Gorka Lekaroz (Donostia, 1969) Euskal Filologian lizentziatua, eta irakasle da Donostian. Dialektologiak aspaldi erakarri zuela aitortu du. Gainera, euskara ez ezik, Nafarroa ere famili loturengatik oso maite du, eta ziurrenik horrek eragingo zuen biak elkartzen dituzten gaiekiko interesa eta batik bat mintzo nafarrak ezagutzeko gogoa. Lingua Navarrorum bloga abiarazi zuen eta, bertan agertzen ditu Nafarroako mintzo askok egin duten bidea.
Blogaz gain, euskal mintzoei buruzko bilketa eta argitalpen ugari egindakoa da. Azkenetariko bat UEUrekin Uztaro aldizkarian argitaratutako Bidankozeko gerraosteko euskaldunak dugu.
Irakaslea zara ogibidez, landa-lanetan aritua zaletasunez. Nondik datorkizu euskararen mintzoak bertatik bertara biltzeko nahia?
Aspaldi erakarri ninduen Dialektologiak; gainera, euskara ez ezik Nafarroa ere famili loturengatik oso maite dudanez, horrek eragingo zuen seguruenik biak elkartzen dituzten gaiekiko interesa eta batik bat mintzo nafarrak ezagutzeko gogoa. 80ko hamarkadan, artean 20 urte bete gabe, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkarin ibiltzeko aukera izan nuenean, gogoan dut hango euskaldun zaharrei entzun ahal izatea zela nire ilusiorik handienetako bat. Ez Zaraitzun ez Erronkarin lortu ez izanaren pena dut oraindik; agian piztu egin zidan horrek hango eta hemengo galerari buruz jakiteko irrika. Horrek, eta Jimeno Jurío, Sánchez Carrión edota Irizarren lanek, Nafarroan euskarak izandako hedaduraren eta gaur egun oraindik gertatzen ari den galeraren kontzientzia eman baitzidaten. Hasierako erakarpen multzo hura forma hartuz joan da urteetan zehar.
Azken erronkariera-hiztunei buruzko informazioa jasotzeko Bidankozeko hamasei lagunengana jo duzu. Nolako jarrera erakutsi zuten lekukoek haiekin elkartu zinenean?
Oso ona. Haietako hainbatekin harremanetan jarri aurretik behin baino gehiagotan galdetu nion neure buruari: ‘Ez al nau bada honek ero samartzat joko, bera ezertaz ezagutu ez eta duela 70 urteko kontuez galdezka hasita?’. Eta gehiago ala gutxiago jakin, jarrera ezin hobea izan dute beti lekukoek. Eta inoiz, zekitena kontatuz halako poza ere bai. Hori gertatu zitzaidan, adibidez, Alejandra Salvoch anderearekin. Emakume honek amona euskaldunak duela 80 urte erakutsitako Gabon-kanta du oraindik gogoan; eta pozik zegoen nik grabatu niolako, beldur baitzen ez ote zen inori jakinarazi ez eta hura bilduta geratu gabe bera hilko. Nire ustez benetako pena sentitzen dute adineko bidankoztar batzuek behintzat, ezin izan zutelako aiton-amonen euskara ikasi; eta jarrera ederra izan dute beti nirekin, bikaina zenbaitek. Egia esan, Nafarroan euskara XX. mendean zehar galdu duten beste leku batzuetan antzeko galderak eginda erantzun ona topatu dut behin eta berriz, eta hainbatetan benetako interesa ere bai.
Azterketarako erabili dituzun lekukoak ez dira euskaldunak, eta besteren euskalduntasunaz duten irudia baliatu duzu zure lanerako. Orotzaipen batzuetan duda egin dute. Aitzitik, beren haurtzaroetan «euskara ez zela existitzen» esateko, ez dute zalantza izpirik eduki. Zure ustez, zer-nolako lotura dute euskararekin? Urrunekoa al da haientzat?
Batetik, ez dut uste lotura hori kasu guztietan berdin-berdina denik. Berriemaileren batek, lanean esan bezala, dezente urrunago zekusan euskara; gaurko bidankoztar adinkide guztiek ez zuten haurtzaro edo gaztaroan azken euskaldun haietako bat alboan edo etxean bertan izan. Seguru asko aukera hori izan zutenei lotura estuagoa gelditu zaie. Bestetik, Bidankoze berezko euskara duela hainbat hamarkada galdu duen herria izanik, lekuko hauen bizipena, oro har, egoera horren ispilu dela uste dut; itxuraz, euskara urrun dute —ez dakite euskaraz, hitzen bat edo beste izan ezik, eta euskararik ez dago haien eguneroko bizitzan— baina barruak pixka bat astindu, atzera begira jarri eta oroitzapenak bizituz gero, zeharka izan arren, euskara beraiek diren horren zatitxo bat bezala ikusten dutela iruditu zait. Urruna agian, baina bada. Eta esan bezala atsekabea ere nabaritu dut batzuengan, ez jakiteagatik. Gaur egun 80 urteen bueltan diren bidankoztar batzuek euskara jaso ezinik alde egin dien haien gauza gisa sentitzen dutela esango nuke. Ondorengo belaunaldiarentzat, ordea, Bidankozeko euskara ezin hori izan, ezagutzera iritsi ere ez zirenez. Horregatik iruditu zait interesgarria herriko euskara bertatik bertara entzun ahal izan zuten azkenekoen oroitzapenak galdu baino lehen biltzea.
Landarna, Maisterra, La Santa, Paskel, Calderero, Salbotx eta Lengorna etxeen izenak ageri dira zure lanean. Den-denak azken erronkariko-hiztunen bizitoki izandakoak eta haien ondorengoak. Nola lortu duzu berriemaileengana jotzea?
Bidankozen bertan izan dudan laguntzari zor diot hori; beste leku batzuetan baino emaitza aberatsagoa lortu badut, bidankoztarren meritua baino ez da. Erronkariko euskara-teknikari den Dabid Lalana Bidankozekoa da; berak eman zizkidan lehendabiziko pistak, eta Bidankozeko historia eta ohituren ikertzaile Gotzon Perez Artutxekin jarri ninduen harremanetan. Gotzon ‘Bidankozarte’ kultur aldizkariaren sortzailea da eta lehen unetik bultzatu zuen nire asmoa. Dakizkien gauza asko —herriko etxe, historia eta jendeari buruz duen ezagutza oparoa, azken batean— baliatu ahal izan dut. Hark bideratuta topatu ditut lekuko gehienak eta hortik atera dira artikuluan aurkeztu ditudan errokariera hiztun ugari. Aipatutako lagun hauen lanik gabe ez zen argitaratzeko moduko emaitzarik izango.
Lanean ondorio argi bi atera dituzu. Lehenik, testigantzen arabera, azken-hiztun izandakoengan, haien euskara —Erronkariko uskara— erabiltzeko lotsa edo beldur zantzua ageri dela. Jarrera hori ulergarria zen, beraz, bidankoztarren testuingurua ulertuta?
Nik hala uste dut. Azken batean, Bidankozen euskara guztiz desagertu aurretik hamarkada asko zeramatzan gutxitua eta bizitza publikotik gero eta baztertuago: eskolan tokirik gabe eta debekatua lehenik, elizan ere erabili gabe gero, kalean ia desagertua ondoren. Ez da ahaztu behar nola idatzi zuen Mariano Mendigatxak berak, azken euskaldun bidankoztarrak desagertu baino 50 urte lehenago, bere ilobek ez zutela euskara ikasi nahi kalean ez ziotelako inori entzuten. Erronkari iparraldeko herrietako euskarak ere oso antzeko prozesua biziko zuen, jakina, baina ez da ahaztu behar Bidankozeko mintzoaren hondar urte haien kontestu historikoa (gerra amaitu berri eta euskararen aldeko inolako girorik gabe) Izaba edo Uztarrozekoarena baino are gordinagoa izan zela. Inork ez zuen azken euskaldun haien mintzoa jaso, ez hura publikoki baloratu. Lotsa edo beldurra ez zenean ere, ordurako lekuz kanpo zegoen hizketa-moldearen irudia izango zuten; eta inguruko errealitateak horixe erakusten ziela ez da, nire iritziz, dudarik. Ez nau harritzen askotan erronkariera haien artean isilka aritzeko bakarrik erabiltzeak eta gazteagoak zetozenean ‘ixiladi’, ‘naiko’ edo horrelakoren bat esanez erdarara jotzeak.
Bigarrenik, Bidankozeko euskara uste baino beranduago gertatu zela diozu, 1950eko hamarkada inguruan, hain zuzen. Hizkuntzari buruzko oroitzapenak gogora ekartzeak, zertan lagun diezaguke?
Ezer baino lehen, kultur ondarea biltzeko eta galtzen ez uzteko balio duela uste dut. Herri batek, bailara batek edo herrialde batek gaur duen izaera, eitea, aurrekoak izan zirenaren eta haiek egindakoaren emaitza eta ondorio da. Euskarak zizelkatu du neurri handi batean gaurko Bidankoze, eta gauza txarra litzateke nire iritziz errealitate horrekiko zubiak haustea. Kultur ondarea, gainera, aberasgarria da beti, eta sarritan utzikeriaz galtzen utzi izan da. Bestetik, XX. mendeko azken euskaldun haiei ez bezala, haien bilobei, egungo adinekoei, herriko hizkuntza bakarra izan zen hura baloratzen laguntzeko balio dezakeela sinetsi nahi dut. Nafarroan, nire ustez, euskararen etorkizunaren kakoetako bat gaurko erdaldunek ahalik eta hizkuntzaren irudirik baikorrena eta aberatsena izatean dago. Nafarroako gizarte erdaldunak euskara baloratzea eta hein horretan behintzat bereganatzea gustatuko litzaidake; hizkuntzaren historiara gehiegikeriarik gabe eta objektibotasunez hurbildu eta hura ezagutzera ematea bide horretan aurrera egiten saiatzeko modu bat dela iruditzen zait.
Bidankoztarren hizkuntza-ondarea biltzea ezinezkoa izan da. Bidean gelditu da, beraz, euskararen mintzo asko bezalatsu. Bihotza uzkurtzen zaigu horrelakoak entzuterakoan, baina hizkuntzaren ibilbidea onartu beharra dago, ez?
Zalantzarik gabe. Bidankozen aurrerantzean euskara izango bada, beste bat izango da; ez erronkariera. Hura joan zen eta horrek ez du bueltarik. Egungo euskararen koloreak ere ez dira duela bostehun edo mila urteko bertsuak eta auskalo zer ezagutuko duten gure ondotik etorriko direnek. Historia ulertzen saiatzea eta azaltzea ona da, baina nostalgia historikoan trabatuta geratzea ez zait aberasgarria iruditzen: biktimismora eraman dezake, edota egungo beharrei heltzeko gaitasuna moteldu. Hizkuntza aldaketa da berez, bizirik baitago; berezkoa duen aldaketa onerako bideratzen saiatzea da gure lana. Garai bateko Bidankoze euskara hutsean bizi izan zen baina bestelakoa da gaurkoa, eta hura bezain Bidankoze da hau ere. Nire ustez, Nafarroan bereziki, euskarari eta gaztelaniari elkarrekin bizi, elkar ulertu eta elkar aberasteko bideak ematea da egungo erronka.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio