Kazeta-idazkera: arauak eta estiloa hitzen jokoan liburuan diozue kazetariek idazten duten ezer ez dela neutroa. Zergatik? Nola iritsi zarete ondorio horretara?
Alazne Aiestaran: Kazetaritza bera ez delako neutroa, etengabeko interpretazioa egiten duelako kazetariak. Aukeratu egiten du gaia, gairen fokua, gaia azaltzeko hitzak, emango dion espazioa… Hori guztia ez da neutroa, jarduera interpretatiboa baizik.
Jose Mari Pastor: Neutrotasunaren kontua betidanik saldu izan digute, kazetaritza kontu hotza, aseptikoa izango balitz bezala. Baina hori ez da egia. Zerbait idazten hasten zaren unetik, neutrotasun hori alde batera joaten da, zerbait aukeratzen duzulako eta, aldi berean, zerbait baztertu, lehen kontu hori hobetsi duzulako. Beste alde batetik, albiste batean arlo guztiak jorratzea ez da neutroa izan behar. Hori gutxieneko oinarria da albiste bat eskaintzeko, baina kazetaria pertsona da, eta idazten hasten denean, hitz jakin batzuk aukeratuko ditu arlo horiek garatzeko, edo ordena jakin batean eskainiko dizkio datuak irakurleari, edo titulu bat aukeratu. Ustezko neutrotasun hori hortxe bukatzen da.
Jose Inazio Basterretxea: ‘Neutro’ zer den definitu beharko genuke, ezta? Axolarik gabekoa, azalekoa, epela da neutroa. Ura ohi da neutroa. Ph neutroaz hitz egiten da, xaboiak azala urratzen ez duenean eta abar. Kazetaritza konprometituan sinesten dugu: zerbitzu publikoa da kazetaritza, kazetaritzak ezin du epela izan, ezin du neutroa izan, gizartearekiko konpromisoa du eta horri erantzun behar dio. Jendeak badu konfiantza kazetaritzak horri erantzungo diola, eta kazetariak ezin du konfiantza hori defraudatu. Ez da alderdikerian zentratutako kazetaritza erreibindikatzen duguna, ezpada ze gizartea hartzen duena jomugan, haren espektatibei erantzuten diena: kalitatezko informaziotik eta ikuspuntuen aniztasunetik abiatuta.
Zein da liburuaren helburua? Nori dago zuzenduta?
A: Kazetaritza, ikus-entzunezko eta Publizitate Graduetako lehenengo mailako ikasleek Berrien Idazketa Prentsan ikasgaian esku-liburu bat izatea da helburua. Beraz, ikasle horiei dago zuzendua.
JM: Liburuak oinarrizko lanabesak eskaini nahi dizkie gradu horietako ikasleei, berrien idazketa nola egin jakin dezaten. Kazetarigai guztiei zuzenduta dago bereziki, baina baliagarria izan daiteke egun kazetaritzan jarduten duten profesionalentzat ere, zergatik ez.
JI: Ona litzateke euskaraz jarduten dugun kazetariok eztabaidatzea gure profesioaz, gure lanen zuzentasunaz eta egokitasunaz. Horretarako balioko balu esku-liburuak, urrats interesgarria egingo genuke baita unibertsitatetik at ere.
Kazetaritza ikasle batek jakin beharreko gai eta esparru guztiak bildu dituzue. Hortaz, irakurleak esan dezake kazetaria dela liburua irakurri eta edukiak barneratu ostean? Zerk egiten du bat kazetari?
A: Uste dut gure aldetik pretentzio handiegia litzatekeela pentsatzea gure liburuak kazetaritza ikasle batek jakin beharreko guztia biltzen duela. Uste dut kazetaritza ikasle batek fakultatean kazetaritzarekin duen lehen harremana gauzatzeko hurbilketa bat dela liburu hau. Kazetaria etengabe egiten da, bere bizitza osoan zehar, eginaren eginaz.
JM: Lehen esan bezala, oinarrizko materiala bildu dugu liburuan. Lanaren abiapuntua da kazetaria, eta bereziki euskal kazetaria, kazeta-idazkeran murgildu eta sakontzeko. Liburu batek ez du inor kazetaria egingo, baina bai eskainiko dizkio lanbide horretan modu txukunean aritzeko arauak eta aholkuak. “Bereziki euskal kazetaria” esan dut, zeren liburuan jarritako adibide gehienak euskarazko hedabideetatik hartuta daude. Alde horretatik, kanpoko egunkarien morrontzatik askatzen saiatu gara, adibideak, onerako edo txarrerako, euskarazko esparrutik hartu ditugu, erreferentziak hemen kokatuz, kanpora joan gabe.
JI: Zerk egiten du bat kazetari? Gogoak eta anbizioak, hala esango nuke. Informazioaren munduan murgiltzeko gogoak, gizarte-erantzukizuna bereganaturik, noski. Horrexek egiten du bat kazetari. Eta anbizioak, jakina: gauzak besteek baino hobeto kontatzeko anbizioak, gauzak besteek baino lehen kontatzeko anbizioak, eta, azken buruan, irakurleengandik besteek baino hurbilago jartzeko norberaren errealitatea, zeinak sarri eskuragaitza iruditzen zaigun egia amestua ekarri behar baitu gogora. Sena ere behar du inork horretarako. Teknikak azaltzen ditu liburuak. Halere, norberak jarri behar ditu sena eta konpromisoa.
Euskarazko komunikazio-sektorearen denboran zeharreko irakurketa bat egiten du eskuliburuak. Euskarazko kazetaritzak horren beharra duelakoan zaudete, hau da, atzera begiratu behar du aurrera egiteko?
A: Zalantzarik gabe. Badira euskal kazetaritza errepasatzen duten lanak, guk bibliografian bildu ditugunak. Gure asmoa izan da, datarik garrantzitsuenak eta mugarriak biltzea errepaso txiki horretan. Uste dut euskal kazetari batek jakin behar duela zein izan lehenengo egunkaria euskaraz, esaterako, ezinbestekoa baita zer egin den jakitea gertatzen ari dena ulertzeko eta behar bezala interpretatzeko.
JM: Kazetaritzaren arloan ere beharrezkoa dugu memoria historikoa, nolabait esateko. Euskarazko kazetaritzak iragana du, eta hori ezagutu beharra dago orainera nola iritsi garen eta nola gauden ulertzeko. Are garrantzitsuagoa, etorkizunerantz joateko. Egun euskaraz dauden hedabideak –egunkaria, aldizkariak, irratiak, telebistak–, ez ziren kolpetik sortu, beste barik. Bide luzea dago eginda aurretik, nekeza eta aberatsa.
JI: Ez dakit zergatik, baina iruditzen zait euskaldunok uste dugula ez dugula liburuetan kontatzeko moduko historiarik. Beno, bai… aho handiarekin esaten dugu hemen bizi garela Cromagnon garaietatik, europarrik zaharrenak garela… Polita da hori; ez nahikoa. Epikarik ez duen historia ahaztu egiten zaigu sarri. Eta gure artean, euskarazko kazetaritzan, badago iragan bat, historia bat, erro bat… agian ez oso epikoa, baina, besteak beste, hori ezagutu behar du euskal kazetariak, euskal kazetaritza ezagutzeko. Epika handiustetik harago, atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu. Apala izan arren atze hori.
Kazetaritzaren lan baldintzen duintasunari atal bat eskaini diozue. Noizbait aldatuko da egoera? Nola?
A: Euskal kazetaritza aspaldian dago krisian. Bi hiru enpresa kenduta, gehienek aurrea egin dute militantzia handiz eta hala-moduzko soldatak kobratuz. Ezinbestekoa da langileek baldintza duinak izatea, haiek baitira proiektuen oinarria.
JM: Militantziak ez du oso izen onik gaur, badirudi hitz hori iraganeko kontua dela, vietnamitekin esku-orriak ezkutuan idazten ziren garaietakoa. Hala ere, militantziagatik izan ez balitz, ez ginen heldu garen lekura helduko. Baina horrek beste alde bat dauka: lan handia, gogorra egin eta baldintza eskasetan egon daiteke epe luzean? Kazetariek lan baldintza duinak behar dituzte, bai euskarazko bai erdarazko esparruan, horretan gogobetez jarduteko, bere onena eskaini ahal izateko.
JI: Esango nuke gehiago pentsatu dela proiektuetan, pertsonengan baino. Behar bada, hori bada gure herriaren ezaugarrietako bat egungo historian. Proiektuak egin behar izan dira, eraiki; kosta ahala kosta. Eta bide eraikitzaile eta ezinbesteko horretan, giza faktorea bigarren bat izan da. Helburuek bete izan gaituzte, bideak bigarren mailakotzat hartu izan baitira sarri. Prekarietatea hor jaiotzen dela uste dut. Helburuen garrantzia ukatu gabe, bermatu beharreko zerbait ere bada, izan, bitartekoen duintasuna.
Egun, ordea, kalitatearen aurretik diru kontuak izan ohi dira lehentasun. Nola egin litezke, hortaz, kalitatezko kazeta lanak?
A: Asko hitz egiten da kalitateari buruz azken aldian. Kalitatezko lanak egiteko nire ustez patxada behar da. Denbora, analisia eta gogoa. Eta egun presak agintzen du.
JM: Nik ere berdin pentsatzen dut. Kalitatezko prentsa egiteko, batez ere orain, hedabide digitalak, ikus-entzunezkoak dauden honetan, lan sakona egin behar da, eta horretarako denbora behar da, eskarmentua duen jendea, gogoa … Ez da erraza. Kalitatea zeri deitzen diogun ere ikusi beharko genuke. Diseinu polit, koloretsu erakargarria egitea ondo dago, baina gero, paper dirdiratsu horretan bilduta betiko morokila badago, iruzurra handiagoa da.
JI: Krisiari buruz hitz egin da aurreko galderan. Oraingoan ere, lehengo lepotik burua… Balioen krisi bat nozitzen dugu. Balioena. Baita kazetaritzan ere. Kalitatea ez da ezinbesteko bat, presaz bizi den gizarte hiperkonektatu honetan. ‘Edonor izan daiteke kazetari’, ‘zu zeu izan zaitez kazetari’… estilo horretako leloak ezagunak zaizkigu. Iruditu, iruditzen zaigu ezen zenbat eta bulgarrago –hedatuagoaren zentzuan– izan zerbait, orduan eta jatorragoa eta demokratikoagoa dela… Eta ez du zertan, beti. Zeren, gu zainduko gaituen medikuak unibertsitate-diploma izan dezala eskatzen baitugu, eta master bat, eta doktorego bat… Baina, informazioaren kasuan, dena da zilegi… Harrapatu hor kalitatearen trena!
Gaur egun, euskarazko kazetaritzaren deontologia osasuntsu dagoela uste duzue? Edo kode deontologikoa inoiz baino gutxiago errespetatzen dute kazetariek?
A: Ez dut horren gainean ikerketetan oinarritutako datu zehatzik. Nire inpresioa da euskarazko kazetaritzan badagoela sentsibilizazioa berezi bat gai batzuekiko baina seguru nago hobetu daitekeela.
JM: Nik ere esango nuke euskarazko kazetaritzak, orokorrean, sentsibilizazio berezia duela zenbait arlotan. Esaterako, mundua gure ikuspegitik begiratzean, gure begietatik, beste era batera ikus dezakegu irudi bat. Kontu bera hamaika modutara azal dezakezu, nondik heltzen diozun. Arrangoitzen hamar lagun hiltzen badira gas leherketa batean hedabide espainiar batek el suroeste francés esango du, frantses batek Arcangues edo Pyrénées Atlantiques eta euskarazko hedabide batek Arrangoitze edo Lapurdi. Estaturik gabeko herriei buruz ere berdin, baita gutxiengoen arloan ere eta gizarteko zenbait gaitan ere.
JI: Ez dut kontua oso argi. Baina, irudipena dut besteen antzera gabiltzala. Adibiderako, orain-oraintsu gertatu da: enbata ikaragarriak izan dira gure artean, medioek –baita titulartasun publikoek ere– ez dute arazorik izan afrikar baten heriotzaren irudiak zuzen-zuzen eskaintzeko, olatu batek Ondarroako kaitik indarka eraman duenean. Ez da jarrera deontologiko argia. Beste adibide bat: Euskal Herriko medioek –hedabide handi xamar denek esango nuke– ez dute arazorik gertakaririk gabeko kazetaritza egiteko, adierazpen-kazetaritza ustelean militatuta… Salbuespenak salbuespen, ez, ez gara hain diferenteak…
Azkenik, kazetaritzaren eta komunikazioaren inguruko argitalpen ugari egindakoak zarete. Epe laburrean, aurreikusi duzue beste argitalpenik?
A: Beti dago zer hobetu eta liburu hori egokitu egin beharko da bizpahiru urte barru. Ezin dugu esku-liburu bera erabili 10 urtean.
JM: Hala da. Kazetaritza etengabeko garapenean dago, euskarazkoa ere bai, eta liburu hori berritu edo osatu beharko da, gehiegi zahartu baino lehen.
JI: Dudarik gabe. Egokitu- eta berriztu-beharra du esku-liburuak jada, kaleratu bezain pronto.
“Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du”
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio