Eta prozesu hauek indarra hartu ahala, gizarte solidarioago, trinkoago eta zentzu zabalenean ulertuta adeitsuagoa eraikitzeko bidean izango gara.
Hemen uzten dizuegu Aldiri aldizkariaren azken alearen trailerra.
“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du”.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio