Julian Maia Larretxea ikertzaile lesakarrak “Gazteek atzerakarga handiagoa nahi dute euskaraz?” artikulua argitaratu berri du Uztaro aldizkarian. Informatika eta Euskal Filologia ikasketak egin ondoren, Euskal Filologiako doktore tesia irakurri zuen 2000. urtean. Bertan, euskara batuaren eta euskalkien arteko harremanak kezkatuta ekin zion ikerketari, eta orain, besteak beste, euskarazko hitzen ordenak dauka arranguratua, “bereziki garrantzitsua iduritzen baitzait puntu hori euskarazko prosa modu egokian gara dezagun, eta haren bidez komunikazio-efizientzia lor dezagun inguruko bertze hizkuntza indartsuek erdietsia duten maila berean”. Bide horretan, jendarte eleaniztunean bizi garela aipatuta, honakoa diosku: “Nahi badugu jendea euskarara ekarri edo hizkuntza hori erabiltzen eduki, nahitaezkoa iduritzen zait hizkuntza eredu erraza eta malgua eskaintzea hiztunari, horrela “desanima” ez dadin euskara erabiltzeko, bertze hizkuntzetan gauzak “errazagoak” direlakoz eta idatzizko testuak bereziki, oro har, aisago irakurtzen dituelakoz”. Gai horien inguruan aritu gara Bilboko Irakasle Eskolan irakasle lanetan 30 urte daramatzan ikertzailearekin.
“Gazteek atzerakarga handiagoa nahi dute euskaraz?” artikulua argitaratu berri duzu Uztaro aldizkarian. Hasteko, hainbat modutan definitu izan da atzerakarga, zuk nola ulertzen duzu?
Nire ulerkeran atzerakarga gertatzen da erranaldian elementu batzuk, funtsezkoak direnak hartzaileak mezua prozesa dezan, jartzen direnean erranaldiaren amaiera aldera, hala atzeratu eta zaildu egiten dela mezu guziaren ulerkuntza berehalakoa. Konparazio batera, aditza erranaldian atzera eramateko joera hobesten bada, mezuaren ulerkuntza atzeratzen eta oztopatzen da, zeren irakurleak/hartzaileak ezin baitu prozesatu erranaldiaren eduki semantikoa aditza zein den ulertu arte. Eta aditz nagusia jartzen baldin bada erranaldi luze samar baten ondotik, irakurleak maiz etorri behar izaten du atzera testua berriz irakurtzera, bigarren irakurraldia behar duelakoz zentzua emateko irakurriari.
Atzerakargaren ondorioz, irakurleak behin eta berriz itzuli behar du atzera esaldia ulertzeko; horrez gain, eragiten al du bestelako ondorioren bat?
Bertze ondorio bat, orokorra, izan liteke atzerakarga handiko prosak irakurlea desanimatu egiten duela eta euskaraz irakurtzetik “erauzten” duela, bertze hizkuntza batzuetara eramanez. Jende aunitzek hobeki edo erosoago edo errazago irakurtzen du gaztelaniaz edo ingelesez euskaraz baino, eta horretarako arrazoi bat, kasu askotan, nik uste, hitzen ordena atzerakargatua da.
Uste dut oso kontuan hartzekoa dela mundu eleaniztun batean garela dagoeneko edo hartara goazela laster bizian, eta hiztunak eroso sentitu behar duela euskara erabiltzean, bertzela, bertze hizkuntza batzuek “eskaintza” hobea/errazagoa eginen baitiote eta euskara gelditu baitaiteke elementu sinboliko gisa, baina komunikazio-balio murritzekoa, eta beraz ahuleriak jota bizirik irauteko motel.
Euskara maila eta atzerakargaren erabilera lotuta al daude?
Duda dut: baliteke euskarazko eredu sendoenaren jabe diren hiztunek aldi berean jaso izana atzerakargaren aldeko sinesmena, eta horrela gertatzea “zenbat eta euskaldun hobea orduan eta atzerakarga-zaleagoa”; baina baliteke orobat euskarazko gaitasun handiena dutenek, nola baduten konfiantza nahikoa euren euskarazko ereduan, euren jardun linguistikoan ez men egitea eredu anti-naturalei. Nik nahi nuke azken hau izan dadin, baina ez dakit. Hori dela-eta erran nahiko nuke oso atzerakarga handiko erranaldiak ez direla “naturalak”, hiztunari ateratzen zaizkionak berez-berez bere jardun arruntean, baizik eta gogoeta egin ondoko berrelaborazio bat, itzultzailearen sindromea deitzen ahal zaiona: bakardadean hainbat itzulinguru eman gora eta behera erranaldi bati halako moldez non azkenean ateratzen den idatzi bat itzultzaileak berak bakarrak ulertzen duena, oso gramatika aberatsa eta jatorra erabilita bada ere. Uste dut bertzeak bertze ahozko eredu formal aberatsak gehiago baliatu beharko genituzkeela eredu gisa idatziaren erranaldi-egiturari begira, beti ere komunikazio-efizientzia izanik gidari, eta ez bertzelako ideia batzuk lehentasuna ematen diotenak hizkuntzaren jatortasunari eta ustezko edo egiazko berezitasunari.
Bertzalde, orain dela urte batzuk eginiko ikerketa batean goien mailako euskal-aditu talde batek erakutsi zuen askoz ere gehiagotan onartzen zituela atzerakarga ttikiagoko ordenamenduak, ezen ez irakasle-gai euskaldun batzuek orduan unibertsitatean ikasten ari zirenak. Nahiz eta adituen talde hori oso ttikia izan ikerketa hartan, eta haien jarduna ezin hartu baldin bada ere aditu guztien ordezkari gisa, gutienez bai balio du ulertzeko goi-mailako aditu batzuek bederen aisa onartzen dituztela atzerakarga ttikiagoko ordenamenduak. Eta erreferentzia garrantzitsua iduritzen zait aditu horiek erakutsi zuten jarrera, zeren nire ustez hizkuntzaren goi-mailako erabiltzaile horiek bi ezaugarri inportante dituzte: alde batetik, euskarazko tradizioan ageri diren garabide desberdinak ezagutzen dituzte, eta bertzetik oso esperientzia handia dute hizkuntzaren erabilera formalean, prosa logiko-diskurtsiboan, eta horrengatik ohartuta daude atzerakarga gehiegizkoak kalte handia egiten ahal diotela euskarari. Haien hautuak, beraz, garrantzi berezia du nire ustez, eredu gisa baliatzeko.
Idatzizko prosa logiko-diskurtsiboaren eremuan aldaketak izan ditugula diozu: zeintzuk?
Orain dela gutti arte euskara oso murritz erabili izan da erabilera esparru formaletan, eta orduan ulertzekoa zen maila teorikoan eredu bat edo bertze proposatzea, ereduaren komunikazio-efizientzia sobera kontuan eduki gabe. Azken batean, neurri handi batean ariketa teorikoa zen, eta maiz gaztelaniaz adierazia gainera. Ondorio praktiko handirik gabeko ariketa, alegia. Baina azken 40 urteotan euskarak sarbidea izan du hala hezkuntzaren eremuko maila guzietan nola hedabideetan eta administrazioan, eta egoera franko aldatu da: orain hainbat idatzi gehiago egiten da esparru desberdinetan, eta horietako askotan bada egiazko komunikatu-nahi bat. Adibide garrantzitsua iduritzen zait unibertsitatean gertatu dena ikustea. Bertzeak bertze, UPV-EHUn bertan gaur egun badira 2000 baino gehiago irakasle-lanpostu elebidun eta horrek erran nahi du milaka lagun horiek egunero ari direla erabiltzen euskara esparru formal batzuetan non beharrezkoa den eredu komunikatibo efiziente bat baliatzea. Egiazko komunikazio-beharrak asetzeko orduan ez da aski eredu teoriko polit edo ideologikoki erakargarri bat eskaintzea baizik eta prestatzea baliabide bat komunikazioa bideratuko duena aisa eta zauli. Prosa idatzia garatzeko eredu egokiena zein den epaitzeko neurria izan beharko litzateke hizkuntza-eredu horren komunikazio-efizientzia, eta ez hizkuntzari buruzko sinesmen nabariki ideologizatuak (“zer desberdinak garen!” estilokoak). Euskararen erabilera ugaritu delarik egiazko testuinguru komunikatiboetan, komunikazio-alderdiari begiratu beharko genioke gehiago eta ez hainbertze gure egiazko edo ustezko “desberdintasunari” bertze hizkuntzekiko, izan ere, hain desberdinak izateak eraman gaitzakeelakoz desagertzera, egokitu ezinik inguruan dugun errealitateari erantzuteko. Uste dut, gainera, aldaketa prozesu hori gertatzen hasia dela: orain dela 30 urte eredu nagusian “Erderismos” lanak eragin handia izanen zuen, baina gaur egun egiten diren proposamen aunitzetan ikusten da komunikazio-efizientziaren gaineko kezka, eta irizpide kritikoa erakusten da orduko uste batzuen aurrean.
Eta, zer dela eta gertatu da bilakaera hori?
Azken 40 urte hauetan, batez ere, EAEn egin den hizkuntza-politikak bidea eskaini du euskarak ere tokia izan dezan garatzeko, lehenago ukatuak zituen esparru batzuetan. Oinarrizko hizkuntza politikan euskararen aldeko jarrera zelabaitekoa agertu da, eta horrek euskarazko produkzioa handitzea ekarri du. Hizkuntza gehiago erabili da esparru idatzi formal batzuetan, eta horrek agerian utzi ditu ustezko eredu hoberenak barrenean gordetzen zituen ahulezia batzuk. Huts horiek agerian jarri dira, hizkuntzaren zinezko erabileraren beraren poderioz. Azken batean, Xenpelarrek erraten zuena gertatu zaigu euskarazko prosarako hautatua genuen ereduarekin: Andre ederra ezin geiago / umilla eta dultzia / surtan jartzian probatutzen da / nolakua den eltzia. Hau da: uste genuen ezin hobea zela hautatu genuen eredua gure idatziak aisa eta eder garatzeko, baina gero zinez lanean hasi garenean ikusi dugu non diren eskasiak eta hobetu-beharrak.
Euskara atzerakarga txikitze alderantz garatzen dabilen honetan, zer dela eta gazteek ez dute lekuko hori hartu?
Gertatzen dena esplikatzeko gogoratzen zaidan arrazoi segur aski garrantzitsuena izanen da oraingo gazteek euren ikas-ibilbidean kanon gisa izan dutela eredu bat atzerakarga erlatiboki handikoa, halakoa izan baitzen nagusi XX. mendean indartsu garatu zena, euskararen normalizazio prozesu bizkorrarekin batean.
Dena dela, nik uste dut gazteek ez luketela batere eragozpenik izanen atzerakarga txikitzeko “lekukoa” hartzeko, baina horretarako “lekukoa” zer den ulertu behar da lehenbiziko. Nire ustez, gazteei oraindik ez zaie “uhin” hori iritsi, eta oraindik lehenagoko ideologiaren isla erakusten dute euren jardunean. Atzerakarga txikitzeko kontu hori oraindik ez da irakaskuntzaren esparru guztietara ailegatu indartsu, eta lehengo uste axaleko batzuk oraindik bizirik eta indartsu daude. Bertze ikerketa batean ikusi dut gazte unibertsitario askok oraindik segitzen duela pentsatzen sinpleki “euskaraz aditza atzean jartzen” dela, oinarrizko uste gisa. Nik uste dut gai hau gehiago eztabaidatu behar dela eta franko asentatuak diren uste azaleko batzuk diskutitu behar direla. Lehenbiziko puntua, dena dela, da gaiaren inguruan kezka sortzea; gaiaren garrantziaz ohartzea baita aldaketa bizkortzeko lehenbiziko pausoa.
Irakaskuntza al da gakoa?
Hezkuntza sistemak ahalbide handia du denetara eta denengana iristeko, gurea bezala jendarteetan. Horregatik uste dut gakoetako bat dela irakaskuntza, zalantzarik gabe, baina ez bakarra. Orotariko irakasle guzien ekarria funtsezkoa da; kazetarien jarduna ere ez da hutsaren hurrengoa ereduak proposatzeko edo baliatzeko orduan; itzultzaileek ere badute beren pisua praktika onak proposatzeko eta zabaltzeko tenorean; bertzelako profesionalek ere nork bere esparrutik proposamenak egin litzakete. Dena dela, gauzak aldatu nahi badira, irakaskuntza-sistema da segur aski, oro har, baliabide indartsuenetako bat, bere maila guztietako zereginetan: ikerkuntzan eta ereduen zabalkundean. Azkenean, zerbait aldatu nahi badugu, irakasleok geure prestakuntza segur aski “findu” beharko genuke, belarriak tente beharko genituzke etengabe inguruan zer gertatzen ari den ikusteko, eta prest egon beharko genuke gure jakintzak, sinesmenak eta jarrerak eguneratzeko saioak egiteko, hala ikastaroen bidez nola diskusio-taldeen bidez edo bertzela. Iritzi kritikoa izatea irakasle ohartuaren ezaugarria da, eta jomuga, berriz, bere jardun profesionala hobetzea.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio