Berriak

Joana Acha eta Luixa Reizabal: “Arreta, gogoratzeko gaitasuna, gorputzaren koordinazioa, hizkuntzaren soinuak bereizteko gaitasuna eta ezagupen fonologikoa txikitatik landu beharko lirateke gelan, 3 urtetik 6ra bitartean bereziki”

Luixa Reizabal Arruabarrena Psikologiako irakasle denak, bere lanean ikusten dituen gabeziei aurre egiteko Joana Acha Morcillorekin batera; Hezkuntza sozioemozionala eta ikaskuntza-zailtasunak: hezkuntza testuinguruetan aplikatzeko esku-hartzea liburua argitaratu du

Hezkuntza sozioemozionala eta ikaskuntza zailtasuna aztertzen dituzue liburuan. Zertan datza bakoitza? Hezkuntza sozioemozionala gizakiak (gure kasuan, haurrak zein nerabeak) pertsona arduratsu, jator eta zintzo bihurtzeko prozesua sustatzeaz arduratzen den hezkuntza dugu. Ikaskuntza zailtasunak, berriz, ikaskuntza-prozesuan egon daitezkeen oztopoei dagozkie. Horietako batzuk (dislexia, kasu), hizkuntzarekin dute zerikusia. Beste batzuk, berriz, adimen-gaitasunekin (hain zuzen ere, adimen-atzerapena); badira ere afektuarekin zerikusia dutenak. Besteak beste, autismoa. Eta, azkenik, hiperaktibitatea eta arreta-nahasmenduarekin zerikusia duten zailtasunak ditugu. Liburuan eskaintzen dira hezkuntza sozioemozionalarekin eta ikaskuntza-zailtasunekin zerikusia duten prebentzioa eta esku-hartzea hezkuntza-testuinguru ezberdinetan gauzatzeko baliabideak.    Hiru prebentzio maila al daude?

Psikologiaren alorrean honako hiru prebentzio-maila hauek bereizi ohi dira: lehena edo prebentiboa, bigarrena eta hirugarrena.


Prebenitu beharreko egoera edo arazoa agertu aurretik egiten denari dagokio lehen prebentzioa. Izan ere, arazoak sorrarazi ditzaketen baldintzak desagerraraztea da lehen prebentzioaren helburua. Lehen prebentzioaren adibide gisa, honako egoera hau jarriko dugu: demagun LH eta DBHko ikasketak eskaintzen dituen eskola batean ari garela lanean orientatzaile gisa eta eskola-bortizkeria saihesteko zerbait egin nahi dugula. Egoera horretan, lehen mailako prebentzioa egingo genuke, besteak beste eskola-giroa hobetzea, berdinkideen arteko harremanak hobetzea eta portaera prosozialak sustatzea helburu duten programak erabiliz.

Bigarren prebentzioak, ostera, nahi ez den arazo edo egoeraren seinaleak atzematen direnean erabiltzen da, eta bi helburu nagusi ditu: arazoa ahalik eta azkarren identifikatzea eta bideratzea. Halakoetan, arazoa pairatzeko arrisku handia duten populazioak identifikatu eta haiei zuzendutako programa eta estrategia bereziak erabiltzen dira arazoaren eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Aurreko adibidearekin jarraituz, bigarren prebentzioa honako hau izango litzateke: atzeman dugu ikasle talde bat jokabide oldarkorrak erabiltzeko ohitura hartzen ari dela. Hori ikusirik, bigarren mailako prebentzioa egingo genuke jokabide horiek arazo bihur ez daitezen, horiek desagerrarazteko programak aplikatuz.

Azkenik, dagoeneko nabarmena den arazo baten iraupena eta eragina ahalik eta txikienak izan daitezen erabiltzen diren estrategiei dagokie hirugarren prebentzioa eta zerikusia du arazoaren tratamenduarekin eta errehabilitazioarekin. Esaterako, eskolan ubelduraz eta zauriz beteta dagoen ikaslea ikusi dugu. Halakoetan, erasoaren biktima izan den ikaslearekin eta erasotzaileekin erabiltzen diren estrategiek hirugarren prebentzioa islatuko lukete.


Ikaskuntza zailtasunarekin zerikusia duten prebentzioa eta esku-hartzea hezkuntza testuinguru ezberdinetan gauzatzen dituzuen baliabideren bat konta zenezakete?

Prebentzioa edo esku-hartzea gauzatzeko baliabide berdintsuak erabili behar dira umearen garapenari dagokionez behintzat. Ikaskuntza zailtasunak detektatzeko erabiltzen diren ariketak, esku hartzean erabili daitezkeenak dira. Demagun, hiperaktibitatea atzemateko erabiltzen ditugun tresnak arreta neurtzen dutela, edo malgutasun kognitiboa. Ariketa horiek erabil daitezke, ariketa bera errepikatuz, denborak aldatuz (ordenagailuan puntu bat agertzen denean tekla bat sakatu behar badu, lehengo astean minutu bat egoten bada umea ariketa egiten, bigarren astean bi minutu jarriko dugu jarduera horretan). Umearen integrazioari dagokionez ariketa horiek moldatu egin beharko lirateke gelan lantzeko (lehengo kasuan adibidez, taldeka domino fitxekin jolastea izango litzateke ariketa). Lehen motako prebentzioa lortzeko, halako ariketak landu beharko lirateke gelan, ume guztiekin, edozein arazoa sortu baino lehen. Arreta, gogoratzeko gaitasuna, gorputzaren koordinazioa, hizkuntzaren soinuak bereizteko gaitasuna, ezagupen fonologikoa, eta horrelako prozesu basikoak txikitatik landu beharko lirateke gelan, hiru urtetik sei urtera arte bereziki, hauek izango baitira beste gaitasun kognitibo konplexuagoak lortzeko oinarriak.


Hiperaktibitatea eta arreta nahasmendua nola prebenitu genitzake, edo/eta ondoren nola jokatu beharko genuke?

Gaur egun, oso zaila da ikaskuntza zailtasun hau antzematea. Funtzio exekutiboan oinarritako gaitasunen nahasmenduaren eragina da (pentsamenduen eta gorputzaren kontrol eza, planifikazio eza, eta horren ondorioz, mugimendu eta arreta kontrolatzeko gaitasun eza). Dirudienez, txikitatik estresa jasandako burmuina (jaiotzerakoan edo jaio aurretik) erakusten du ezaugarri hau. Guzti hori, lau urtetik gora garatzen da umeetan, eta orduan, beste umeen arabera, ikus daiteke ezberdintasun bat. Eta gainera itxaron egin behar dugu, izan baitaiteke ume horretan gaitasun horiek geroxeago garatzea eta. Normalean zazpi urterekin ikusten da ume baten funtzio exekutiboaren garapen kaxkarra, eta orduan antzeman daiteke. Esku hartze kognitiboa garatu behar da alde batetik: arreta, mugimendua eta kontrola batez ere, eta medikoa ere: burmuinaren garapen berezi hau sortu duten neurotransmisoreen desoreka konpentsatuz.


Dislexiari aurre egiteko etxeko lanen bat ba al dugu?

Ez, momentuz ez dago ikerketarik benetan baliogarriak diren programak garatzeko, nahaste honetan arlo kognitibo guztiak kontutan hartzen duenak. Hala ere, esan bezala, ezagupen fonologikoa lantzeko ariketak, silabak eta morfemak detektatzeko entzumen ariketak, irakurmen silabikoa, letrak eta soinuak lotzeko ariketak eta abar (hau da irakurmenaren prozesu analitiko guztiak lantzen dituzten jarduerak) landuz asko lor daiteke irakurmena landu eta garatzeko. Badago merkatuan hala ere ariketa hauek egiteko tresna bat, erabilgarria izan daitekeena, gurasoek umearentzat etxean bertan ariketak diseinatzeko. Hona hemen

http://dislexia-breal.blogspot.com.es/2010/10/la-pizarra-dinamica-de-lectoescritura.html


Zuen liburuek euskarazko materialaren inguruan dagoen gabezia islatzen al dute? Bai. Izan ere, gabezia horri aurre egiteko asmoz idazten ditugu eta psikologia arloan euskarazko material nahikorik ez dago. Oraingo honetan, eskuliburua da eta horretarako bibliografia zabala aztertu dugu, testuan jasotzen dena.  Arlo asko jorratu dituzu Reizabal; bakea, zahartzaroa, gaztaroa, hezkuntza ... gaiak zein irispideren bitartez aukeratzen dituzu?  Bereziki ematen ditudan ikasgaien arabera aukeratzen ditut. Nire asmoa izaten da ikasleei ikasgai horien inguruko informazioa euskaraz eskaintzea.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea