Berriak

Josu Martinez: “Euskarazko zinemarekiko ez-ezagutza ez da maila akademikora mugatzen”

Eibarko Udalak eta UEUk lankidetzan ematen duten XIV. Juan San Martin beka irabazi berri du Josu Martinez Martinezek "Irudiz eta euskaraz, gure hizkuntzaren zinema, gure zinemaren hizkuntza" izeneko proiektuarekin. Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatua da Martinez eta Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea (UPV/EHU). Orain arte ez da idatzi euskarazko zinemaren historiarik eta aurkeztutako proiektuak hutsune hori bete nahiko luke.

 

Zuk esana da ikerketa egitea istorioak kontatzeko modua ere badela. Ikerketa eta sorkuntza biak elkarren eskutik doaz etengabe zure kasuan...
Bai, zure galderan dago nire erantzuna. Sorkuntzak badu beti ikerketatik; eta ikerketa, nik ulertzen dudan moduan bederen, sorkuntza ere bada. Ni bietan sentitzen naiz gustura; eta agian horregatik da, ez daudelako elkarrengandik hain urrun.

"Irudiz eta euskaraz, gure hizkuntzaren zinema, gure zinemaren hizkuntza” izeneko proiektuarekin irabazi berri duzu Juan San Martin beka. Euskarazko zinemaren historia aztertzea du helburu. Idatzi gabe dagoen historia idaztea. Nondik abiatuko zara? Zein eratan landu nahiko zenuke?
Juan San Martin historia beka bat denez, nagusiki, ikerlana ikuspegi historikotik abordatuko dut; filmak eta autoreak bere garaiarekin elkarrizketan jarriz. Helburua da zazpigarren arteak euskararekin izandako harremana aztertzea; eta horretarako, hamarkadaz hamarkadako ibilbide bat marraztuko dugu; irudiz eta euskaraz sortutako lanen historia kartografiatuz. 

Ikerketa horrek ez du bakarrik interes akademikoa. Epai-mahaiak ere azpimarratu du duen gizarte mailako interesa...
Zoritxarrez, euskarazko zinemarekiko ez-ezagutza ez da maila akademikora mugatzen. Euskal Herriko unibertsitateetan ez da gaia propio tratatzen duen irakasgairik; eta usu, historia zein komunikazio zientzietako ikasleentzat erabat arrotza da euskal zinema; eta ez historia urruna bakarrik. Zabalago, gizarte mailan ere, azken urteetako film anitz, oharkabean pasatu dira gure pantaila eta oroitzapenetatik. 80 egunean film ederrak, esaterako, oso ikusle datu apalak izan zituen zinemetan; eta mundu mailako hainbat jaialditan saritua izan ondotik baino ez zen hasi Euskal Herrian fama hartzen. Ez alferrik, erregularki filmak ekoizteko gaitasuna lortu den honetan, euskarazko zinemaren erronka nagusietakoa film horiek ezagutuak eta ikusiak izatea da. Orduan, gure zinema sozializatzen, halako lan batek ere ekarpena egin dezakeela uste dut.

Zein da zure azken helburua?
Uste dut galdera erantzunda dagoela.

Bestetik, sorkuntza lanei dagokionez, Anti filmarekin ere batetik bestera zabiltza. Baita hainbat sari jaso ere. Azkenengoa Zinebin. Gidoi onenaren saria. Zein eratako harrera izan du lanak?
Harrera ona ari da izaten, bai. Euskal Herrian ikusi da hainbat lekutan, eta hemendik kanpo ere, Argentinan, Txilen, Frantzian, Sardinian... Nik uste dut, batzuetan zerbait gurea, lokala dela pentsatzen dugun arren, hizkuntza-menderakuntzarena oso gai unibertsala dela; eta, agian, horregatik konektatzen du jendeak film horrekin.

“Caminho longe” dokumentala ere baduzue esku artean. Esana duzu jende ikusezinaren istorioak kontatzea dela zuk gustuko duzuna. Herri entzunezin eta ikusizein bateko jende ikusezinaren istorioak...
Bai. Alfonso Etxegarai, gainera, ikusezina baino gehiago, inexistentea izan da duela gutxi arte; inolako dokumentaziorik gabe bizi izan baita 34 urtez, bere borondatearen kontra. Jakin genuenean deportazioari bukaera jarriko ziola, Txaber Larreategirekin berba egin, eta pentsatu genuen, duela 10 urte justu estreinatu genuen Sagarren denbora filmari nolabaiteko segida ematea; eta kontatzea, Alfonso eta Kristiane Etxaluzen deserriko azken egunak eta etxera bidaia.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea