Eibarko Udalak eta UEUk lankidetzan ematen duten Juan San Martin beka irabazi zuen Josu Martinez Martinezek 2019an eta horren emaitza da UEUrekin argitaratu duen “Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza” liburua. Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatua da Martinez eta Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea (UPV/EHU). Orain arte ez da idatzi euskarazko zinemaren historiarik eta aurkeztutako proiektuak hutsune hori bete nahiko luke. Irudiz eta euskaraz egin izan denaren halako kartografia zirriborro bat egin nahi izan du. Akademiara begira baino (nahiz eta akademiarentzat ere baden) euskaldungo zabalari begira.
Zein da euskal zinema?
Galderan dago erantzuna. Edo erantzunak, bakoitzak berea ukan dezake-eta. Ni irudiz eta euskaraz egindakoaz okupatu naiz liburu honetan.
Euskarazko zinemaren historiarik idatzi gabe zegoen. Hutsune hori betetzeaz gain, zein da lan honen helburua?
XX. mendean zehar irudiz eta euskaraz egin izan denaren halako kartografia zirriborro bat burutzea, askotan ezezagunak zaizkigun zinegile eta film euskaldunak deskubrituz, euskal kulturak zinematografiarekin ukan dituen harremanak aztertuz eta abar. Esango nuke hau ez dela akademiarentzako liburu bat (nahiz eta akademiarentzako ere baden, noski) ezpada saiakera moduko bat, euskaldungo zabala interesatu nahi lukeena. Niri apasionanteak iduritu zaizkit hemen kontatzen diren hainbat istorio, eta uste dut oso ezezagunak eta erakargarriak direla. Horregatik pentsatzen dut gustura irakurtzeko modukoa izan litekeela jende askorentzat, eta ez bakarrik adituentzat. Baina zer esango dizut nik, umearen aita naiz eta...
Euskal zinemaren inguruko liburuan, euskal zinemaren sorrera epilogoan...
Bai. Egiazki, filmak irudiz eta euskaraz jarraikortasunez egiten, 2005ean hasi ginen. Geroztik, urtero bi film inguru plazaratu dira; eta, beraz, euskal zinematografia bat, nolabait esateko, ordutik baizik ez da existitzen, nire ustez. Horrek ez du esan nahi lehenago ez denik ezer egin, ez denik ezer saiatu eta ez denik ezer amestu. Liburu honetan, horra arteko bideaz okupatzen naiz, batez ere, eta 2005etik gaur arteko tarte hori, azken kapituluan jorratzen dut, epilogo gisa. Hau bi arrazoirengatik. Batetik, orainaldiaz historia egitea, bizirik dagoen errealitate bat gatibatzea litzatekeelako, mugimenduan den irudi bat izoztea; eta bestetik, neu ere ikerketa-objektu nintzatekeelako errealitate horretan, hainbat film zuzendu ditudan neurrian. Ez nuen parte eta epaile bilakatu nahi. Bestela ere, jendearekin haserretzeko nahikoa arrazoi badugu egunerokoan eta....
Esploradore sentitu zarela diozu. Terra incognita baten kartografia-zirriborroa dela liburua. Zer dago deskubritzeke, ezagutzeke?
Gauza asko. Oraindik ere, gauza gehienak. Kontua da ze objektiborekin begiratzen duzun. Ze lente darabilzun. Ea film komertzialei bakarrik erreparatzen diezun, edo gure zinemagintza bereziki amateurra izan dela ohartzen zaren. Ea Euskal Herria Bilbo eta Donostia batzen dituen autopista dela uste duzun edo beste lurraldeak ere kontuan hartzen dituzun. Ea gizonezko zinemagileei bakarrik begiratzen diezun. Ea euskarazko prentsa eta aldizkari historikoak irakurtzen dituzun...
Zein bitxikeriarekin edo harribitxirekin egingo du topo irakurleak?
Zerrendatzen hastea zaila zait. Esango nuke gure zinemaren pelikula hau pentsa genezakeena baino dibertigarriagoa, paradoxikoagoa, eta tarteka tristeagoa dela azkenean; baina Happy End batekin.
Katixa Agirrek liburuaren hitzaurrean dioen moduan, Sinbolikoa izateagatik ez da makala errepresentazioaren boterea...
Hala zen XX. mende hasieran, eta gaur mila aldiz gehiago. Egunero ikusten dugu. Katixak ondo dakar gogora hitzaurrean Joxerra Garziak behin idatzi zuen hura: Nondik dago urruti ekialde urruna?
Zeintzuk dira euskal zinemaren erronkak?
Ez dut ezer berririk esaten, esaten badut, euskaldun bizitzen segitu nahi badugu, ikus-entzunezko mundua euskaraz behar dugula. Are gehiago, datozen urteetako borroka handienetakoa horixe izango dela, eta hor jokatuko dela hizkuntzaren biziraupena neurri batean. Azkenaldian, kontsumo ohiturak aldatu arau, balantza izugarri desorekatu da gure kontra eta ematen du jende gero eta gehiago hasia dela ohartzen urgentziaz. Erronkaren tamaina alimalea da; eta oraingoan ezin dugu itxaron ehun urte, zinemaren kasuan bezala, gauzak fundamentuz egiten hasteko.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio