Berriak

“Euskaldunak eta karolingiar iraultza; Akitania eta Baskonian” liburua aurkeztu du UEUk

Euskal eta europar identitatearen garai erabakigarri baten kronika(k): Euskaldunak eta karolingiar iraultza; Akitania eta Baskonian barrena ikerketa liburua idatzi du Iñaki Lopez de Luzuriaga Martinez irakasleak. Bertan, Franko karolingiar iraultza eta, hura gertatzearekin batera, hauen Akitania eta Baskoniako hedakuntza aztertu du. UEUk argitaratu du liburua eta www.ueu.eus helbidean eskuratu daiteke.

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Frankoak bizi izan ote ziren inoiz Akitanian? Galdera horri erantzuten saiatu da Lopez de Luzuriaga: “Garona eta Loira arteko lurraldeak, erromatarren Aquitania Prima eta Secunda, bazuen ospe bat, eta nahiko ondo gordetzen zituen garai hartan Antzina Aroko Akitania horren ezaugarri eta egitura galiar-erromatarrak. Frankoek 507an inbaditu zuten lurraldea eta, militarki garaitu arren, Loiraz hegoaldera, frankoak demografikoki elementu urria ziren, baita arrotza ere. Hala ere, Odo duke akitaniarrak frankoak ere baliatu zituen 721eko Tolosa Okzitaniako bataila handian, eta horrek galderak pizten ditu haien jatorri eta izaerari buruz”.

Lopez de Luzuriagak jaso duenez, elizaren papera erabakigarria da Franko karolingiarren hedakuntza ulertze aldera. Eliza Erromatar Inperioaren ospea eta agintaritza zen eta, Karlos Martel eta bere leinuko buruzagi frankoak Erromarekin uztartu zirenean, frankoak, azkenean, erromatar “peto-petoak” bihurtu zirela azaldu du: “Pepin Motza buruzagi frankoak estatu kolpe bat eman zuen 751n, errege bihurtu, eta neurri handi batean, bizkarra eman zion herri frankoari. Horretarako, ezinbestekoa izan zuen Erromako apezpiku Zakariasen babesa. Ardatz beraren bi gurpilak bihurtu ziren”.

Baskoi-akitaniar eremu politiko bat sortzeko aukera, zapuztuta

Karlos Martel delakoak, Karlomagnoren aitona zenak, gobernu-egitura bertikal eta indartsuak ezarri zituen, eta horrek baskoi-akitaniar eremu politiko bat sortzeko aukera zapuztu zuela baieztatu du Lopez de Luzuriagak: “Akitaniak Erromaren ospea zuen VIII. mendera arte, tokiko galiar-erromatar tradizio natiboaren erakusgarria zen, eta baskoiek erromatar tradizioan kokatu nahi zuten beren burua, herri germaniar barbaroei kontrajarrita”.

VII. mendearen erdialdetik aurrera, dinamika propio bat ontzen hasi ziren elkarrekin: akitaniarren eta baskoien dukerri autonomo bat. Felix Tolosa Okzitaniako senatariak eraiki zuen etxe horren lehenengo zutabea 660ren bueltan. Horretarako, akitaniarrak baskoien indar militarrean oinarritu ziren, haien arteko sinergia bat sortu zen, itun bat, Garona ibaia ardatz nagusi hartuz. Pirinioak, berriz, baskoien aterpe dinamiko bihurtu ziren.

Aldiz, 768tik aurrera, Septimania eta Akitaniako gerren lorratzean, karolingiarrek diziplina zorrotzeko beneditar monasterioak ugaldu zituzten, sare bat eratu. Benedikto Anianekoaren, Gilen Orangekoaren eta karolingiar erregeen lana erabakigarria izan zen. “Baskoi-akitaniar proiektuarenak egin zuen, baina gauza ez zen hor bukatu” -azaldu du historialariak- “historia dialektika da”.

Kontakizun bakarra eta dialektika historikoa

Garai hartako historia, oro har, garaileen idatzien bidez ezagutu dugu; baina liburu honetan, dialektika historikora ere jotzen du historialariak, eta bestelako kontakizunak ere aintzat hartu. Lehenengo eta bigarren mailako iturriak darabiltza, alegia, garaitik gertuen daudenak, adibidez, 754ko mozarabiar kronika, edo Annales regni Francorum, eta geroago ondutako azalpenak zein ikerketa modernoak. “Noski, horrek analisi historikoaren aldetik baditu hainbat zirrikitu eta korapilo: narrazio historikoei erreparatu diet, eta historiografia modernoa begi kritikoz aztertu”.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea