Berriak

“Deskribapen hutsaz haragoko interpretazioak egitea interesgarria da, iragana gure memorian oraindik bizirik dagoen espazioa delako”

Bakarne Altonaga Begoñak, Maialen Aranguren Alonsok, Aintzane Rincón Diezek “Historiagintzaren ikuspegi berriak: teoria eta praktika” liburua argitaratu dute. Historiagintzaren alderdi teorikoen inguruan hausnartzen duen euskarazko testuliburua da berau. UEUk UPV/EHUrekin koedizioan argitaratua.

Liburua hutsune bikoitza betetzeko asmoz sortua izan dela diozue. Zein hutsune?
Liburu honekin gure asmoa zen historia ikasten edo ikertzen dabiltzan ikasleek lagungarria den teoriari buruzko material bat izatea. Uste dugu garrantzitsua dela edozein ikerketa historiko burutzeko norberak erabiltzen dituen tresna analitikoen ezagutza zabala eta sakona izatea. Historia eta oro har gizarte zientzietako ikasleek hori kontuan izan dezaten garrantzitsua da. Eta mota horretako materiala euskaraz eskaini nahi izan dugu, egun garrantzitsuenak eta interesgarrienak iruditzen zaizkigun korronte eta ikuspuntuekin.

Historiagintza arloko ikuspegi berriak dakartzazue, zein zentzutan?
Gure iragana ulertzeko eta idazteko era desberdinak daude historiagintzaren alorrean. Urteetan zehar uste izan da garrantzitsuena zela datu objektiboen deskribapena eskaintzea iraganari buruzko kontakizun objektibo bat eskaintzeko. Planteamendu horrek daukan garrantzia gutxietsi gabe, uste dugu deskribapen hutsaz haragoko interpretazioak egitea interesgarria dela, iragana oraindik gure memorian bizirik dagoen espazioa delako eta egungo egoerarekin zerikusia daukalako. Zentzu honetan, planteamendu kuantitatiboez gainera, azalpen kualitatiboak eraikitzeko tresnetan zentratu gara. Iraganeko subjektuen esperientziak, gure ikerketa objektu diren horienak, oso konplexuak ziren diskurtso, sentsibilitate eta prozesu soziopolitiko korapilatsuetan murgildurik zeuden. Eta konplexutasun honi erantzuteko, azken urteetan biraketa linguistikoak zein biraketa materialak eskainitako ildoei eman diegu garrantzia.

Fanzineek, pelikulek, panfleto politikoek edo literarioek, fikziozko lanek edota ahozko testigantzek artxiboko espediente judizialek zein estatistika demografikoek daukaten bezainbesteko balioa daukate iragana ikertzeko
Horixe da gure abiapuntua. Historiografiaren alorrean batzuetan gutxietsiak izan diren iturriei garrantzia eman nahi izan diegu. Hauek ikerketa kulturalen alorrean oso erabilera zabala izan dute beti eta uste dugu historiaren alorrera ere ekartzea aberasgarria dela. Historia ofizialaren balioa ukaezina den aldi berean, prozesu kultural anitzak ulertzeko ezinbestekoa da beste iturri mota horietara jotzea eta gainerako diziplinatatik ikastea – antropologiatik, ikasketa literarioetatik, ikus-entzunezko zientzietatik – horiek historizatu ahal izateko.

Teoria feministaren eta generoaren ikuspegiak ere ezin falta
Hau da gure abiapuntuetako beste bat. Kontua ez da bakarrik gure ikerketetan emakumeek izan duten rola ikusgarri bihurtzea, berebiziko garrantzia daukan lana izanik ere. Kontua da, aldi berean, gure begirada bera genero harremanak nola eraikiak izan diren ulertzera ere zuzendu behar dugula, botere harreman hierarkikoak nola eraiki izan diren ikertu ahal izateko. Eta honek ez digu soilik emakumeei buruzko informazioa ematen, baizik eta gizartearen prozesu guztiena oro har. Zentzu honetan feminismoak eskaini dituen tresna teorikoak baliatzea beharrezkoa da.

Hiru zatitan banatu duzue liburua. Zer aurkituko dute historia ikasleek liburuan?
Lehenengo zatian irakurleak historiak, diziplina historiko gisa garatu zen arte, jasan zituen aldaketak aurkeztu nahi izan ditugu. Horretaz aparte, historiaren alorrean korronte nagusiak izan diren horiek ere aurkeztu ditugu: historizismoa, ikuspuntu marxista, ondorengo historia soziala eta kulturala, post-estrukturalismoa etab. Ikuspegi berriak planteatzerakoan beharrezkoa da klasikoak diren ikuspuntuek planteatu duten hori ezagutzea, askotan horiekiko asegabetasunak edo kritikak sortuak baitira ikuspegi horiek. Bigarren atalean, berritasunak ekarri dituzten korronte eta kategoria analitikoen inguruko argibideak eman ditugu. Eta hirugarren atalean iturriekin lan egiteko argibidetan sartu gara: iturri literarioa, ahozko iturria eta zinemagintza. Beste iturri asko ere sar zitezkeen: piktorikoa, argazkiak… Baina planteamendu zabala mantendu dugu, izan ere badakigu aukeratutako iturriei buruz esandakoak beste iturri askori ere aplikagarriak direlako.



Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea