Aldiri Arkitektura eta abar aldizkariaren erredakzio kontseiluko kidea da Itsaso Larramendi Elexgarai arkitektoa ere. Aldizkariaren ibilbideaz zein geroaz hitz egin dugu 10. urteurrenean.
Hamar urte hauetan zein paper jokatu du Aldirik zure ustez?
Nik unibertsitate garaian ezagutu nuen Aldiri, ziurrenik sortu eta urte gutxira. Ordutik, tarteka jarraitu izan nuen bere jarduna, gai espezifikoetarako kontsulta gune eta erreferentzia leku bezala erabiliz. Aldiriren bitartez arkitektura hainbat begiradatik landu daitekeela ikasi nuen, esango nuke dibulgazio lan garrantzitsua egin duela aldizkariak, hainbat ikerlan eta gai interesgarri irakurleen buzoietara eramanez. Arkitekturaren bazterrekiko interesa piztu zidan niri, eta horrez gain, lehenengo idazkiak plazaratzeko medioa ere izan zen.
Pentsatu nahi dut niretzako bezala, beste batzuentzako ere izan dela jakintza iturri, fokua zabaltzeko gune eta salto egiteko tranpolina.
Etorkizunera begira, zein da erronka nagusia?
Aldiri berau sostengatzen dugun lepoei eta edukiz janzten duten sareei esker bizi da; eta askotan indarra mantentzea zaila da; bai alde batean eta bai bestean. Azken finean, komunitate txikia osatzen dugu Aldiriren inguruan gaudenok eta askotan nekeza egiten zaigu zenbakietarako edukiak lortzea. Nire ustez, aldizkariaren sozializazioa eta ikusgarritasuna erronka potoloa dira guretzat. Aldizkari mamitsua eta ederra da Aldiri, eta susmoa daukat ez diogula ahal bezain beste zuku ateratzen. Irakurleekiko eta idazleekiko harremana estutzea eta nolabait interakzio espazioak sortzea ere polita litzateke. Askotan proiektua barrutik bizi dugunok ez baitakigu bestaldean inor dagoen. Erronka bi horiek jartzen ditut nik mahai gainean.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio