Sorreratik bertatik Uztaro Giza eta gizarte-zientzietako aldizkariaren zuzendaria izan da Jokin Apalategi Begiristain (Ataun, 1943) psikologia sozialeko katedraduna (UPV/EHU). Orain, aldizkariaren 100. zenbakia besapean, agur esango dio zuzendari ardurari. Gustura dago egindako ibilbideaz, pausoz pauso lortutakoez. Hitz onak baino ez bidaia lagunentzako.
Erraz esaten da 100. zenbakia... Zenbat artikulu, zenbat egile, zenbat gorabehera?
Nekane Intxaurtza gure idazkariak prestatu dizkigun zifrak aipatuko ditut: 558 artikulu egile, 621 artikulu, 171 ebaluatzaile, Liburu aipamenak 104, itzulpenak 12, Batzorde zientifikoan 17 pertsona, erredakzio kontseiluan 25, hizkuntza orrazketan 5, maketazioan 3... Eta jende horrek ikasle eta ikertzaile estatusa dauka. Euskararentzat adierazle historikoa bilakatu da UZTAROren historia.
Egin dezagun 27 urte atzera. Beharrizan bati erantzuteko sortu zen Uztaro. Zein beharrizan?
UEU, Donibane Lohitzuneko lehen saioen ondotik, Uztaritzera igaro zen. Gogora dezagun, garai haietan, uztailez uztail, hainbat irakaslek, alfabetatzailek zein kultur animatzailek beren euskarazko formakuntza UEUren bidez egiten zutela. Eta halako batean, Francoren heriotzaren ondotik, Iruñera iritsi zen. Gaur ezagutzen dugun Euskal Herriko Unibertsitateak izaera hartzen zuen garai berean. Eta Unibertsitate haren barrenean euskarazko ikerketari atetxo bat idekitzen zitzaion. Honela, erdara bere bitarteko guztiekin, osotasunean, jabe zen giroan, miseria gorrienean eta barrenetik inolako laguntzarik gabe zen euskal irakasle-ikertzailea lehen urratsak egin beharrean aurkitu zen. Eskerrak UEU handik zebilela. UEUri esker irakasle-ikertzaileok euskaraz formakuntza jasotzen genuen. Eta euskarazko produkzio zientifikoa txiki-txikia bazen ere, eta oraino ahulagoak zirenean argitaratzeko zeuden ahalak, egoera hari erremedioa jarri nahian sortu genuen gerora UZTARO.
Uztarok asmatu zuela esan dezakegu?
UEUk ausardia ukan zuen halako basamortuan aldizkari zientifiko bati sorrera emateko. Gutxik sinesten zuten etorkizunik ukan zezakeenik. UEUtik erabaki hura bultzatu zutenei errekonozimendu bat zor diegu. Gu geu haien sinismenkide izan ginen. Ideia gutxi batzuekin, beti baitira beharrezkoak horrelako egoeretan, erabat lotu ginen proiektuari bultzada emateko.
Nolakoa izan da honainoko ibilbidea? Zein aldaketa izan ditu urte hauetan guztietan?
Inolako krisirik gabea izan da ibilbidea. Hori bai, urratsez urrats geroz eta argiago agertzen joan ziren beharrei erantzuten saiatu gara. Hasteko, euskara jakintza hizkuntza bihurtzeko hizkuntza bakoitzak lortu behar duen gizarte kondizioa eta gizartean probokatu behar duen kultur oniritzia eta maitemina bilatu genituen. Eta berehala ohartu ginen hezkuntza-sisteman euskarak gora egitean Estatuak bere kontrola ziurtatzeko legeak prestatzeari eman ziola. Berehala UEUk bere aldetik, euskaraz garatutako giza eta gizarte-zientzien alorretako ikerketa emaitzak argitaratzeko helburua agertu zuen; baita argitalpen horien egile-ikertzaileen seiurtekoak kontabilizatzeko orduan balioa eta onarpena izango zuten lanak argitaratzekoa ere; hots, munduan dauden hizkuntza desberdinetako giza eta gizarte zientzien aldizkarietan argitaratutako lanei ematen zaien balorearen parekoa euskarari aitortzea bilatu genuen. Horretara ailegatzeko jardunean bi modutako trabak gainditu beharra agertu zitzaigun. Horietarik lehena, aldizkari zientifikoen kalitate-ezagutza lortu beharra UZTAROrentzat. Latindexen ezagutza lortzea erabaki zen. Geroztik aski laster lortu zen 33 irizpideak betetzea eta Latindex erakundeak hori onartzea. Azpimarratzekoa da, 2010ean, 72. alearekin, lehen aldiz, Batzorde Zientifikoa eta Idazkariaren figura agertu zirela. Geroztik nabarmen ikusi dugu aldizkariak onarpen handia irabazi duela irakasle-ikertzaileen artean eta egileak geroz eta gehiago datozela UZTAROn argitaratu nahirik. Bigarren traba gainditzea, hots, seiurtekoak lortzeko balio normalizatua ukan dezaten argitalpenak egitearena litzateke. EHU erakundeak « kupulan » duen Espainiako hezkuntza, zientzia eta teknologia ministerioaren kontrola gaindituz, Euskal Herriko Unibertsitatearen Unibasq autonomo bihurtzetik igaro behar da. Horrerako bidea hartzen gabiltza une hauetan.
Kalitatearen bila ahalegin handia egin du Uztarok. Erronka nagusia hori izan da?
Funtsean, ez da UZTAROren arazo partikularra euskarazko ikerketan kalitatea dagoela erakutsi beharra. Giza eta gizarte-zientzietan dabiltzan aldizkari guztientzat berdina da. Bakarrik, lehenik “kalitatearen” ezagutza lortu zuten aldizkariek gotorleku bihurtzen ere saiatu izan direla eta horrek konpetentzia desleiala probokatu duela gibeletik datozenentzat. Ez da guk euskararen mundutik egiten dugun salaketa. Berriki Frantziako, Alemaniako eta Bretainia Handiko zientzien akademiek argitalpen zientifikoetan kategorizazioa egiteko darabilten irizpideei buruzko alarma gorria piztu dute, eta Carlos Moedas Europako ikerketa komisarioari protesta-deklarazio bat igorri diote.
Kalitatearen aldeko ahalegin horrek nolako errekonozimendua izan du?
Gizarteko beste hainbat alorretan bezala giza eta gizarte-zientzienean ere errekonozimendu formalak eta informalak daude. Guk helburu izan genuenean Latindexen bidez nazioarteko onarpena lortzea, heldu egin ginen. UZTAROren bezeroek geroztiko euren jarrerarekin lortutakoaren estimua aitortu digute; geroztik argitaratzeko igorritako lanen jarioa nabarmen igo baita. Orain lortzeko gelditzen zaigun errekonozimendua Euskal Herriko Erakundeetatik igaro behar da, neurri handi batean. Eusko legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak ohartuki desafio horretan saiatu behar dira. Frantziak, Alemaniak eta Bretainia Handiak borroka hori daramatenean, guk geuk ez al dugu beste behin ere trena galduko?!
Orokorrean euskarazko produkzio zientifikoaren osasuna nolakoa da gaur egun?
UZTAROren zero aletik 100. alera argitaratu duguna aztertzea aski da giza eta gizarte-zientzietan dagoen euskal produkzioaren osasuna handizki onera joan dela jabetzeko. Nola gaien zabaltasunak hala tratamendu zientifikoak eskatzen dituen planteamendu teoriko, metodologiko eta teknikoetan euskarak sekula ezagutu ez dituen bideak kurritu ditu eta duintasun handiz egin du. Gehiagoz inork ezin du esan euskararentzat bete ezinezko alor zientifikoak existitzen direnik, guri gaztetan esaten ziguten moduan. Gainerako hizkuntzetan egiten den guztira euskararekin ere ailegatzen ahal da. Euskal irakasle-ikertzaileen belaunaldi oparoa bezain prestatua, sendo erroturik eta bizirik, ageri da Euskal Herri osoko Unibertsitateetan.
Uztaroren ibilbidea aipatu dugu, baina nolako ibilbidea izan da Jokin Apalategirentzat?
Gu geu leize zulotik gatoz, hasteko. Oro inprobisatu beharra ukan dugu. Hori bai, ez gara bakarka jardun eta horregatik heldu gara gauden tokira. Talde lan paregabea egin dugu UZTAROren barrenean. Behin ere ez gara gure artean haserretu! Jakintza-eskola apala eta zintzoa praktikatu dugu. Eta ez dezagun ahantzi UEUren babesean ongi baino hobeto lagunduak eta behar ordu guztietan sostengatuak jardun izan garela. Bestela ezinezkoa izango zen egin den bidea egitea.
Zuzendari izateari utziko diozu. Zergatik orain?
Luxu bat da 100 ale ateratzera heldu izan den aldizkari bateko zuzendari izana. Baina, bizitzaren alor guztietan bezala honetan ere lekukoa pasatzen asmatzea garrantzitsua da. Gauzak ongi doazenean, ongi agertzen direnean, ordezkatzea egin behar da. Nik neuk, daukadan adinarekin, zorionez, fisikoki hala mentalki oso forman nagoenean, eta lanean jarraitzeko ilusioa daukadanean, nire alboan ikerketan jo eta ke ari den belaunaldi berriari jarraipenaren ardura pasatu nahi diot. Gu geu ez bezala prestaturik daude. Jakitun dira jokoan dauzkagun helburuak zeintzuk diren eta bat-batean eman daitezkeen ezusteak agertzen bazaizkie ere, gainditzeko kemena izango dutelakoan nago. Baldintza guztiak betetzen dira erreleborako. Aurrera bada!
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio