Berriak

Jacinto Iturbe: “Euskal kostaldeak ere kalteak pairatuko lituzke berotegi-efektuagatik”

Jacinto Iturbe (Getxo, 1951) Kimikan lizentziatua da UPV/EHUn, eta euskararen eta zientziaren dibulgazioarekin hertsiki lotuta egon da beti; unibertsitate horretako lehenengo Euskara errektoreordea izan zen. AEBetan ikerkuntzan ibilitakoa da, eta, ikerketa haien bitartez, Atomo bakarren detektorearen aplikazio estatistikoak: fluktuazioak eta hipotesi ergodikoa izeneko doktorego tesia aurkeztu zuen 1982an.

Horrez gain, Ekaia euskarazko eduki zientifikoak argitaratzen dituen aldizkariaren sustatzaileetako bat da, eta argitalpen ugari egindakoa. Azkenetariko bat UEUrekin argitaratutako Ingurugiroa: prozesuak eta kimika fisikoa liburua da; eskuliburu horren itzulpenaz arduratu da. Hori bai, liburuaren egileek idatzitakoaren bertsio bat egin baino, dio nahiago izan duela soil-soilean itzuli.

Ingurugiroa: prozesuak eta kimika fisikoa liburua argitaratu duzu UEUrekin. Gaian aditu ez den bati nola azalduko zenioke liburuan landutakoa? Zein da liburuaren helburu nagusia? Zergatik?

Liburu horretan lantzen dira ingurugiroan gertatzen diren prozesu fisikoak, kimikoak eta kimiko-fisikoak. Kontuan hartu behar da ingurunea ez dela estatikoa, bertan denboraren eta espazioaren zehar aldaketak gertatzen direla, eta liburuan aldaketa horien deskripzio kualitatiboa, eta, batez ere, kuantitatiboa egiten dira. Helburua, beraz, aurkezpen sakon bat egitea da, aldaketen ezagumenduan aurreratzea. Horrela, euri azidoez, klimaren aldaketaz, ozonoaren geruzaren suntsiketaz eta abarrez hitz egiten denean pentsatu behar da horien atzean jakitate sakona dagoela, ikerketa zientifiko-tekniko zabala dagoela. Eta, liburu horretan, jakitate eta ikerketa horien aurkezpen sistematikoa egiten da. Eta horrek guztiak lagundu egingo du ingurugiroan agertzen diren arazoak bere tokian, neurrian eta garrantzian kokatzen. Eta arazoak egon badaude, eta handiak.

 

Nori dago zuzenduta? Zergatik?

Liburua ez dago publiko zabalera zuzenduta: liburuaren edukiaz profitatu nahi duenak beharrezkoa du oinarri bat, kimikan, fisikan eta matematikan. Oinarri hori unibertsitateko lehen ikasturteetan ematen denaren parekoa da; horrela, zientzietan edo ingeniaritzetan dihardutenek aise jarraituko dituzte liburuko kapituluak. Eta gairen batean sakondu nahi duenak, badu nora joan liburuan dagoen bibliografia zabalean. Bestalde, ingurugiroan gertatzen diren fenomenoen dibulgazioa egiten dutenek badute hemen datuen iturri bat non zabalkuntza-lanaren oinarria finkatu daitekeen.

 

Liburua, berez, itzulpen bat da. Zergatik erabaki duzu itzultzea? Zein izan da erronkarik handiena itzultzerakoan? Zure ustez, ze hautu egin beharko litzateke: beste hizkuntzetan dagoen testu-materiala itzuli edota euskaraz sortu?

Itzulpenaren ideia aspaldikoa da. Orain dela urte batzuk, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Atmosferaren Kimika izeneko irakasgai bat zegoen; eta zegoen diot, zeren eta, gaur egun, plan berrien aplikazioaren ondorioz, irakasgai hori ez da ematen. Bada irakasgai horrentzat beharrezkoa ikusi genuen testu-liburu bat izatea, irakaskuntzaren euskarria izango zena. Hainbat liburu ikusita, ikusi genuen Juan E. Figueruelo eta Martin Marino Dávilaren liburuaren lehen edizioa oso egokia zela, bai mailaren aldetik eta bai edukien aldetik, irakasgai horren testu moduan. Eta itzultzeari ekin nion. Bitartean, bigarren edizio zabalago eta eguneratuago bat atera zen, eta lehen edizioaren itzulpena izan beharko zena, bigarrenaren itzulpena bilakatu zen. Bitartean, irakasgaiaren irakaskuntza eten egin zen, eta hor erabaki bat hartu behar zen: itzulpenaren proiektua burutu ala bertan behera utzi. Horren aurrean, kontuan hartuta irakasgai horretan ematen ziren edukiak beste irakasgai desberdinetan barreiatu egin zirela, beraz, formazioaren aldetik ez dago horrelako hutsunerik, eta kontuan hartuta, Zientzia eta Teknologia Fakultatetik kanpoko beste zentro batzuetan ere tratatzen dela gai hori, batez ere Ingeniaritza ikasketak ematen dituztenenak, eta kontuan hartuta Fernando Mijangos adiskideak emandako sostengua, eta kontuan hartuta, Udako Euskal Unibertsitateko lagunek emandako erraztasunak, ia-ia ezinezkoa zen liburua atera gabe uztea. Une hau aprobetxatu nahi dut liburua ateratzen lagundu duten guztiei eskerrak emateko.

Erronkarik handiena itzulpena bera izan da. Nik ez dut nahi izan bertsio bat egitea, nik egileek idatzitakoa itzuli nahi izan dut. Eta liburuan egileek darabilten hizkera eta estiloa, liburu askotan gertatzen den moduan, ez dira errazak, eta “erraza” esaten denean, ulertu behar da “hizkuntza erraza” esaten denean ulertzen dena. Horrela, esaldiak, batzuetan, luzeak eta korapilatsuak dira, beste batzuetan ez, jatorrizkoan datozen esaldien moduan. Beste alde batetik, esan behar da lexikoak ez duela aparteko arazorik sortzen: maileguak egiteko bideak hor daude, eta euskal hiztegietan agertzen ez diren hitzen kasuetan erabili dira mailegu horiek. Batzuetan, gutxitan, arazoak egon dira hiztegietan agertzen diren hitzak termino bat adierazteko argiak nahikoak ez direnean, baina, orduan, gehienetan, behintzat, testuaren ulergarritasuna izan da jarraitu den irizpidea.

Hautu bat egitea galdetzen didazu: itzuli ala sortu. Ez dut uste batak bestea baztertzen duenik: egoerak agintzen du. Eta, gure artean, egoerak agindu du batzuetan itzultzea eta beste batzuetan sortzea. Hemen puntu bat aipatu nahi nuke: gure egoeran, euskaraz sortu denean, testu zientifikoez ari naiz, hein handi batean, pedagogia edo ulergarritasuna edo dibulgazioa izan dugu buruan, hau da, jadanik buruan daukaguna era ahalik eta digerigarrienean plazaratzen saiatu gara, hau da, irakasle-ikasle erlazioa izan dugu sorkuntza idatzian. Behar bada, bada garaia beste urrats bat ematea, eta zientzia-liburuak sortzerakoan beste estilo bat ere gauzatzea. Hori egiten, liburu egokien itzulpenak lagundu dezake.

 

Azalpen teorikoez gain, adibidez jositako liburua da. Ilustrazioak ere baditu; hala nola, atmosferaren kutsadurarenak, ozono geruzaren kontzentrazioenak eta Europarako aurresandako ingurugiro-aldaketak. Naturak izaten dituen aldaketa horiek guztiek dute azalpenen bat? Aldaketa horiek beti dira prozesuren baten ondorio? Zergatik?

Bai, liburuak, hala nola, adibideak, taulak, ilustrazioak eta koadroak ditu. Egileak saiatu egin dira ahalik eta informaziorik zabalena ahalik eta modu konpaktuenean ematen; horrela, besteak beste, perspektiba zabalagoak lortzen dira eta ondorioak errazago ateratzen dira. Ingurugiroa ez da estatikoa, ez da behin betiko egonkortuta dagoen zerbait: prozesuak jasaten ditu, eta liburuan prozesu horien azterketa egiten da. Azterketa horretan kontuan hartzen dira, ezinbestekoa den moduan, gizakiaren eragina ―besteak beste, kontaminazioa, kutsadura eta lurzoruen erabilera-aldaketa― eta naturaren beraren eragina ―hala nola, eguzkitiko energia eta bolkanoak―; eragin horiek kontuan hartuta, modelo batzuk eraikitzen dira eta modelo horiek etorkizuna nolakoa izango den iragartzen laguntzen dute. Horrela aurresan egin daiteke, konfiantza-tarte baten barruan, Lurraren eskualdeetan zein eratako ingurugiro-aldaketak espero daitezkeen. Modelo horiek kontuan hartu behar dituzte naturan gertatzen diren hainbat prozesu, gizakiak eragindako hainbat aldaketa eta prozesu horien bilakaera kuantifikatzen duten hainbat datu; gainera, beharrezkoak diren kalkuluak egiteko ahalmen handiko konputagailuak behar dira. Problema konplexu batek ezin du ebatzi sinple bat izan. Baina, hala ere, naturan gertatzen diren fenomenoak gero eta hobe ulertzen ari gara.

 

Klima aldaketak eta berotegi-efektuak atal bat dute, eta diozu XXI. mendeko ingurugiro-arazo handienen artean daudela bi horiek. Greenpeacen azken txostenak dio mende honetan euskal kostaldea desagertu egingo dela, itsasoaren mailak gora egingo duelako. Pronostiko horrekin bat zatoz? Nola egin dakioke aurre prozesu horri?

Horren gainean luze egin daiteke berba, baina ezin dena ahaztu zera da: berotegi-efektua fenomeno natural bat dela gure Lurrean, eta fenomeno horri esker, Lurrean bizia dagoela. Arazoa sortzen da atmosferaren gasen konposizioa aldatuz joan dela, hein handi batean, gizakiaren eraginez ―esaterako, berotegi-efektuaren erantzule nagusia, baina ez bakarra, den karbono dioxidoaren kontzentrazioa atmosferan, azken 50 urteotan 310 ppm-tik (milioiko parteak) 400 ppm-ra pasatu da, eta hazkunde-tasa gero eta handiagoa da, munduko populazioaren hazkundearekin lotutako arrazoiengatik―. Horrek ekarri du atmosferaren tenperatura batez bestea altuagoa izatea, eta, ondorioz, atmosferarekin kontaktuan dagoen itsasoetako uren tenperatura ere altuagoa izatea. Ondorioz, itsas maila gora doa: alde batetik, ura beroarekin dilatatu egiten delako, eta, bestetik, Artikoan, Antartikoan eta Groenlandian dauden izotz-masak funditzen direlako. Zenbat doan gora ezin da zehaztasunez aurresan, baina planeta osoan itsasoen arrasean dauden lurrak arriskuan daude. Eta lur horietan ehunka milioi pertsona bizi dira. Panorama global horren barruan euskal kostaldeak ere kalteak pairatuko lituzke, noski. Baina norainokoak liratekeen kalte horiek ez dago esaterik: klima aurresaten duten modeloek ez dute zehaztasun nahikorik hori kuantifikatzeko.

Beroketa globalaren prozesuari aurre egiteko, hainbat puntu hartu behar dira kontuan. Besteak beste, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa gutxitu egin behar da eta atmosferan dauden gasak atmosferatik kendu egin behar dira. Esatea erraza da, baina martxan jartzea ez da horrenbeste. Emisioak gutxitzeko unean pentsatu behar da Lurraren populazioa zazpi mila milioi pertsonatik gorakoa dela, eta populazio horren era guztietako premiak asetzea, hein handi batean, berotegi-gasen sorkuntzarekin lotuta daudela. Bestalde, eta atmosferan dauden berotegi-gasen erauzketa ez da prozesu erraza: gas batzuek, naturan gertatzen diren prozesuak segituz, dozenaka edo ehunka urte beharko dituzte haien kontzentrazioak erdira jaisteko.

Beroketa globalaren prozesuari aurre egin dakioke? Erantzun globala behar da. Posiblea da? Ez dakit. Baina orain urte batzuk ikusi zen Antartikaren gaineko estratosferan ozono-zulo handia agertzen zela; gero, Artikoan ere behatu da, baina ez hain handia. Ikerketek zuloaren jatorria CFCak zirela demostratu zuten, eta, nazioarteko akordioen bidez, konposatu horien fabrikazio-prozesuak debekatu ziren. Gaur egun, gas horien kontzentrazioak gutxituz doaz, baina mantso-mantso. Dozenaka urte beharko dira gas ozono-suntsitzaileak desagertu arte edo haien eragina arbuiagarria izan arte. Berotegi-efektua sortzen duten gasen kasua askoz nahasiagoa da, eta nazioartean ekintza batzuk aurreratu dira; arrakasta gutxirekin, egia esateko. Honen gainean orain agertu den IPCC txostena irakur daiteke.

 

Lantzen duzuen beste arazoetako bat sistema akuatikoen aldaketa prozesuenak dira. Mende honetako arazo larrienen artean dagoen beste arazo bat dela diote hainbat adituk uraren banaketa desorekatuarena. Naturalki, ekidin daiteke desoreka hori?

Liburuaren egileek ingurugiroaren azterketa egiterakoan urari ematen dioten garrantzia hiru kapitulutan agertzen da. Ur naturalen propietateak, uretan gertatzen diren prozesu fisiko-kimikoak eta uren kontaminazioa zabal eta kuantitatiboki tratatzen dira ikuspegi global batean. Baina uraren banaketa desorekatuaren arazoa ez da uraren propietateen edo uretan gertatzen diren prozesuen arazo soila. Beste ikuspuntu batzuk ere tratatu behar dira. Hor dago, esaterako, kalitate oneko uraren eskariaren gehikuntza: bai populazioaren bizi-maila gora egin duelako, bai populazioa bera kopuruz gora egin duelako. Gero, ur hori erabili ostean, kalitate txarrekoa izatera pasatzen da, hein handi batean, tratatua izan ez delako; hor dago, esaterako, nekazaritzan erabiltzen den ura. Ez dakit naturak izango duen ahalmen nahikoa gizakiak egindako kalitate-alderanzketa hori zuzentzeko ez eta zenbat denbora beharko lukeen.

 

Epe laburrean baduzu proiekturik edo ikerketarik esku artean?

Ez, une honetan ez dut aparteko proiekturik, baina zer edo zer aurrera badoa, kaleratzeko unean, UEUko lagunekin paratuko naiz kontaktuan.

 

"Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du"

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea