UPV/EHUrekin koedizioan “Giza histologia medikoa” argitaratu du UEUk. Edurne Alonso Arana eta Iker Badiola Etxaburu irakasleek atondu dute eta aurretik argitaratutako “Giza histologia orokorra” liburuaren jarraipena da. Atlas Digital bat ere sortu da liburuaren osagarri moduan.
Giza histologiaz ari garenean zertaz ari gara?
Gure gorputza zelulez osatuta dago eta zelula hauek euren artean antolatzen dira ehunak sortuz. Esan dezakegu alderaketa sinple bat eginez, gure gorputzeko zelulak eraikin baten adreiluak direla. Ehun hauek sortuko dituzte gure gorputzeko organo eta atal desberdinak. Histologiak ehunak ikasten ditu eta hauen antolakuntza zehatza gure gorputzeko organo bakoitzean.
Zein garrantzia du histologiak biologian zein medikuntzan?
Histologia gure gorputzaren anatomia mikroskopikoa da eta mikroskopikoki nola dagoen antolatuta azaltzen digu. Hortaz organo desberdinen arteko erlazioak eta interakzioak ezin dira ulertu ez bagara gai jakiteko nolakoa den oinarrizko antolakuntza. Gorputzean gertatzen diren prozesu biologikoak elkarrekintza konplexuak dira eta hauek ulertzeko osotasuna kontutan izan behar da, baina baita oinarrizko egiturak ere.
“Giza histologia orokorra” liburuaren jarraipena dugu hau. Oraingoan ere kolorezko irudiekin lagundu dituzue azalpenak. Zer aurkituko dugu bigarren liburu honetan?
Gure gorputza oinarrizko ehunez osatuta dago eta gorputzean zehar aurkitzen ditugu ehun hauek. Lehenengo liburuan deskribapen zabal bat egin genuen ehun hauei buruz, batez ere bakoitzaren ezaugarri orokorretan eta sailkapenean sakonduz. Bigarren liburu honetan gorputzeko sistema eta aparatuak azaldu ditugu. Aparatu edo sistema bakoitzean organo zehatz bakoitza eta lehenengo liburuan azaldutako oinarrizko ehunak nola antolatzen diren organoak sortzeko. Histologia jakintzak beti ere oinarri bisual bat eduki behar du eta azalpen teorikoak mikrografia edo mikroskopioz behatutako lagin batean oinarrituta daude. Histologia ikasten duen orok organoen antolaketa histologikoaren irudi birtual bat izan behar du eta horretarako lagungarria da testua irudiekin osatzea. Lehenengo liburuan oinarrizko ehunak azaltzeko hainbat irudi erabili ziren eta oraingo honetan irudien kopurua are eta handiagoa da; organo bakoitzaren ñabardurak azaltzeko. Honela, alde batetik irakurketa beraren ulergarritasuna laguntzen du, eta bestetik ikasitakoa lokalizatu; eta benetako ehunetan helburu zehatzak identifikatzeko aukera ematen dio irakurleari. Mikrografiez gain, hainbat kapitulutan eskemak eta irudi grafikoak ere badira, irakurketa ulergarriago egiteko asmoarekin.
Liburuaz gain, argazki galeria bat ere ikusgai izango da online. Zein eratako irudiak izango dira?
Liburuan esteka bat agertzen da UEUren zerbitzari batera bideratzen duena eta bertan irakurleak organoen irudi gehiago aurki ditzake testuarekin lotura zuzena dutenak. Azken batean, Atlas Digital bat sortu da liburuaren osagarri moduan; liburuan agertzen diren irudiak osatzen dituena. Atlasari esker histologoaren edota histologia ikaslearen beharrizanetara egokitzen gara; liburuaren azalpenak bereizmen altuko mikrografietan jarraitzeko aukera emanez. Atlas digitala tresna paregabea izan daiteke ehunen eta organo osasuntsuen antolakuntza histologikoa ulertzeko zein ikasteko.
Biomedikuntza arloko ikasle eta profesionalei begirako liburua da, baina zein da helburu nagusia?
Liburu honen helburua giza histologian sakontzea da eta histologian euskaraz sakontzea. Egileok histologiaren arloko euskarazko liburuen gabeziaz ohartu ginen eta helburu hori izan zen proiektu hau aurrera eramateko planteamendua. Proiektu handia zen eta bi zatitan banatzea erabaki genuen. Honela, giza histologiako oinarriak azaltzen dituen lehenengo zatia plazaratu genuen 2015ean; eta bigarren honetan, giza gorputzeko aparatu eta sistemak osatzen dituzten organo bakoitzaren histologia berezia azaltzen da. Terminologia teknikoa asko zaindu da eta azalpenak kalitate zientifiko altuko erreferentziazko histologiako liburuetan oinarritu dira. Giza histologia medikoa liburua irakurtzen duen ikasle eta profesionalaren helburua gure gorputzeko egitura mikroskopikoa ezagutzea eta menperatzea da; eta bestalde, liburuan egiten diren erreferentziak baliatuta beste jakintza arlo batzuk histologia biomedikuntza jakintza arlo nagusian barneratzea da. Giza histologia medikoaren edukiak ondo ulertzeko, irakurleak oinarrizko histologiari buruzko gutxiengo jakintza izan beharko du; oinarrizko ehun motak ezagutu behar baitira. Gutxiengo jakintza horretatik abiatuta posible izango da organo bakoitzak duen antolakuntza histologikoan sakontzea.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio