Berriak

Leire Milikua: “Taldekideen arteko zaintza azpimarratuko nuke”

2015tik 2016ra bitartean Aldiriko erredakzio kontseiluko kide izan zen Leire Milikua Larramendi arkitektoa eta 2017an zuzendarikide ere izan zen Ander Gortazarrekin batera. Bere esperientziaren berri eman digu.

 

Erredakzio kontseiluko kide izan zinen Aldirin. Zein gogorapen dituzu?Noiztik nora?
Ditudan oroitzapenak ederrak dira. Erredakzio kontseiluko kide izan baino lehen Aldiriren orbitan nengoen harpidedun gisa; eta deialdi irekietan parte hartu izan nuen nik landutako gaien inguruko ekarpenekin. Sartu baino lehenago ere jaso nuen bertako kide izateko gonbidapena, baina momentu hartan ez nengoen proiektuari beharrezko arreta eta energia eskaintzeko moduan; eta ezezkoa eman nion. 2014 amaieran iritsi zen berriz proposamena; eta, aldi horretan, gogo askorekin onartu nuen. Kide gehienak lehenagotik ezagutzen nituen eta sintonia handia izan dut beti beraiekin. Sintonia laguntasunean bilakatzeko aukera-espazio bezala gogoratzen dut Aldiri; nola ez, Maider Uriarte ere gogoan.

Horrez gain, azpimarratuko nuke taldekideen arteko zaintza; halako proiektu batek derrigor behar baitu osagai hori denboran iraun ahal izateko. Ez da erraza urtean lau monografiko taxutzea bakoitzaren bestelako lan eta ardurez gain: momentu kritikoak ere egon dira, eta taldearen babesa beti egon da.

Hamar urte hauetan zein paper jokatu du Aldirik zure ustez?
Euskal akademia eremuari egindako ekarpena azpimarratuko nuke. Arkitektura eta abar horretan, nik beti izan dut interes berezia bigarren zatian. Nola zeharkatzen dituen arkitekturaren diziplinak eta nola den zeharkatua diziplina hori beste arloetako begirada eta ezagutzez. Gero eta ikuspegi zabalagoak jaso, orduan eta ekarpen aberatsagoak direla kontsideratzen dut; eta arkitektura gaietaz aritzen diren arkitektoez harago joatea oso positiboa izan delakoan nago.

Aspektu horri, euskarari eta horren corpusari egindako ekarpena gehituko nioke; eta ez nuke jakingo esaten zein jarriko nuen zeinen aurretik. Eduki gehien-gehienak euskaraz landutakoak dira, eta hala jasotakoak; baina badira itzulpenak ere, elkarrizketen kasuan batik bat. Gaurkotasuna duten gai zehatz horiek euskaraz eskuragarri eskaintzea beharrezko eta funtsezko ekarpena dela uste dut gure hizkuntza osatzeko eta zabaltzeko.


 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea