Berriak

“Guk batez ere literatur kritikak jorratu ez dituen auziak harrotu nahi izan ditugu”

UEUk argitaratutako “Indarkeriak dantzatzera behartzen gaituzte” liburuan Euskal Herrian bizitako gatazka armatuaren askotariko irakurketa feministak jasotzen dira. Iratxe Retolaza Gutierrezek eta Ibai Atutxa Ordeñanak editatutako liburu honetan Lorea Azpeitia Antak, Olatz Dañobeitia Ceballosek, Onintza Odriozola Irizarrek, Eider Rodriguez Martinek eta Ane Villagran Arrastoak ere parte hartu dute. Euskal Herritik eta euskal testuingurutik eginiko soziologia literatur kritikarekin elkarrizketan jarri nahi izan dute. Retolaza eta Atutxaren esanetan “60ko hamarkadatik aurrerako literaturaz orain arte egin gabeko galderak eta erantzunak topatuko dituzte irakurleek”

Argazkilaria: Klaus (Bira kulturgunea)
Ezkerretik hasita Ane Villagran, Ibai Atutxa, Iratxe Retolaza, Olatz Dañobeitia eta Lorea Azpeitia

 

Gatazka armatuaren irakurketa feminista egiten du liburuak. Gatazkaz ala gatazkez hitz egin beharko genuke?
Edozein gatazkatan (izan armatu ala ez) hainbat gatazka gurutzatzen dira, hainbat zapalkuntza gurutzatzen dira; eta beraz, gatazka bakar bati buruz aritzea abstrakzio ariketa bat da, egoera konplexu eta nahasi bati modu fokalizatu jakin batean begiratzeko ariketa, marko baten arabera gatazkari begiratzeko. Gatazka armatuari batez ere nazio zapalkuntzaren begiradatik heldu zaio, nahiz eta gatazka armatuaren testuinguruan hainbat gatazka eta zapalkuntza gurutzatu: genero gatazka, hizkuntza gatazka, klase gatazka, sexu gatazka… Eta gatazka horiek guztiek elkarri eragin diote, eta gatazka armatuaren askotariko posizioetan parte hartu duten eragileak edo kideak zeharkatu dituzte gatazka horiek guztiak (ez bakarrik armatuak), eta oso modu ezberdinetan zeharkatu ere.

Garrantzitsua iruditzen zaigu gatazkak gurutzatzen diren gune eta une horiek aztertzea, testuinguru sozialen konplexutasun horiek ertz zenbait ikusgarri egiteko, ikusezinak edo isilduak izan diren ahots edo errealitate zenbait ikusgarri egiteko.

Zeintzuk dira orain arte jorratu gabeko auziak?
Guk batez ere literatur kritikak jorratu ez dituen auziak harrotu nahi izan ditugu. Bereizi egin behar dira literatur testuak eta literatur kritika. Literatur testu askotan gai ugari jorratu dira, eta azken urteotan ikuspegiak eta begiradak ugaritu dira. Literatur kritikan, aldiz, hainbat alderditan begiradak edo ikuspegiak ez dira literatur testuetan bezainbeste aniztu, ugaritu edo zabaldu. Ez dugu arreta jarri azken urteotako literatur testuetan, atzera begirako begirada nagusitzen da liburuan; batez ere, orain arteko ibilbide kanoniko eta ibilbide ez-kanoniko batzuk feminismotik berrirakurtzeko ariketa egin nahi genuelako. Azken aldiko literaturak eman duena aztertu aurretik, beharrezkoa iruditzen zitzaigun auzitan jartzea orain arte literatur kritikan gatazka armatua errepresentatzen duten lanez hitz egitean erroturiko diskurtso batzuk.

Gatazka armatuaren inguruko errelatoaz ari garela, hauxe da guk liburuan azpimarratzen dugun alderdi bat: gatazka armatuaren errelatoa eraikitzeko marko bakar bat hedatu nahi dela, markoa bera auzitan jarri gabe, interpretazio marko horren inguruko galderak egiteko ahalmena bera isilarazteraino.

Zein da literatur kritikan nagusitu den ikuspegi literario-politiko hori?
Ikuspegi hori da gatazka armatua gertaera gisa kritikoki galdekatzen ez duen ikuspegi bat. Kontua da ikuspegi horrek ezin duela gatazka armatua kritikoki galdekatu, hain justu kritikoki hurbiltzeko gaitasuna ezabatu egiten duen marko kritiko bat darabilelako. Marko horretan kontzeptu batzuk (kontsentsua, elkarbizitza, terrorista...) erabiltzen dira neutroak izango balira bezala; eta noski, neutroa den ezer gutxi dago gurean. Bada, kontzeptu horiek estatu espainiarraren eraikuntzarako ezinbestekoak izan dira, gutxienez, 78tik aurrera. Diktaduratik 78ko erregimenerako trantsizioan ezinbesteko kontzeptuak izan dira kontzeptu horiek, eta horregatik zalantzan jarri gabe erabiltzeak 78ko erregimenaren zentzu komuna errepikatzea dakar, erregimen horren indarkeria eta guzti.

Diziplina bat baino gehiagotatik begiratu diezue zuek gatazka armatuari. Zer topatuko dute irakurleek liburuan?
Liburuan soziologiatik eta literatur kritikatik begiratu diogu gatazka armatuari. Lehenengo atalak biltzen ditu lan soziologikoak. Bigarren eta hirugarren ataletan jorratu dugu literatur kritika. Bigarren atalean testu kanonikoak eta diskurtso hegemonikoak jartzen ditugu ezbaian. Hirugarren atalean, sorkuntza-lan ez kanonikoetara jo dugu errepresentabide eraldatzaileen bila.

Atal guztiek gatazka armatuari buruzko irakurketa feminista egiten dute, eta horri esker, iruditzen zaigu euskal literatura garaikidera hurbiltzeko modu ezberdina proposatzen dugula denon artean. Hau da, 60ko hamarkadatik aurrerako literaturaz orain arte egin gabeko galderak eta erantzunak topatuko dituzte irakurleek.

Euskal Herritik eta euskal testuingurutik eginiko soziologia literatur kritikarekin elkarrizketan jarri nahi izan dugu, marko hegemoniko horren ajeetariko bat hauxe baita, ez dituela kontuan hartzen Euskal Herriko ikuspegitik eginiko ikerketa soziologiko gehienak, ez Euskal Herriko mugimendu feministak sorturiko ezagutza, ezta, modu orokor batean, bertako herri mugimenduek eginiko ekarpenak ere.

Zein esango zenukete dela lan honen ekarpenik nagusiena?
Literatur kritika birkokatu egiten du liburuak eta euskal literatura irakurtzeko modu berriak eskaintzen ditu gatazka armatuari feminismotik begiratzeari esker. Horixe, da, esango genuke, liburuaren ekarpenik nagusiena. Iruditzen zaigu, liburu honek aukera ematen diola, kritikariari bezala irakurleari, literatura garaikidea (zehazkiago, gatazka armatuaz diharduen literatura) modu berri eraldatzaileetan irakurtzeko, edo bai gutxienez, literatur testuen inguruko irakurketan galdera berriak eta eztabaida berriak mahai gainean jartzeko.

 

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea