Osagaiz osasun zientzien aldizkariaren azken alean “Terapia antidepresiboaren azken pausoak: oraina eta geroa” izeneko artikulua argitaratu du Ines Erkizia Santamariak. UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldeko ikertzailea da Erkizia eta depresioaren inguruan gehiago jakin asmoz jo dugu beregana.
Depresioa etengabe gorantza doan gaixotasuna da. Zenbateko intzidentziaz ari gara?
Munduko Osasun Erakundearen azken datuen arabera, munduko populazioaren %4,4k du depresioa; hau da, 320 milioi pertsona baino gehiagok. Espainiar Estatu mailan, berriz, 2,4 milioi inguruk pairatzen du (populazioaren %5,5). Hamarkada honen bukaeran, depresioa ezgaitasun kausa nagusia izango omen da garatutako herrialdeetan.
Pandemiak eraginik izan al du depresioaren gorakadan?
SARS-CoV-2-ak eragindako pandemiak zama handia suposatu du gizartearentzat zentzu askotan: osasungintzan, ekonomian eta, dudarik gabe, osasun mentalean. Hainbat faktorek izan dute zerikusia populazioaren osasun mentalaren okertzean: birusa sufritzeko mehatxuak, heriotza-tasa altuak, kezka ekonomiko eta laboralek, birusa zabaltzea ekiditeko hartutako neurri eta murrizketa zorrotzek… Arrazoi horiek guztiek sintoma depresiboen agerpena eragin dute pertsona askorengan, eta ikerketa batzuen arabera, populazioaren %20-30ak sufritu du haren sintomaren bat pandemiak iraun duen hilabete hauetan. Ez hori bakarrik, beste gaitz batzuen kasuen igoera ere oso aipagarria da: antsietatea, loaren asaldurak, elikadura-portaeraren asaldurak eta trauma ondorengo estres-asaldura. Azken hau bereziki garrantzitsua da pandemian zehar lan egin behar izan duten osasun-langileetan (%40tik gorako intzidentzia, egindako ikerketen arabera), eta haren ondorioak pairatuko dituzte hurrengo urteetan.
Pandemia hau bezalako egoera atipikoek osasun mentalean inpaktu izugarria izan dezakete; horregatik garrantzitsua da errealitate berri honetara ohitzeko estrategiak garatzea; eta, behar den kasuan, medikazioa eta psikoterapia euskarri izan behar dira pazienteen tratamenduan.
Eragindako heriotza tasa ere altua da...
Depresioa duten paziente gehienek bere buruaz beste egiten ez duten arren, depresioak suizidio arriskua areagotzen du. Izan ere, depresioak 800.000 pertsonaren heriotza eragiten du urtero, eta bigarren heriotza-kausa nagusia da 15 eta 19 urte bitarteko gazteen artean. Suizidioa gaitz tragikoa da, eta gai sentikorra bada ere, mundu-mailan ezagutzen diren zifrak ez dira guztiz fidagarriak: Munduko Osasun Erakundearen arabera, hilkortasun-datuak eta suizidio-saiakeren monitorizazioa hobetzea ezinbestekoa da herrialde gehienetan. Erakunde honek berak osasun publikoaren lehentasun gisa aitortzen du hori, eta suizidioaren kontzientziazioa areagotzeko planak abiarazi ditu 2014. urtetik aurrera.
Zeintzuk dira depresioaren eragile nagusiak?
Depresio Nagusiaren etiologia ezezaguna da. Faktore anitzeko patologia psikiatrikoa da, eta faktore horiek biologikoak (genetika, neurotransmisioaren nahiz hormonen asaldurak), sozialak eta psikologikoak izan daitezke. Hala, kausa ugarik agerrarazi dezakete; besteak beste estresak, aurrekari familiarrek, alkoholaren eta beste substantzien abusuak, gaixotasunek (minbizia, asaldura neurodegeneratiboak…), egoera sozioekonomikoak, eta abar. Era berean, emakumeek depresioa pairatzeko arrisku handiagoa dute gizonen aldean.
Depresioaren etiologia ez dugu guztiz ezagutzen, baina badakigu faktore horiek guztiek, eta horien konbinazioak, gaixotasuna sufritzeko arriskua areagotzen duela.
Diagnosirako tresnen mugak aipatzen dituzue. Zerk zailtzen du?
Depresioa, nahiz beste gaixotasun psikiatrikoak, diagnostikatzeko baliatzen den tresna Asaldura Mentalen Eskuliburu Diagnostiko eta Estatistikoa da, egun, 5. edizioa (DSM-5). Estatu Batuetako Psikiatria Elkarteak argitaratzen du, eta bere erabilera oso zabalduta dago. Horrez gain, autoebaluazio erako galdeketa klinikoak ere erabiltzen dira, Hamilton, Beck edo Montgomery-Asberg, esaterako.
Prozedura hauek aurkezten dituzten zailtasunen artean, sintomen identifikazio eta ebaluazio subjektiboa aipa ditzakegu: tristura giza-sentimendu normala da, baina depresioa ez da tristura hutsa; egoera psikiatriko patologikoa da.
Azkenik, depresiodun pazienteetan hainbat substantzia endogenoren mailen aldaketak deskribatu diren arren (kortisol plasmatikoaren igoera, monoaminen gutxipena garuneko eremu batzuetan…), ez da oraindik biomarkatzaile fidagarririk aurkitu, depresioa diagnostikatzeko metodo analitiko bat eskainiko lukeena.
Zuek terapia antidepresiboak aztertu dituzue kasu honetan. Zenbateko eraginkortasuna dute orain arte erabili direnek? Zein albo-ondorio dituzte?
Terapia antidepresibo klasikoaren eraginkortasun-tasa %65 ingurukoa dela onartzen da orokorrean, baina farmako ezberdin ugari daudenez merkaturatuta, haien arteko ezberdintasunak nabarmenak dira. Hala ere, pazienteen heren batek ez dio tratamendu farmakologikoari erantzuten. Horrez gain, gaixo gehienengan eraginkortasun klinikoa tratamendua hasi eta 2-3 astera agertzen da.
Serotoninaren birxurgapenaren inhibitzaile selektiboak (SSRI, ingelesezko hizkiengatik) dira zabalduen dauden antidepresiboak. Horien eragin ez desiragarrien artean ohikoenak digestio-aparatuaren asaldurak (beherakoa), buruko mina, zorabioak, loaren asaldurak (insomnioa edo hipersomnia), pisu irabaztea eta disfuntzio sexuala dira. Orokorrean, larriak ez diren efektuak izanagatik ere, hauen eragin negatiboa nahikoa izan daiteke pazienteak tratamendua bertan behera uzteko; tratamendu antidepresiboa luzea baita.
Gainerako antidepresibo motek albo-eragin larriagoak izan ditzakete: sedazioa, hipertentsio-krisiak eta hainbat eragin kardiobaskular, besteak beste.
Tratamendu berriei dagokienez, substantzia haluzinogenoek hartu omen dute aurrea. Zergatik? Zein fasetan dago ikerketa?
Substantzia haluzinogenoak psikiatrian aspalditik dira ezagunak eta erabiliak, baina azken hamarkadetan haiengatiko interesa berpiztu da. 70ko hamarkadan debekatu zirenetik, legeak murrizketa zorrotzak ipini ditu psikodelikoekin ikerketa egiteko. Hala ere, ebidentzia oparoa eman dute entsegu klinikoek haien potentzial terapeutikoari buruz, eta gaixotasun psikiatriko ugaritan frogatu da haien eraginkortasuna; bai depresioan, antsietatean, trauma-ondoko estres asalduran, eta abar. Orain arte argitaratu diren entseguetan paziente kopuru txikiak hartu du parte, eta emaitzak atarikoak direla esan dezakegu, baina baita etorkizun handikoak ere.
Adibide gisa, psilozibina aipatuko nuke, Psilocybe generoko onddoek ekoizten duten haluzinogeno naturala. Psilozibinaren inguruko bi entsegu erabakigarri argitaratu ziren 2016. urtean: bata minbizi terminala zuten pazienteekin burutu zen, eta psilozibinak depresio eta antsietate-sintomen hobekuntza azkar eta mantendua eragin zuen (Ross et al., 2016); bestean, depresio erresistentedun 12 gaixo tratatu zituzten psilozibinarekin, eta haien sintomen hobekuntza behatu zuten (Carhart-Harris et al., 2016). Geroztik, ikerketa talde hauek eta gehiagok jarraitu dute psilozibinaren eragin antidepresiboa ikertzen, eta emaitzek hobera egiten jarraitu dute. Psilozibinak, psikoterapiarekin konbinatutako tratamendu-ereduan, depresioaren sintomen hobekuntza azkarra eta iraunkorra eragiten du; gainera, segurtasun profil egokia eta tolerantzia ona ditu.
Psilozibinaren mekanismo antidepresiboa ez dago erabat argi. Badakigu eragin haluzinogeno akutua daukala serotoninaren hartzaile espezifiko batzuekin elkarreragiten duelako garunazalean. Aldiz, epe luzeko efektu antidepresiboa azaltzeko hipotesien artean, plastikotasun neuronalaren moldaketa da esanguratsuena. Galdera honi erantzuteko ezinbestekoa da animalia-ereduetan ikerketak egitea, eta horretan ari gara hain zuzen ere gure ikerketa-taldean. Gure ikerketa-arloa farmakologia basikoa bada ere, ikuspegi traslazionala mantentzen dugu; izan ere, CIBERSAM (Centro de Investigación Biomédica en Red de Salud Mental) erakundeko kide gara. Bertan, ekoizpen zientifiko bikaineko taldeok kolaboratzen dugu, ikerketa klinikoa nahiz aurreklinikoaren bidez gaixotasun psikiatrikoen oinarri neurobiologikoen azterketan.
Oraindik goiz da psikodelikoek gaixotasun mentalen tratamenduan izango duten rola zehazteko, edo osasun-sistemek gaixoen eskura noiz ipiniko dituzten esateko; alabaina, haien gaitasun terapeutikoa ukaezina da, eta depresioaren tratamenduaren iraultza abian jarri dute jadanik.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio