Berriak

“Lan honek hiri bazterra ulertzeko gako teoriko, kontzeptual eta praktikoak eskaintzen ditu”

“Paisaia-ikuspegia eta haren lau dimentsioak” Maider Uriarte Idiazabalen tesian oinarritutako liburua argitaratu du UEUk. Anartz Ormaza Ugalde eta Leire Milikua Larramendik hartu dute liburua editatzeko ardura. “Ohore bat izan da” eurentzat Uriarteren gertukoek egindako proposamena.

Maider Uriarteren tesia dago liburu honen oinarrian. Zer esan nahi du liburu honek zuentzat?
Liburuaren hitzaurrean ere aipatzen dugu, guretzako ez da erreza hitzak topatzea liburu honetan jarduteak sorrarazi digun sentipena adierazteko. Maiderrek bere tesiarekin liburua argitaratzeko asmoa izan bazuen eta hortaz, guretzako esanahi handiko liburua da, inolako zalantzarik gabe. Maider laguna genuen, lagun mina. Bere gertukoek bere tesia oinarri moduan hartu eta liburu hau editatzeko proposamena luzatu izana ohore bat izan da. Ardura handiz hartu dugun lana izanik, hasieratik Maiderri egiten diogun eskaintza moduan sentitu izan dugu.


Hiri-bazterreko paisaia du aztergai. Lan honek hiri-bazterreko paisaien izaera ulertzen lagun dezakeen tresna izan nahi du. Hiri bazterra ulertzeko betaurrekoak aldatu behar dira?
Bai, noski. Azken hamarkadetan fokua hirian bertan jarrita egon da, honen bazterrari ia erreparatu ere egin ez zaiolarik. Hortaz, lan honek hiri bazterra ulertzeko tresna erabilgarri izateko funtzioa betetzen du zentzu horretan; gako teoriko, kontzeptual eta praktikoak eskaintzen dizkigu.

Maiderren tesiak paisaia-tipo horren berezko izaera eta irudikapen berriak aldarrikatzen eta bilatzen ditu; iruditegi kolektiboan ezarrita dagoen irudikapen generiko eta negatibo hori gainditu ahal izateko, hura nola osatu den aztertuaz. Berezko izaera horren indarguneak bilatu ahal izateko paisaia-ikuspegi anitzeko eraikuntza soziokulturala interpretatzen du. Horretarako kasu aproposa dela uste da Bilboaldea eta haren mendialdeko hiri-bazterreko paisaiak (HBP), edo, paisaia baztertuak.

Hartara, HBPak hiritartzearen egitura eta elementuak dituela onartzen da (geruza aniztuna, eta hiriaren hedapenaren eta egituraren parte dena), eta konstruktibismotik aztertuta eraikuntza materialagatik bakarrik ez, eraikuntza kontzeptual eta diskurtsibo baten ondorioz eraiki den paisaia bat dela ere onartzen da. Gizarte-eraikuntza prozedura horrek sortu dituen elementu eta geruzen ulermena dakar, beraz, burutu den ikerketak.


Paisaiaren lau dimentsioak hartzen ditu kontuan Maiderrek proposatutako tresna horrek. Zeintzuk dira lau dimentsio horiek?
Maiderren tresnaren ekarpenik garrantzitsuenetakoa zera litzateke: orain arteko paisaiaren teoria konstruktibistek ezarritako adierazle eta egiturak bildu egiten dituela paisaia-ikuspegia tresnak. Izan ere, paisaiaren ikerketa-esparruan konstruktibismotik lan asko egina da dagoeneko (eta maisuki jasoak daude Maiderren tesian), baina kasu horietan, dimentsioak modu isolatuan aztertzen direla esan daiteke. Proposatzen den paisaia-ikuspegia tresnaren bitartez, ordea, lau dimentsioak argi bereizteko saiakera eginez interpretazio sistematiko bat proposatzen da.

Dimentsioak honakoak dira: Ideia, Irudikapena, Agentzia eta Elementuak.

Ideiaren bitartez lurralde batekiko jarrera eta jarduera bat definitzen da. Teorian Denis Cosgrovek (1998) paisaiaren definiziotzat proposatutako «ikusteko modua»-tik eratorria dago ideia dimentsioa.

Lurraldearen Irudikapenak paisaia-ikuspegi bat ordezkatzen du, zeinak egitasmo eta helburu batzuek zuzenduta lurraldearen elementu batzuk aukeratzen baititu haren ulermen partikular eta eraikia egin ahal izateko. Irudikapen horiek diotena bezain garrantzitsua da ezkutatzen edo arbuiatzen dutena paisaiaren ikuspegia zein den ezagutzeko, baita oinarrian dagoen ideologia zehazteko ere.

Agentziak paisaia-ideia konkretu bat jendarte, komunitate edo norbanako konkretuekin lotuko du. Baita horietako bakoitzaren testuinguru zehatzagoarekin ere.

Paisaia-ideiak helburu ezberdinen arabera elementu batzuk proposatuko eta diseinatuko ditu; lurraldearen analisiaren arabera aukeratutako tokian kokatzeko. Paisaia-ideiaren azken helburua dira elementuak, eraikiak edo planifikatutako egoerak izan daitezkeenak.


Paisaia eraikuntza moduan aipatzen da
Aurreko dimentsioen ekarpenak kontuan hartuz, paisaia-ikuspegia tresnaren bidez onartu egiten da paisaia eraikuntza soziokulturala dela. Dokumentatutako gizarte-eraikuntzen interpretazioa da paisaia ikuspegi tresnaren Bilboaldeko hiri-bazterreko paisaia menditsuen aplikazioa.


Aplikazio hori nola gauzatu den azaltzerik bai? Eta zeintzuk izan diren emaitzak?
Lan honetan, paisaia-ikuspegia tresna eta Bilboaldeko ikerketa-kasua konbinatu dira, interpretazio-metodologiaren proba egiteko. Horretarako, bi eszena berezitu dira: batetik, paisaiaren interpretazioa, landa-lanaren bitartez garatua (23 txango egin ziren autoz, autobusez, trenez, metroz, bizikletaz zein oinez); eta, bestetik, paisaiaren ulermena, artxiboetara joaz egiten dena.

Lehenengo eszenaren emaitza, sei ikuspegi bidezko interpretazio espekulatiboa, 7 mapatan irudikatua da: 0-Mendi Tradizionala, 1-Mendia Baliabide (1.1 M.B. Meatzaritza eta 1.2 M.B. Basogintza), 2-Mendia Oztopo, 3-Mendi Erabilgarria, 4-Mendi Berdea eta 5-Mendia Bizileku (5.1 M.B. Formala eta 5.2 M.B. Informala). Sei mendi ikuspegi bidezko interpretazio hori atzera begirako berreraikuntza moduan ulertu daiteke, paisaiaren garapenaren eta egituratzearen espekulazio onargarri bat egiten duelako. Hala ere, ikuspegi konstruktibista baten bidez paisaiaren osaera ulertu nahi zenez, landa-lana artxibo-lan batekin osatu zen. Bertan, mendi bakoitzaren 4 dimentsioak aztertu ziren modu sakonagoan. Lehenengo eszenan lurraldea baldin bazen datu-base enpirikoa, bigarrenean agiriek hartzen dute rol hori. Hortaz, esan daiteke ikerketa-kasua lurraldean eta haren elementu fisikoetan bakarrik ez, elementu horien inguruko agirietan eta errepresentazioetan ere gorpuzten dela.

Bigarren eszenaren aurkikuntzak batik bat paisaiaren osaeraren joerak eta egiturak dira, paisaia-ikuspegien artekoak, baita dimentsioen barnekoak eta artekoak ere. Esan daiteke, ikerketa-kasuaren berezitasunak azaltzen direla emaitza horietan, baina tesiaren ekarpen gisa uler daitezke, era berean. Izan ere, tesiak proposatzen duen teknika interpretatzailearen ahalmena balioztatzeko ahalmena dute, baita paisaiaren izaera ulertzeko proposatutako tresnaren erabilerak duen potentziala adierazteko ere.


Eta zeintzuk ateratako ondorioak?
Batetik, dimentsioei dagozkien aurkikuntzek kasuaren informazioa soilik dakarte, baina bilatutako joerak paisaiaren hainbat alderdi ezagutzeko baliagarriak dira: paisaiaren irudikapen motak aurkitzeko, paisaia eraldatu duten agente nagusiak eta horien izaerari buruzko datuak jasotzeko, agenteen profila zehazten duten dikotomien bitartez gaur egungo erabaki-hartze arazoak identifikatzeko, eta paisaiaren proiekzio kontzeptualen eta benetako burutze fisikoen arteko harremanak ulertzeko.

Bestetik, dimentsioen arteko gainjartze-joerek paisaiaren eraikuntza eta garapenaren informazio partikularra dakarte, era berean. Gainera, paisaiaren osaeraren ildo ezberdinak adierazten dituzte.

Bestalde, nolabait frogatu da hiri-bazterreko paisaien egungo izaera eta osaeraren erantzukizuna dutela hainbat erabaki independentek sortutako eragin fisikoek zein diskurtsiboek ere. Hots, paisaiok zoriz osatu egin direla, zatika alegia.

Nolanahi ere, paisaia-ikuspegiei dagokienez, horien arteko konbinazioek lurralde mota hauek modu integralago batean planifikatzeko aukerak adierazten dituzte, egungo egoeran dauden loturak aintzat hartuta, eta formulatu gabeko ikuspegiek espero ez ziren mendiaren bestelako ulerkerak adierazten dituzte; etorkizunerako egoerak proiektatzean hiri-bazterreko mendiek —edo beste lurralde mota batek— onar ditzaketen eta frogatu/porrot egindako/arrakastatsu izandako aukera sorta zabalagoa adierazten dutelarik.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea