Berriak

Ianire de Andres: “Txikitasunetik aritzeak ez du oztopatu mamiaren sendotasuna”

Aldiri Arkitektura eta Abar aldizkariko erredakzio kontseiluko kidea da Ianire De Andres Olabarria. Ander Zangiturekin batera azken aleko (Memoriaren espazioa) arduraduna ere izan da. 

 

10 urte hauetan zein paper jokatu du Aldirik zure ustez?
Durangoko Azokan ezagutu nuen nik Aldiri, 2014an. Baziren hiru urte Bartzelonatik bueltatu nintzela, eta nire kabuz ari nintzen lanean “Komunitaterako hirigintza” Aldiri 19arekin topo egin nuenean standean. Sorpresa ederra izan zen: alea eskuetan, arkitekturaren -eta hirigintzaren- euskal komunitatearen existentziaz jabetu nintzen, eta hunkitu ninduen. Faltan botatzen nuen jardun kolektiboa, eta Aldirik ate hori ireki zidan, berriro sustraiekin konektatzeko aukera. Gogoratzen dut zelako presioa sentitu nuen lehenengoz idazle moduan parte hartu nuenean: erantzukizun handia sentitzen nuen! Nire lasaitasunerako, Leire Milikua gelakidea izan zen ale haren arduraduna, eta Aldiri inguratzen duen mimoaz lan egin genuen. Erredakzio-kontseilu kide -aldiritar- izateko gonbita ere Leirek luzatu zidan handik urte batzuetara, eta ilusio handiz jaso nuen mandatua.

Beti pentsatu izan dut Aldirik sortzen duen espazioa beharrezkoa dela jakintzaren euskal komunitatean, sortzaileontzako topagune bat baita. Txikitasunetik handitasunera begira, lokaletik eremu globalera jauzi egiteko su baxuan sukaldatzen dena argitaratzen dugu; elkar irakurtzeko, elkar ezagutzeko, elkar sustatzeko. Maila altuko edukiak jaso dira hamar urteotan, txikitasunetik aritzeak ez baitu oztopatu mamiaren sendotasunari eustea; izan ere, maila-eskakizun horretatik egiten baitzaio benetako ekarpena euskal corpusari. Aldiriren bokazioa da arkitekturan, aldirietan eta abar luze horretan sortzen ari garenon euskaldunon komunitatea izatea, hori da oinordetzan jaso dugun bidea eta zeregina.

Etorkizunera begira, zein da erronka nagusia?
Edukiak sortu eta kontsumitzeko erak aldatu diren heinean, Aldirik beharra dauka esfera berrietan presentzia irabazteko. “Eskuz” egiten den aldizkaria izanda, “etxekoen” artean gelditzeko beldurra daukat, eta zabaltzeko momentua dela uste dut. Arkitektura eta hirigintza beste diziplina guztiek zeharkatzen dituztenez, askotarikoak dira aldizkarian jasotzen ditugun artikuluen esparruak, eta pena da zirkulu guzti horietan ezezaguna izatea Aldiri. Orain arteko edukien maila mantentzeko ezinbestekoa da irakurle eta idazleen kolektiboa haztea, eta aldizkaria beste diziplinetan ere interesgarria egingo zaielakoan nago.

Horrez gain, aldiri sortzearen lana balorean jarri beharra dagoela ere ikusten dut. Talde txikian, erdi itzaletan eta mimoz egiten dugu, eta eman nahi diogun zabalkunderako behar-beharrezkoa dugu UEU bezalako erakundeen babesa eta bultzada.


 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea