Berriak

“Proteinak ez dira osasunaren etsai, betiere jada gaixo ez bagaude”

Azken Osagaiz Osasun-zientzien aldizkarian “Proteina ugariko dietak: lagunak ala etsaiak? Artikuluen berrikusketa” izeneko artikulua argitaratu du Aitor Garcia Barandiaranek.

 

Giltzurrunentzat etsai, kirolarientzat lagun. Argudio kontrajarriak daude proteinen kontsumoaren gainean. Baieztapen hauek zentzuzkoak diren ala ez argitzea izan da zure helburua. Zer da zehatz-mehatz aztertu duzuna?
Orain arte bagenekien gaixotasun bat pairatzen duten giltzurrunen kasuan (era primarioan edo ez zuzenki), proteinen ekarpena txikituz gero gaixotasunak aurrera egitea moteldu zitekeela; eta aldrebes, proteina ekarpen ugariek hauen galera errazten zutela. Hori pertsona osasuntsuekin ere gertatzen dela eta proteinek giltzurrun gaixotasuna sortzen dutela ere pentsatu izan da hainbat urtetan; baina badira urte batzuk kirolari zein pertsona osasuntsuetan proteinak duen inpaktua ikertzen duten saiakuntza klinikoak egiten direla.

Gaiaren gainean argi pixka bat jarri nahian, proteinek giltzurrunetan duten eragina aztertu nahi izan dut bai animalietan, bai giltzurrun gutxiegitasuna duten pertsonetan, bai giltzurrun gutxiegitasuna pairatzeko potentziala duten pertsonetan, eta baita pertsona osasuntsuetan ere. Era honetan, batzuetan eta besteetan eragina desberdina dela ikusi da.

Zeintzuk dira atera dituzuen ondorio nagusiak?
Alde batetik, aurretik genekiena: giltzurrun gaixotasunean, proteina ekarpen handiak giltzurrun gutxiegitasunaren aurrerapena dakar; baina gehiegi murrizteak ere ez du onurarik erakutsi. Bestetik, oraindik giltzurrun gaixotasunik aurkeztu ez duten pertsonetan ez dela arriskurik azaldu proteina asko hartuta ere. Esan genezake beraz, proteinak hartzearren giltzurrun gutxiegitasuna pairatzen duten pertsonen kasuan, litekeena dela ezkutuko gaixotasunen bat izatea edo beste faktore batzuei lotuta egotea.

Proteinek badute bere funtzioa, eta batez ere kirolarien kasuan onuragarria da errendimendu eta gorputz konposizioan. Gainera, ez dugu ahaztu behar mendebaldeko dietek askotan proteina asko dakartzatela, eta nahiz eta horrela izan giltzurrun gaixotasun kronikoa (GGK) pairatzen duten pertsonen kopurua egonkor mantendu dela. Era honetan, ezin liezaieke proteinei leporatu GGKaren agerpena.

Zer azpimarratu nahiko zenuke?
Batez ere zuhurrak izan behar dugula. Proteinak ez dira osasunaren etsai, betiere jada gaixo ez bagaude. Erabili daitezke beldurrik gabe, baina berauen abusuak ondorioak dakartzala jakinda.

Proteinen erabilera segurua da, batez ere honen iturria begetala denean. Muskulu masa mantentzen edo handitzen laguntzen dute, eta asetasunerako erreminta egokia dira, pisuaren kontrolean lagunduz. Dena den, proteina gehiago duen dieta edo bizimodu bat hasterakoan, ondo legoke odol eta gernu analisi bat burutzea, ezkutuko arazorik ez dagoela baieztatzeko.

Bukatzeko, ordezko proteinak (artifizialak) hartzeak ez duela arriskurik suposatzen, eta horiei ere beldurra galtzea daukagula.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea