Berriak

“Osasunaren eraikuntza positiboak gorputz aniztasuna onartzea eta norbere burua maitatzea ere landu beharko lituzke”

 

Uztaro aldizkariaren 104. zenbakian, besteak beste, Nahia Idoiaga Mondragon eta Maitane Belasko Txertudi UPV/EHUko psikologia saileko ikertzaileen “Loditasunaren gizarte-irudikapenak eta emozioak gazteengan” lana argitaratu dute. Idoiagak eman dizkigu lan horren xehetasunak.

 

 

Unibertsitate mailako ikasleen ikuspuntutik landu duzue loditasunaren gizarte-irudikapena. Zein helbururekin? Nondik abiatu zarete?
Guk loditasunaren lanketa maila sozial eta psikologiko batean egin nahi izan dugu. Hau da, loditasuna zientifikoki zer den baino loditasuna gazteentzat zer den aztertu nahi izan dugu, nola ulertzen duten haien eguneroko bizitzan, nola bizi duten emozio mailan etab. Gazteak lagin bezala hartzea EAE-ko Osasun inkestan oinarritu genuen. Izan ere bertako datuen arabera biztanleriaren %51,8ak gehiegizko pisua du (gorputz-masaren indizea >25) eta biztanleriaren %47,2ak pisua galdu nahiko luke. Emaitza hauek goitik behera aldatzen dira pertsona gazteen artean, izan ere, 18-26 urte bitarteko adin tartean %17,1ak du gehiegizko pisua, baina %30,9ak pisua galdu nahiko luke. Emaitza hauek, loditasuna gazteriaren gizarte irudikapenen artean bereziki gai garrantzitsua dela iradoki ziguten eta horregatik erabaki genuen lantzea.

XXI. Mendeko gizartearen osasun-erronka nagusietariko bat gizentasun-indize altua dela diozue. Zergatik?
Beno hau ez diogu guk, hau Osasun Mundu Erakundeak eta halakoek diote, maila mediku batean behintzat. Guk lan honen bidez babestu nahi duguna zera da maila mediku horretaz gain maila sozialean ere erronka dela loditasuna. Izan ere gure emaitzek adierazi dute medikoki lodi egon edo ez, gazteak baztertuta sentitzen direla lar maiz haien gorpuzkeragatik. Hori, gure ustez erronka sozial bat da. Izan ere, gure emaitzek frogatu dute norbere burua lodi hautemateak gaizki sentiaraztea hein handi batean presio sozialarekin askoz lotuago dagoela norbere osasun edo norbere buruarekin eroso sentitzearekin baino.

Egindako azterketaren arabera zerekin lotzen dute unibertsitateko ikasleek loditasuna?
Guk egindako ikerketan loditasuna hitza entzutean burura zer zetorkien galdetu genien gazteei eta ateratako gai garrantzitsuenak: osasun kaxkarra, taila handiko arropak, nola ikusten dute pertsona lodiek beraien burua eta nola ikusten ditu gizartea eta pisua gutxitzea izan ziren.

Arropetan eroso sartzea, ez sartzea faktore gakoa dela ikusi duzue Arropa-taila estandarretan eroso sartzea sozialki onartua izateko aldagai gisa barneratzeraino.
Arropetan eroso sartzea edo ez sartzea gazteak lodi sentitzea edo ez sentitzea erabakitzen duen faktore gakoa dela aurkitu dugu. Arropa estandarretan eroso ez sartzeak lodi sentitzea erabakitzen du eta itsusitasunarekin estuki loturik dago. Ondorioz, arropetan eroso sartze hori obsesio gisa deskribatzen dute gazteek eta beraiengan mina, tristura, melankolia eta herstura sortzen duela adierazten dute. Beraz, faktore estetikotik harago, arropetan eroso sentitzea gai garrantzitsu eta erabakigarria da loditasunaren ulerkuntza eta bere ondorioak erdiesteko. Ondorioz, zuek galdetzen zenuten bezala, aldagai honek maila interpertsonal nabarmena du, arropa taila estandarretan eroso sartzea sozialki onartua izateko aldagai gisa barneratzeraino.

Ondorio moduan loditasunaren gizarte-irudikapena osasunaren ikuspuntutik berreraiki beharra azpimarratu duzue.
Bai, izan ere, agerikoa da loditasuna gai garrantzitsua dela gazteriaren artean momentu honetan behintzat eta baliteke etorkizuneko belaunaldietan eragin sakona izatea. Gure emaitzek adierazi duten bezala, gai hau beldurrean oinarrituz transmititzen ari gara eta ez osasunaren eraikuntza positiboaren ikuspuntutik. Osasunaren eraikuntza positiboak alde batetik era konstruktibista batean elikadura osasuntsua eta gorputz ariketaren garrantzia landu beharko lituzke baina aldi berean baita gorputz aniztasuna onartzea eta norbere burua maitatzea ere. Gizarte bezala ezin baitiezaiokegu gaur egungo emozioen transmisio negatiboen ereduari men egin loditasuna hautemateko orduan, egoera larritzeko baino ez baitu balioko.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea