Berriak

Josu Lopez-Gazpio: “Kimikako ikasle nintzenean eskuartean izan nahiko nukeen liburua idazteko ahalegin guztiak egin ditut”

Josu Lopez-Gazpio ikertzaile eta irakasle tolosarrak “Kimika orokorreko eskuliburua” argitaratu berri du UEUrekin batera. Kimikako doktoretza tesia defendatu zuenetik geratu gabe ari da ekin eta ekin: EHUko Kimika Fakultatean ematen ditu klaseak eta zientzia-dibulgazioan ere aritzen da -Zientzia Kaieran, Elhuyarren, Ekaian edota, gaur egun, Tolosaldeko Atarianzein Euskadi Irratiko Hirigorrian saioan-. Kaleratu berri duen lana idazten eman ditu 10 hilabete inguru: “Denbora askotxo, baina, ikerkuntzak, irakaskuntzak eta dibulgazioak ez dute aisialdi gehiegirik uzten”. Lan horren inguruan egin dugu solas berarekin.

Josu Lopez Gazpio

Kimika orokorreko eskuliburua” argitaratu berri duzu. Izenburu horrekin gida moduko bat dirudi, zer aurkituko du irakurleak bertan?

Kimikan oinarrizkoak diren hainbat gai landu ditut, batik bat, formulazioa eta nomenklatura, erredox erreakzioak, oreka-erreakzioak eta azido-base erreakzioak. Gai hauek sakontasun teoriko handiarekin aztertuta daude ohiko testuliburuetan, baina, nik idatzi dudana eskuliburutzat hartu behar da. Ikuspuntu praktikoak du garrantzi gehien. Jakina, azalpen teorikoak aurkituko ditu liburua erabiltzen duenak, baina, ariketen ebazpena zehatz-mehatz azalduta dagoela ere ikusiko du.

Norentzako idatzi duzu?

Ikasleentzat egindako liburua idaztea izan dut beti helburu. Egia da Kimikako irakasleek ere hainbat baliabide aurkituko dituztela bertan (ariketa osagarriak, eta abar), baina testuak idaztean, modu autonomoan ikasi nahi duen ikaslea izan dut buruan.

Kimika orokorreko eskuliburuan lantzen diren gaiak interesgarriak dira unibertsitateko lehen mailetan Kimika Orokorreko irakasgaiak dituzten ikasleentzat, batxilergoko azken mailako ikasleentzat eta unibertsitatera sartzeko Kimikako proba prestatzen ari direnentzat, adibidez. Kontzeptu guztiak ikasleek beren kabuz ulertzeko moduan azalduta daude, gainera. Kimikako ikasle nintzenean eskuartean izan nahiko nukeen liburua idazteko ahalegin guztiak egin ditut.

Zerk bultzatu zintuen liburua idaztera?

Aspalditik nuen ideia buruan, baina, ideia bat besterik ez zen, ziurrenik egin gabe geratuko zen proiektu horietako bat. UEUren ikasmaterialgintza sustatzeko poltsen deialdiaren berri izan nuenean, ordea, ideiak forma hartu zuen. UEUren laguntzarekin, helburua betetzea posible izan zitekeela ikusi nuen, batik bat, ideia aurrera eramateko babesa izango nuelako.

EHUn ere euskarria izan dudala aipatu nahi dut, izan ere, liburuak Euskararen arloko Errektoreordetzaren diru-laguntza jaso du. Pozgarria da ikustea EHUk euskarazko ikasmaterialgintza sustatzeko lan egiten duela. Eskertzekoa da, bestalde, Iñaki Alegria UEUko zuzendariak eta Jon Zarate Euskararen arloko Errektoreordeak zuzenean eman didaten sostengua. Eskuliburuaren “Hitzaurrea” eta “Azken hitza” haiek idatzi dute, eta hori ere eskertzekoa da.

Liburua argitaratzeko bidean, liburua bera idaztea ez da urrats bakarra: hizkuntza egokitasuna bermatzea, maketazio-lanak, edizioa, inprimatzea, diru-laguntzak lortzea eta bestelako burokrazia. Gauza asko daude atzean, eta itzalean egin beharreko lan asko dago. Zailtasunak zailtasun, liburua eskuragarri dagoela ikustean arazoak eramangarri bihurtzen dira.

Liburu honen ekarpen bezala aipatzen da, hitzaurrean, garaira eta ikasleen beharretara egokituta dagoen lana dela. Kimikaren irakaskuntzan aldaketa handiak gertatu al dira?

Bai. Egia da kimika bera ez dela asko aldatu, baina, azalpenak emateko modua desberdina da. Eskuliburuan lantzen diren gaiak ez dira berriak, noski, baina euskarazko ikasmaterialetan hutsune bat nabaritu nuen mota honetako ikasmaterialetan. Gaztelaniaz eta ingelesez badaude mota honetako eskuliburu eta gida praktiko asko, nahiko arrakastatsuak, baina, euskaraz ez. Ohiko testuliburuetan teoriak garrantzi gehiago izaten du atal praktikoak baino.

Eskuliburua ikasleen beharretara egokitzeko kontuan izan dut, esate baterako, azken urteotan zer-nolako galderak egiten diren unibertsitatera sartzeko Kimikako proban. Horiexek dira unibertsitatera etortzen direnean ikasleek ezagutu behar dituzten kontzeptuak, eta kimikarekin zerikusia duten Graduko ikasketetan ere funtsezkoak dira.

Bestalde, zientzian erabili behar den euskara ere garaira egokitu da; izan ere, kimikaren arloan behintzat, hizkuntza eta hiztegia modu adierazgarrian aldatu dira, esate baterako, 1999an UEUk “Kimikako Problemak” liburua argitaratu zuenetik hona.

Ikasteko erabilgarria izan dadin idatzi duzu, teoriak baino ariketa praktikoen ebazpenak ardatz hartuta; eginez ikasten al da?

Bai, zalantzarik gabe. Guztira 70 ariketa daude guztiz ebatzita eta urrats guztiak azalduta. Ikasleari sor dakizkiokeen zalantzak argi azaltzeko gai izan naizela uste dut. Gainera, beste hainbat ariketa osagarri daude, ia 50, ikasitakoa ondo ulertu dela egiaztatu ahal izateko. Eskuliburuan ariketak urratsez urrats ebatzita daudenez, ikasleak irakasle baten azalpenen beharrik gabe ulertzeko modukoak dira. Hortaz, modu autonomoan ikasteko liburua dela azpimarratu nahi dut, Kimikako liburu “lodiaren” osagarri ezin hobea.

Zer da zuretzako ikertzaile eta irakasle gaztea izatea?

Oro har, unibertsitatean ikerkuntzan zein irakaskuntzan lan egin nahi dugunok ezin ditugu epe luzerako planak egin. Batek daki non egongo naizen urte bete barru. Edonola ere, oso gustura nago egun EHUko Kimika Fakultatean dudan lanarekin. Irauten duen bitartean, momentuaz gozatzen saiatzen naiz. Aitortuko dizut lanera pozik etortzen naizela: irakaskuntza da nire bizitzako pasiorik handiena.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea