Berriak

Joseba Iñaki Arregi Orue: “Herri Indigenak maisuak izan dira euren borroka nazioarteko gaiekin lotzeko”

Ama lurraren zaindari lumadunak. Herri indigenak nazioartean izenburupean argitaratu du Joseba Iñaki Arregi Oruek bere lehen liburua UEUren eskutik. Doktoretzako tesia mugimendu indigenen buruzkoa izan baldin bazen ere, hemen eremu horretatik haratago doa eta indigenek 1992urtetik aurrera nazioartean lortu dituzten lorpenez aritu zaigu.

Tesia egiten ari zinela liburuaren proiektuan pentsatzen ari zinen?

Tesia nazioarteko mugimendu indigenari buruzkoa zen. Onespen eta aldaketa eragile izan delako nazioarteko harremanetan. Baina ez, tesia egitean ez nuen liburuan pentsatu, liburuarena gero atera zen. Tesian aipamen asko eta estilo akademikoa erabili behar da eta liburuak horren bertsio arinagoa egitea ahalbidetzen zidan.


Liburu honen bitartez zer aztertzen duzu, edo zer atera nahi izan duzu argitara?

Helburua hain zuzen ere Euskal Herrian dugun eurozentrismoa eta estatuzentrismoa apurtzea zen eta erakustea mundu mailan estatu gabeko nazioei hitz egiten dugunean askok indigenak dituztela buruan, eta ez gatazka etnikoari buruzko literaturan nagusi diren kasuak: hots, Euskadi, Catalunya, Quebec, Flandes etc. Gainera, erakutsi nahi nuen munduko indigenek 1974tik aurrera gai izan direla nazioarteko mugimendu bateratu bat sortzeko. Ez da parekorik Europako estatu gabeko nazioen artean.


Laugarren Mundua bezala deitu diote nazioarteko mugimenduari eta hirugarren bide bat egiten dutela diozu. Zer esan nahi du?

1970 hamarkadan zegoen mundua hartu behar dugu kontuan, eta orduan gertaturiko deskolonizazioa. Kolonialismoak zapalduriko herriak askatu egin ziren, kasu askotan estatu berriak sortuz, baina hauek estatu bihurtu bezain laster ukatu egin zieten autodeterminazioa “barne kolonialismoa” pairatzen zuten indigenei. Egoera honekin frustraturik hasten da Laugarren Mundua, “gizon gorria” liberatzeko. Hasieratik nazioartean ahotsa eta babesa lortzeko mugimendu moduan planteatu zen Laugarren Mundua izenarekin. Horrela agertu ziren NBEn baina gero horrelako izenak Hirugarren Munduko indigenentzat kaltegarria zelakoan Herri Indigenak deitura sustatu zuten.

Hirugarren bidea diot autodeterminazioa planteatzerakoan bai Estatuaren parte asimilatua izatea bai Estatu berria sortzea ukatu, eta dauden Estatuen barnean autodeterminazioa garatzea eskatu dutelako. Bide hau nazioarteko prozesuak, eta bertan dauden aukerak eta mugak ulertuz egin dute. Azkarrak izan dira europarron kontzeptuak hartu eta berrinterpretatzeko orduan. Gainera maisuak izan dira euren borroka nazioarteko gaiekin lotzeko. Eta oso ondo erabili dute lotzaren politika “shame politics” eta euren kasuaren indar morala. Azkenik, NBEko hainbat adituk eurekin bat egitea lortu dute, eta ondorioz, eurak laguntzeko mundu mailako sarea sortu dute.


Berdindu al daiteke Euskal Herriko kasua eta indigenena?

Ez, gu ez gara indigenak, europarrak baizik, eta herri indigena deiturak nazioarteko testuinguruan edota gaur egun ez du zer ikusirik autoktonoa edo bertakoa izatearekin. Nazioarteko mugarriak izan diren prozesuetan euren garrantzia eta kontribuzioa onartua izan da. 2007an Herri Indigenen Eskubide Unibertsalen Aldarrikapena onartu zuen NBEk. Bertan Giza Eskubide Unibertsalen Aldarrikapenean dauden hainbat eskubide onartu, baina baita ere, onartzen da indigenak dituzten talde eskubideak. Hots, autodeterminazio eskubidea. Indigenek euren sostengua eta baita Espainiarena ere izan zuten kasu honetan. Honetaz gain NBEk, estatuek eta adituek onartu egiten dute nazioarteko aktore berria direla eta euren eskubideak nazioarteko komunitatearen ardura eta betebeharra direla. Euskadirentzako nahiko nuke neuk horrelakorik.

Onespena lortzeko bidea Konplexua da. Eragile asko daude jokoan. Baina neuk esango nuke nazioartean lan egin eta nazioarteko lana ulertzeko, koalizioak sortzeko, aurreiritziak borrokatzeko, iritzi berriak sortzeko, beldurrak uxatzeko eta euren borroka lokala gai globalekin lotzeko gaitasuna erakutsi dutela. Liburuan deskribatu egiten dut ia-ia NBE Batzar Nagusiak euren Aldarrikapena onartzeko zegoenean, Afrikako estatuek autodeterminazioari uko egin eta dena gelditu zuten. Polita da ikustea nola buelta eman zioten blokeo egoera honi, posibilismoa erabiliz, Estatu batzuk eureganatuz, eta azkenean Afrikarren beldurrak uxatuz. Gakoa, autodeterminazio eskubidea dauden estatuen barruan (“within existing states”) egingo zela onartzea zen. Beraz, erakutsi egin zuten eurek ez zituztela estatu berriak sortu nahi. Ukatu egin zuten Estatuek beti erabiltzen dute argudioa: batek lortuz gero domino efektua gertatu eta estatuen zatiketa gertatuko dela. Honek kriston ahalegina eta gaitasun diplomatiko handia erakusten du.


Baina antzekotasunak ere izango ditugu, ezta?

Bai. Herri enkapsulatuak gara, baita herri zaharrak, ahozko hizkuntzari asko zor diogunak, etnozidio egoerak ezagutu ditugu etab. Historikoki harremanak izan ditugu. Sabino Aranak aipatu egin zituen bere lanetan eta euren aurkako sarraskiak eta euren domestikazioa kondenatu zituen… eta gaur egun egon badago Euskal Herrian eurenganako lotura psikologiko bat.

Honetaz gain, euretariko batzuk, Groelandia, Nunavut (Kanada), Kuna Yala (Panaman) autonomia garatzen ari dira eta prozesu horretan geu gara erreferentzi bat beraientzat. Honetaz gain, hizkuntza eta kultura iraunarazteko gure esperientzia interesatzen zaie. Baina kontuz, kasu askotan hizkuntza ez da erakusle etniko nagusiena. Indigenentzako erlijioa elementu garrantzitsuagoa izan daiteke hizkuntza baino. Euskaldunon kasuan, hizkuntza eta nazio-estatutasunari ematen diogun garrantziak markatzen du muga eta kontuz ibili behar dugu honekin, etnozentrikoak ez izateko.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea