Berriak

Jaime Altuna eta Josu Ozaita: "Gau Beltza edo Arimen Gaua bezelako jai berriak badaude, haurrak Halloween ospatzen hasi zirelako da"

Jaime Altuna Ramirez eta Josu Ozaita Azpiroz antropologoek 2015ean Juan San Martin ikerketa-beka jaso zuten Eibarko Udalaren eta UEUren eskutik. Beka horren emaitza da “Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen Gau, Halloween eta Gau Beltzaren haur-ospakizunen ikerketa etnografikoa” . Lan honetan urriaren 31a iluntzean sortzen ari diren ospakizun berriak aztertu dituzte. Festa zaharrek ere bizirik diraute hainbat ibarretan.

 


Arimen Gaua, Halloween eta Gau Beltza aztertu dituzue zuen lanean. Zein helbururekin?
Ikerketa egin aurretik deigarri zitzaigun Halloween jaiaren zabalpena Euskal Herrian, eta baita adineko pertsonak haur zirenean, eurak ere kalabazekin jolasten zirela entzutea. Hau izan zen abiapuntua, eta hiru helburu ezarri genituen: Batetik, gaur egungo jaien deskribapena egitea. Bestetik, adinekoen haurtzaroko kalabazen jolas horren inguruan testigantzak jasotzea, eta azkenik, haur eta gaztetxoen iritziak eta bizipenak jakin nahi genituen.

Aipatu duzuen moduan duela hamarkada batzuk, gaurko aitona-amonak haur zirenean, kalabazei aurpegiak egin eta jendea beldurtzen jolasten omen ziren...
Ohitura oso zabaldua zen Euskal Herri guztian. Arakatu dugun ia toki guztietan jaso ditugu testigantzak. Kalabazei aurpegi forma ematen zieten beldurra sortzeko. Hala ere, guk honi garrantzia ematen badiogu ere, haiek harritu egiten dira gure interesagatik. Haur jolasa zen, broma. Orduan ez zuen garrantzirik. Testuingurua ere kontuan izan behar da: iluntasunak beste presentzia bat zuen, ia ez zen farolik, eta etxerako bidea ia beti oinez zen. Baratzean kalabaza ikustea, jolaserako deia zen eurentzat.

Denboran atzera bakarrik ez, Euskal Herrian zehar ere bidaiatu duzue. Zerk harritu zaituzte gehien?
Jai berriak ezagutzea, azken urteotan zabaltzen ari diren Gau Beltza edo Arimen Gauak. Arrakasta handia dute, eta haurren eskaera bati erantzuteko Halloween-en alternatiba dira. Kasu askotan, hori izan da prozesua: haurrak Halloween ospatzen hasi, eta helduek bestelako jai hauek antolatzeko erreakzioa sortzea. Bestetik, deigarri eta polita iruditu zaigu Nafarroako hainbat herritan (gu Etxauri ibarreko hainbat herritan izan ginen) mantentzen diren azaroaren bateko eske errondak ezagutzea. Taldean bildu eta etxez etxe aritzen dira goxokiak eskatuz, esaera bat errepikatuta. Ez dakite jatorria, helduenek ere ospatzen omen zuten haurtzaroan. Xumea, antolaketa gutxi behar duena, eta oso polita iruditu zaigu; haurrentzat festa handia, eta herrian giro berezia sortzen duena.

Zein da erabili duzuen metodologia?
Antropologian ohikoak diren teknikak erabili ditugu, behaketak eta elkarrizketak batik bat. Behaketari garrantzia eman diogu, bertan egon nahi genuelako, bertan sentitu. Ildo honetan, egun bakarrean edo gutxitan ospatzen denez jaia, antropologia auzolanean dinamika ere erabili dugu. Ezagun ditugun antropologoek behaketak burutu zituzten urriaren 31an hainbat herritan, eta oso eskertuta gaude, informazio asko biltzeko balio izan digulako.

Haurren begietatik eta diskurtsoetatik ere aztertu nahi izan duzue? Zergatik?
Heldu askoren ikuspegia bagenekien, askotan kritika eta debekutik eraikia. Deigarri zitzaigun haurrak beraiek antolatu eta beraiek zabaltzen ari zirela jai hau ikustea. Haiek eragin dute, eta gaur Gau Beltza edo Arimen Gauak badaude, haurrak Halloween ospatzen hasi zirelako da. Haien ahotik iritziak entzuteak bestelako ikuspegia eman digu, eta ezinbestekoa izan da ikerketarako. Jai oso indartsua da, osagai oso erakargarriak dituena: iluntzean lehenengotako aldia da lagunartean irteten direla, mozorrotu egin daitezke, sustoen faktorea dago, goxokiak jaten dira Haientzat festa perfektua da!

Behin lana bukatuta, hitzaldiak ere eman dituzue han eta hemen. Imajinatzen dut informazio biltzen jarraitzeko ere balioko zutela.
Iraila iristearekin batera, urrirako hitzalditarako deialdiak etortzen zaizkigu. Hitzaldien denboraldia da urria. Batzuetan, jakintza zabaltzeko deitzen digute, baina ia gehienetan, gurasoen artean Halloween jaiaren inguruan kezka edo deserosotasuna sortu delako izaten da. Deigarria egin zaigu ere, gehienetan euskalgintza edo euskara elkarteetatik deitzen digutela. Eta bai, hitzaldiak balio digute informazio berria jaso eta hausnartzen jarraitzeko.

Zer gelditu zaizue airean?
Ikerketa zabala izan da, eta argazki orokorra eta hurbilpena egiteko balio izan du. Ñabarduretan arreta jarri edo aztertu ditugun gaietan sakontzeko aukera badago oraindik. Ikerketarekin jarraitu daiteke, eta gure ustez jarraitu beharko litzateke, gertatzen ari den kultur transformazioa eta eztabaida bertatik bizi daitekeelako eta protagonisten iritziak orain eta hemen jasotzeak balio gehigarri eskaintzen diolako ikerketari.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea