Berriak

Ianire De Andres Olabarria: “Anitza eta gurean egina; zer gehiago eskatu daiteke?”

Aldiri aldizkariaren 33. alea kalean dago. Topaketen kartografia izenean 2017ak emandakoak bildu dituzte. Ianire De Andres Olabarria arkitektoarekin izan gara azken aleaz eta Aldiri aldizkariaren nondik norakoez.

2017ak emandako fruituen kartografia dela diozue azken Aldiri. Zein eratako mapa osatu duzue? Zer aurkituko dugu azken alean?
Alde batetik, urtean zehar arkitektura eta hirigintzaren inguruan egin diren mintegi eta jardunaldien kronikak bildu ditugu, horregatik deitzen da zenbakia Topaketen Kartografia; benetan egin diren topaketen fruituak azaleratu nahi izan ditugulako. Eta beste alde batetik, monografikoetatik kanpo geratu diren proiektuak argitaratu nahi izan ditugu, hainbat lan interesgarriri espazioa emateko; idazleak elkar irakurtzeko topalekua ere izan dadin Aldiri.

Beraz, topaketen kronikez gain, hainbat gaiz osatutako bilduma da: industria- eta hirigune-eredu mistoak, lurraldea eta elikadura, botere-formak eta geografia, hiri-erresilientzia edo ondare arkitektonikoa, besteak beste.

Arkitekturaren ikerkuntzaren ekosistema osasuntsu dagoela diozue. Baita euskaraz ere?
Bai, hala ikusten dugu guk. Arkitektura eta hirigintzaren munduak gero eta zeharkakotasun handiagoa du; horregatik, Aldiri-n argitaratzen ditugun lanen autoreak hainbat diziplinetatik aritzen dira; eta gutxi dira beste hizkuntza batetik euskarara ekartzen ditugunak. Esan bezala, maila lokalean lan egiten dugun arren, gure lana marko globalean kokatzen saiatzen gara; eta euskal komunitateak badu horretarako gaitasuna. Beste herrialdeetako autoreak ere gonbidatzen ditugu noizbehinka, proposamen interesgarriak gurera ekartzearren; baina, esan bezala, ez dira asko. Ikasketak euskaraz egin ahal izan dituen belaunaldia emankorra izaten ari da, eta euskal ikerkuntza indartsu dago.

Hala ere, aurrera begira lan monografikoekin jarraituko duzue.
Bai, zenbaki gehienak monografikoak izango dira, nahiz eta asmoa dugun bildumak ere argitaratzen jarraitzeko. Izan ere, 2017koak arrakasta itzela izan du idazleengan; monografikoetatik at gelditzen diren proiektu interesgarriak lantzen ari direlako, eta guk horiei ere espazioa eman nahi diegu Aldiri-n. Beraz, aurreratu dezaket, 2018ko fruituen kartografia ere argitaratuko dugula; hain zuzen, hori izango da 2019ko lehen zenbakia.

Zeren arabera aukeratzen duzue gaia?
Erredakzio Kontseiluan aztertzen dugu momentuan zein gai dabilen arkitekto eta hirigileen ahotan, kolektiboa zerk kezkatzen duen, edo zein norabide hartzen ari den aspaldian indarra. Horrez gain, kontseilukideoi interesgarriak egiten zaizkigun gaiak ere jorratzen ditugu, geuk sakonean ezagutzen ditugunak, etab. Baina beti saiatzen gara momentuarekin bat egiten, Aldirik freskotasuna galdu ez dezan; beti ere, ekarpen interesgarria egiteko.

35. alerako lanak aurkezteko deialdia ere martxan duzue. Zer da landu nahi duzuena?
35.zenbakian ekonomia landuko dugu. Higiezinen burbuilak agerian utzi du eraikuntzaren industriak zein balore izan dituen, merkatuak zenbateko indarra duen etxebizitzen egikaritzean. Ez hori bakarrik: neurriz kanpoko lurraldeko azpiegiturak, harrobiek paisaia menditsuan sortutako arrakalak, marka-hirien arteko nazioarteko lehia etengabea… Hainbat dira gure inguruan kapitalak eragiteko dituen moduak eta horiek aztertu nahi ditugu.

Zeintzuk dira Aldiriren helburuak? Nola lan egiten duzue?
Lehen esan bezala, Aldirik txoko bat egin nahi dio euskal ikerkuntzari, gaur egungo marko globalean ekarpen sakonak eta interesgarriak ditugulako gure lurraldean. Hori batetik, eta bestetik, uste dugu interesgarria dela arkitektura eta hirigintzaren euskal ikas komunitatearentzat euskara hutsean argitaratzen den aldizkari bat izatea; baliabide aberasgarria dela guztiontzat, alegia.

Horregatik saiatzen gara Erredakzio Kontseiluan gaurkotasuna duten gaiak jorratzen, momentuan momentuko gaiei heltzen.

Amaitzeko, zergatik egin Aldiriko harpidedun? Zeintzuk dira harpidedunek dituzten abantailak?
Aldiriko harpidedunek urteko 4 zenbaki jasotzen dituzte etxean. Euskal Herrian lantzen ari denaren berri izateko modu erosoa da; arkitektura eta hirigintzaren inguruan egunean egoteko. Esango nuke, gainera, aldizkariaren formatua oso irakurterraza dela, arina, astunegia izan gabe, era atseginean irakurtzekoa. Anitza eta gurean egina; zer gehiago eskatu daiteke?

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea