Leire Milikua Larramendi ikertzaile abadiñarrak "Landa-eremua EAEn: egungo argazkia, etorkizuneko aukerak” liburua argitaratu du duela gutxi UEUrekin batera. Arkitektoa da, eta Unibertsitate Espezialista Agroekologian. Lehen sektorearen inguruko jakin-min eta ardurak eraman zuen arkitektura ikasketen karrera amaierako proiektua aitzaki harturik gaiaren inguruan sakontzera, eta orduan hasitako bideak gaurdaino dirau, formakuntza eta jarduera profesionala uztartuz. Egun, Tokiko Elikadura Sistemen eta Nekazaritzako Lurren Diagnostikoen inguruko kontuetan murgilduta dabil Urak Bide Tokiko Arkitektura eta Ingeniaritza Taldean, Ambientalia 21 Ingurumen Aholkularitzarekin elkarlanean. UEUko eta "Aldiri. Arkitektura eta abar" aldizkariaren erredakzio kontseiluko kidea ere bada.
“Landa-eremua EAEn: egungo argazkia, etorkizuneko aukerak” liburua argitaratu berri duzu; zer aurkituko du irakurleak bertan?
Irakurleak hiru atal dituen liburu bat aurkituko du. Lehenengoan, landa eremuaren erretratu konplexua sortuko da; konplexua diot liburu osoan zehar indarrean dagoen tesiak gidatuko duelako analisi hau. Ez da landa-eremuaren fisikotasunera, nekazaritza eta abeltzaintzaren inguruko datuetara eta abar mugatuko azterketa, hainbat faktoreekiko interdependentzia eta zeharkakotasuna baitaude oinarrian. Liburuaren sarreran diodan bezala, ezin dugu landa-eremua XVIII. mendeko naturalisten gisara lagin bat bailitzan bakandu, eta modu trinko eta kontzentratuan era isolatuan interpretatu. Hori dela eta euskarri fisikoa bera, demografiaren bilakaera, honekin lotutako lurralde-dinamikak, lurren arteko lehia, egun dauden babes izendapen eta sailkapenak, ekonomia (hiru sektoreen bilakaera, nekazaritza eta basogintza sektoreen diagnostikoa, turismoa, landa-inguruneko sustapen politikak), nekazaritza eta basogintzaren funtzio aniztasuna eta landa-eremuari oro har, eta nekazaritza eta basogintzako erabilerei zehazki lotutako lege eta arauak aztertu dira.
Testuinguru horretatik abiatuta, bigarren atalean, muturreko bi kasu aurkeztuko dira: bata, desagrarizazio prozesuari lotutakoa, balizko desagrarizazio maila ezberdinen kasuistika eta ondorioen kuantifikazioa erakutsiz; bestea, elikadura burujabetzaren hautu politikoaren ingurukoa, lurraldea honen jarduteko eremu estrategiko bezala kontsideratuta. Bataren eta bestearen arteko bidean, berriz ere hainbat baldintzatzaile aurkituko ditugu: legedia bera (prozesu berriak faboratzeko dituen aukerekin), hiri- eta landa-eremuen arteko aliantzen indar eta garrantzia…
Eta azkenik, lurra zaintzearen beharra praktikara eramanez, legeen sailkapen orokorretik harago doan landa-lurren inbentario bat egiteko gidalerro batzuen proposamena aurkituko du irakurleak, MEDEA metodologiaren oinarri. Liburuko hirugarren atala azalpen honi eskainiko zaio, eta metodologia hori aplikatzeko kasu praktiko bat burutuko da Bizkaian kokatutako Atxondo herriko landa lur batzuetan.
Euskal Herria askotariko lurraldeek osatzen dute, horrenbestez, nolakoa da landa-eremuaren erretratua?
Esan beharra dago EAEko hiru probintzietan zentratu dudala lana: kasu horretan alde argia dago atlantiko eta mediterraneo isurialdeetako lurren artean. Baina Bizkaia eta Gipuzkoa ere ez dira berdinak antzekotasun fisiko gehiago izan arren; aurrez aipatutako gainontzeko aspektu horien dantzak moldeatzen ditu azkenean ezberdin (industriaren garapen eta egitura ezberdina, kokalekuena, jendartearena…). Eta, honez gain, landa-eremua diogunean zeri buruz ari gara? Ba al dakigu EAEko lurralde-azaleraren %85 (eta udalerrien %85) Mendi Nekazaritzako Gunetzat hartzen dituela 2015-2020 aldirako Landa Garapenerako Programak? Udalerrien artean izugarrizko aldeak egon arren izendapen berdinaren pean biltzen dira. Gai hori lantzen duen Rosario Galdós Urrutia eta Eugenio Ruiz Urrestarazuren lan bat jasotzen da liburuan, eta lurralde-politiketarako tipologia-saiakera bat egiten dute bertan beraien artean antz handiena duten udalerriak taldekatuz. Hiru multzo proposatzen dituzte (mendi azpiatlantiko eta azpimediterraneoa, mendi atlantikoa eta industrializatutako mendia). Multzokatze saiakera hau interesgarria iruditzen zait, sailkapen handietako homogeneotasun ustez hautsezinaren iruditeria zabaltzeko bederen.
Liburuan muturreko bi kasu aztertu dituzula esan duzu. Lehenengo, desagrarizazio-prozesuak hartu dituzu hizpide: zer motatako prozesuak dira horiek eta zer ondorio dakartzate?
Desagrarizazio prozesuak, batez ere, nekazaritzakoak ez diren beste jarduera batzuen dinamismoaren eta landa-eremuetako lanen mekanizazioaren ondorioz sortzen diren prozesuak dira: nekazaritza eta abeltzaintza jardueren murrizketa, desagerpenera bidean. Emaitza ageriko eta berehalakoena enpleguen galera da, baina eraginak askoz harago doaz: ekoizpenaren jaitsiera, ingurumen-zerbitzuen narriadura… Juan Ramón Murua, Begoña Eguia, Eduardo Malagón eta José Albiacek argitaratutako "Coste de la no agricultura en el País Vasco" liburuan argi jasotzen dira ondorio hauek; bertan planteatutako desagrarizazio maila ezberdinen kasuistika eta bakoitzaren eraginak izan dira liburura ekarri direnak. Ekonomikoki kuantifikatu egiten dira prozesu honen eraginak kasu bakoitzean, eta abeltzaintza eta basogintza adarretako ekoizpen osoaren %100 eta nekazaritza adarrekoaren %75eko murrizketa burutuko balitz, muturreko kasu horretan, desagrarizazioaren kostu ekonomikoa urteko 436,9 milioi eurotan balioztatzen da. Egia da zifra honen %80 ekoizpenaren beherakadari eta lanpostuen suntsiketari dagokiola, baina gainontzeko %20 guk ziurtzat jotzen ditugun arloei dagokie. Aisialdi- eta paisaia-erabilera, biodibertsitatea, karbonoa finkatzea, ekosistemen babesa, lurzoru eta basoen mantenua… Nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera hauen existentzia hutsak sortzen dituen balio erantsiak dira, orain arte inork preziorik jarri ez eta berezkotzat hartu ditugunak. Jarduera hauek behera egin ahala kanpo-eragin horiek ere behera egingo dute, eta, orduan, ordaindu egin beharko dugu beste era batean emaitza berdinak lortzeko.
Bestalde, elikadura-burujabetzaren hautu politikoaz ere mintzo zara; zer onura dakarzkigu horrek?
Elikadura-burujabetza hautu politikoa da, egun bizi dugun panorama ere hautu politiko baten ondorioa den bezala: berau egituratzen duten lege eta arauek politika zehatzei erantzuten diete, eta egitate iraunkor bezala aurkezten zaizkigun arren, koiunturalak dira. Badirudi egungoak ez diren planteamendu politikoak eginez gero bideraezinak direla, zentzugabeak, baina ezin dugu ahaztu egungo testuinguruak markatzen duela zerk duen kabida eta zerk ez, eta bestelako apustu hauek ez liratekeela egun ditugun lege eta arauetan kokatu behar, kasu horretan beti lekuz kanpo egongo baitira. Apustu hauek beraiek ekarriko dituzte erreal bilakatzeko tresnak, politika berri hauen inguruan diseinatu beharko dira lege eta arau berriak… Elikadura-burujabetzak hori adierazten du: bizimodua ulertu eta eraikitzeko proposamen alternatibo, integral, ireki eta justua. Bestelako burujabetzen elkargune gisa planteatzen da, ez baita elikadura-eskubidera bakarrik mugatzen, askoz harago doa bere eragina, gizarte-eredu osora; jarraian aurkeztuko diren burujabetza horien aterkia da elikadura-burujabetza. Hauek dira bost eremu estrategikoak, Bizilur, Etxalde eta EHNE-Bizkaiak gauzatutako "Euskal Herrirako bestelako bizitza-ereduak lortzeko burujabetza ereiten. Elikadura-burujabetza abiapuntu, tokiko politika publikoak eraikitzeko zenbait proposamen" txostenean jasoak: ondasun naturalen burujabetza, energiarena, tokiko elikadura-sistemen gainekoa, emakumeen burujabetza eta autonomia, eta komuna denaren antolamenduaren eta ezagupen askearen gaineko burujabetza. Bost hanka hauek kontuan hartu behar ditugu momentu oro, lehen esan bezala, integrala baita proposamena, holistikoa. Honez gain, erabakitzeko eskubidean eraikitzen da, eraikuntza kolektibo eta herritarra litzateke, nekazaritzan oinarritutako ekonomien eta agroekologiaren printzipioen gainean. Guzti honek gizartea kohesionatzen du, ekonomia lokala bultzatu, justizia soziala eta ongizatea zabaldu. Dokumentua (edo liburua) irakurtzea gomendatzen dut, benetan mamitsua den gaia baita hau.
Gero eta uztartuago dugun errealitatea al da hau? Behintzat hedabideetan gero eta gehiago aipatzen dira agroekologia, kontsumo taldeak, norbere soroa egiteko gidak, ortu sozialak...
Nire ustez, ez da kasualitatea. Murgilduta gaudeneko krisi sistemiko honek, igota geundeneko tren horren norabidearen emaitza argi azaldu digu, gure azaletan pairatzen gabiltza. Deslokalizazioak, elikagaien ekoizpenaren jaitsierak (elikadura-segurtasun galerak, inguruko elikagai osasuntsuak ezin eskuragarri izateak), azken urteetako politika zehatzen ondorioak… orain nozitzen ditugu guzti horien ekarriak. Gizartearen zati baten aldetik behintzat halako kontzientziazio bat sumatzen dut. Duela berrogei urte ez zegoen egun ezagutzen dugun bezalako supermerkaturik, nola egiten zuten orduan? Ba inguruko lurretan ekoitzitako elikagaiak ziren biztanleria elikatzen zutenak. Soroan lanean egon ziren pertsona horiengatik izango ez balitz, hain loriatutako industrializazioa ezin izango litzateke jazo, langile guzti horien elikadura bertan sortu eta modu eskuragarrian egon izan ez balitz. Eta zein da egoera egun? Bada, lur azpierabiliak ditugula (espekulazioaren ametsak amortizatutakoak gehienak), eta elikagaiak ekoitzi nahi dituen pertsona batek horretarako lurrak ezin dituela eskuratu. Eta, ondorioz, bertako elikagaiak eskuratu nahi dituen kontsumitzaileak ere ez du horren erraz, inguruan (denda txikietan…) eskuragarri dugun eskaintzaren portzentaje altu bat merkatalgune handietatik baitator (Mercabilbao…); hortaz, beraiek produktuak eskuratzeko dituzten irizpideen araberakoa baita gehiengoon kontsumoa. Merkatuek (politikek, legeek) oraintsu arte funtzionatu izan duten eta ingurumen, lurralde eta pertsonekiko errespetuzkoak eta orekatuagoak ziren dinamikak zapuztu dituzte, eta orain ari gara guzti horretaz ohartzen. Hor kokatzen ditut aipatu dituzun ekimen guzti horiek. Baina egia da zenbait instituziok ere fokua bertan jarri dutela, liburuan aipatzen dudan moduan: KMk bigarren urtez ospatu ditu Elikadura Burujabetzako Jardunaldiak (2014, 2015), Leongo MUSACek bertako Arte Garaikiderako Sarrera Ikastaroaren bederatzigarren ediziorako «Bizitzari eutsi; landa-eremutiko aliantzak, esperientziak eta ikasketak» gaia hautatu du (2015), eta «Feeding the Planet, Energy for Life» izan da Milanen egin den Nazioarteko Erakusketaren lema (2015). Ni askoz baikorragoa naiz hasieran komentatu ditugunekin, tokietatik sortutako ekimenekin, aipatutako azken kasu hauekin sortzen zaidan zalantza baita ea mundu mailan aldaketak jazotzen ari diren, edota lehenago beste kontzeptu batzuekin gertatu den bezala oraingoan ere kapitala ari den garrantzi handikoa izan daitekeen mugimendu bat kapitalizatzen.
Era berean, liburuan, landa-lurren inbentario bat egiteko gidalerro batzuk ere jaso dituzu. Zertan datza proposamenak?
Bai, karrera amaierako proiektuarekin hasi nuen ibilbidea, eta 2014-2015 ikasturtean egindako "Agroekologia: etorkizunerako gure bideak lantzen" (UEU-EHU) graduondoko amaierako lanean borobildu nuen. Batetik, lurren inbentarioen existentzia aldarrikatzea du helburu; ondasun urria da lurra, eta bertan fokua jartzeko baliabide bat dela uste dut. Eta, bestetik, lur horien potentzialtasuna aztertzeko zer parametro hartu beharko liratekeen kontuan aurkeztea, eta zergatik. Sistematizazio ulerterraz bat egiten saiatu naiz, kontzeptuak eta irudikapen grafikoa uztartuz. Lurron azterketa hiru fasetan planteatzen dut: egungo egoera, elikadura subirautzaren bidean epe labur-ertainean egitea posible liratekeen aldaketak jasoko lituzkeen egoera, eta epe luzerako aldaketak jasoko lituzkeena. Teorian aipatutako bestelako sistema horretarantz bidea egingo bagenu, zer? Hiru fasetan garatu ahal izateko parametroak proposatzen dira, eta hauek alderatuz, adierazle bezala funtzionatzen dute; metodologiak halako etorkizunera begirako eszenatoki aldaketa bat ikuskatzea ahalbidetzen du, aurrera begirako ariketa da. Egun existitzen den lurralde bat hartu eta emaitzak jakite aldera, Bizkaiko Atxondon aplikatu dut metodologia, bertako landa-eremuko etxebizitza hutsak eta horiei dagozkien lurrak kontuan hartuta. Teoria mailako ariketa bat izateari uzten ez dion arren, egoera batean zein bestean lurraldearen erabilera, lanpostuen sorrera, eta udalerrirako elikadura ekoizpena bezalako aspektuetan ematen diren aldaketak hain esanguratsuak dira, ezen halako ekimenen sozializaziorako duten garrantzia berebizikoa dela uste dudan. Lurraldearen ezaugarriekiko erabilera egokiagoak planteatzeaz gain (egungo basoen kudeaketaren ingurukoak dira hemen aldaketa garrantzitsuenak), lehen sektoreari lotutako lanpostu zuzenen eta udalerriko biztanleen elikadurarako ekoitzitako elikagaien kopuruek gora egingo lukete nabarmen, horiek dakartzaten onura guztiekin. Bide honetan aurrera jarraitu dut, eta esan beharra daukat egun kontzeptu hauen urrats berri batean lanean nabilela landa-lurren diagnostikoak egiten ditugun lantalde batean, eta lurren egokitasunaren inguruko analisi bat egiten hastekotan garela orain Goierriko 6 udalerritan.
Norentzako idatzi duzu liburua?
Liburua gaian interesa duen edonorentzako idatzita dago, noski. Batez ere, ikuspegi integral bat ematen saiatu naiz, analisi fisikotik hasi eta analisi politikotik pasatuta, errealitatean lurrartu dezakeen proposamen bateraino. Denoi eragiten digun gai bat da hau, eta egun gaudeneko puntua nondik datorreneko nire ikuspegia ematen saiatu naiz; beti ere, aurrera begiratzeko erabilgarri izan dadin, gauzak sortzeko eta eraikitzeko abiapuntu. Liburua ahalik eta esku gehienetara iristea gustatuko litzaidake, gaiarekin lotura duten mota eta eskala guztietako taldeetatik hasi eta gaiarekin orain arte lotura izan ez duten mota eta eskala guztietako teknikari eta politikarienganaino.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio