Aldiri Arkitektura eta Abar aldizkariaren 42. alean “Doktrinamendu arkitekturak” aztertu dituzte. Bertan, besteak beste, Andoni Duque Ingunza eta Irantzu Ibañez Espinosak “Globalizazioaren doktrinamendua” espazio domestikoan aztertu dute.
Globalizazio-prozesuak hiri-espazioak ulertu eta bizitzeko joerak aldatzeaz gain, espazio domestikoan ere izan du eragina. Nolakoa da etxeko barruko homogeneizazio prozesu hori?
Neurri handi batean gainontzeko produktu kulturalekin, modarekin esaterako, gertatzen den homogeneizazio prozesu berdina ematen da. Boterearen bozgorailu diren ikus-entzunezko produktu eta mundu mailako marketing kanpainek jarraitu beharreko ereduak inposatzen dituzte; non modelo globalek adibide lokalak baztertzen dituzten.
Bestalde, kapitalismoa sendoa eta globala izateak (alternatibarik gabea), norabide bakarra jarraitzera bultzatzen gaitu. Indibiduoen jarrerak, erabakiak eta ustezko beharrak geroz eta antzekoagoak dira. Honek aurreko puntuan adierazitako prozesua indartzen du.
Beraz, gure etxeak ez dira horren gure?
Gehienez etxea gure egite hori zuzenki lotua agertzen da dekoratze prozesuarekin; ez hala etxebizitzak egituratzeko barne antolaketarekin. Beraz, ez, gure etxeak ez dira horren gure. Esaterako, alternatiba desberdin gehiago daude janzkera aukeratzeko orduan, gure izango den etxearen antolaketa aukeratzerakoan baino.
Ildo hau jarraituz, moda erabili-botatzeko produktu bezala interpretatzen da; beraz, merkatuari eskaintza ezberdinak planteatzea interesatzen zaio, kontsumitzen jarrai dezagun. Aldiz, etxebizitzak merkatu logika honetatik kanpo daude, ezin direlako erabili-botatzeko produktu bezala interpretatu. Merkatuak ez du barne antolaketan alternatibak aurkezteko interesik; beraz, etxebizitza oso bertsuetan bizi gara.
Zer esaten digu etxeen barne-antolaketak?
Etxebizitzen barne antolaketa erabiltzaileen bizitzeko moduari egokitzeaz gain, erabiltzaileen pentsatzeko eran oinarritua egon beharko litzateke. Hala ere, barne antolaketa momentuan momentuko gizartearen bizimodu, pentsamolde eta kulturaren isla izan da.
Historian zehar, gizarte ezberdinetako etxebizitzen barne antolaketa analizatuko bagenu, pentsamolde edota erabilera horiei guztiei erantzun material bakarra baino askoz anitzagoak diren aukerak agertzen direla ikusiko genuke.
Gaur egungo barne antolaketek hierarkia, indibidualtasuna edo jabego ez partekatua bezalako irizpideak jarraitzen dituzte; hau da, kultura kapitalistaren ondorio dira.
Barne-antolaketa globalizatu horren ezaugarriak zeintzuk dira?
Batetik, akademikoki eraikitako ikuspuntutik, gau-egun banaketa arrazionalista ematen da. Gune “publikoak” alde batean topatzen ditugu; egongela, jangela eta sukaldea; azken hau irekia edo itxia izan daitekeelarik. Espazioen barne antolakuntzan jabeei galdetzen zaien gauza bakanetakoa da azken hau.
Beste aldean, espazio hauekin eta elkarren artean erlaziorik ez duten logela nagusia, bigarren logela eta bi komun oso daude. Hauei sarbidea emateko distribuzio espazio bat agertzen da, bestelako funtziorik gabea. Aipagarria da harrera edo hall funtzioa galdu egin dela.
Eguneko gune publikoan, sukalde eta egongelaren tamainen arteko proportzioa errepikatzen da; eta telebista-sofa binomioak espaziorik garrantzitsuena betetzen du.
Gaueko espazioetara salto eginez, logela nagusiak ohe bikoitza du beti, bikotearentzat prentsatua da. Metro karraturik gehitu ahal bada, espazio honi eskainiko zaio eta bainu pribatua izango dute; askotan, etxeko beste bainugela baino handiagoa. Honek denak, etxebizitzako erabiltzaileen arteko hierarkia argi azpimarratzen du.
Bigarren logelak, ohea, armairua eta idazmahaia izateko tamaina du. Nahiz eta askotan, motibo komertzialak medio, bi oherekin marraztua agertzen den. Banakoaren erabilera unitate independiente bezala definitzen da.
Etxean agertzen diren armairuek, fondo berdina dute, 60zm-ko sakonera estandarra eta espazio pribatuetan kokatzen dira.
Agerikoa da ezaugarri hauek guztiak ez direla horrela izan historian zehar. Ezaugarri hauen atzean ideia batzuk daude, eta etxebizitza hauetan bizitzeak ideia horiek indartu egiten ditu.
Bestetik, adierazgarria zaigu mundu zabaleko jantzi edo janariak izendatu ahal izateko, barneratu ditugula pizza, kimonoa edota kipá bezalako hitzak; eta, aldiz, munduko edozein etxebizitza homogeneizatu baten oin planoa ikusita, zehazki dakizkigula espazio edo txoko guztien izen, erabilera zehatz eta tamainen egokiera. Ez dugu lekuan lekuko hitzen beharrik. Honek, argi erakusten digu mundu zabalean eraikitzen diren etxebizitzak aztertu dezakeguna baino berdinagoak direla.
Eraiki berri edo eraikitzeke dauden etxebizitza-promozioen lagin bat hartu duzue azterketarako. Nolakoa izan da lagin hori? Nongo etxebizitzak dira? Zer hartu duzue kontuan?
Azterketa-jolas baten moduan planteatu dugu, mundu mailako kokaleku ezberdinetako eskaintza orokorraren lagina hartzea izan da helburua. Horrela, Interneten topatutako promotoreen webguneetan egin dugu bilaketa; jatorri kultural ezberdinen erakusgarri izan zitezkeen hirietako etxebizitzak hautatuz. Elkarren artean alderatu ahal izateko, etxebizitza blokeetan kokatutako ereduak hartu ditugu, bi logeladunak; bestelako espazio gehigarriak zituztenak baztertuz. Aukeraketa kozienteak ekiditeko, herrialde bakoitzean aurkitutako lehenengoa izan dugu aztergai.
Ezerk harritu zaituzte?
Espero bezala, espazio nagusien banaketa, tamainak eta erlazioak oso bertsuak dira gehienetan. Hala ere, ezberdintasun gehiago espero genituen bizi dugun mendebaldeko kultura, klima zein erlijio aldetik urrunago diren herrialdeetako etxebizitzen kasuan. Herri batzuetan aspektu higienikoetan errepikatzen diren eta espero ez genituen ezberdintasun minimoak baztertuta, bakarrik Japoniako ereduan aurkitu ditugu tokiko tradizioak markatutako ezaugarriak. Egia esan Japoniako salbuespen honek harritu gaitu; oraindik ere etxebizitzak eta honek sortzen dituen erlazio-espazio malguak oso bereak direlako.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio