Berriak

Loitzun Izaola: "Muskulu batek ez du gogoratzen zein lesio izan duen, baina burmuinak bai"

Fisioterapia lantzen duten euskarazko liburu bakanetako bat argitaratu du Loitzun Izaolak. Paziente baten aurrean egotean, diagnostiko zehatz bat egitea funtsezkoa dela deritzo, diagnostiko horretan huts eginez gero, tratamenduak ez baitu balio. Horretarako tresna bat eskaintzea zuen helburu, eta halaxe argitaratu du liburua UEUrekin.

 

Muskulu, arteria, hezurdura eta bestelako alderdiak ondo menperatzen ditu Loitzun Izaola fisioterapeutak (Bilbo, 1981). Bartzelonako Ramon Llull Unibertsitatean diplomatu zen Fisioterapian, eta beti ikasteko zerbait dagoela jakinda, orain bi urte Madrileko Unibertsitate Europarrean Fisioterapian graduatu zen eta egun “Aktibitate Fisikoa eta Osasuna” izeneko masterra ari da ikasten Sevillako Pablo Olavide Unibertsitatean.

Ikerketaren bat edo beste ere egin du, baina nahiago du oraindik xehetasunik ez eman. Nolanahi ere, fisioterapiak ere euskarazko tresnak behar zituela ikusita, Neuromuskulueskeletikoen proba diagonistikoen eskuliburua izeneko liburua argitaratu du. Azalpen teorikoak ematen ditu liburuan, baina betiere egitura praktiko bati jarraiki.

 Neuromuskulueskeletikoen proba diagonistikoen eskuliburua

 

Proba bat, eta beste bat, eta hirugarren bat... Euskaraz gai honen inguruan oso gutxi idatzi da. Zein da liburu honek duen helburua eta zein da egiten duen ekarpen nagusia?

Egia da, gai honi buruz, euskaraz oso gutxi dagoela idatzita. Hori dela eta, asko kosta zait anatomiako zenbait hitz euskaraz aurkitzea. Liburu honen helburua da lehen diagnostikoa zehatzago egitea, eta, gainera, tresna bat da fisioterapia eta lehen arretako medikuei begira: medikuntza arloan, familia medikuek hainbat gaitz desberdinekin ikusten dituztelako pazienteak, eta traumatologia arloan, berriz, medikuei eta fisioterapeutei baliagarria zaielako.

 

Neuromuskulueskeletikoa: burmuina, hezurdura eta muskuluak. Zer elkarrekintza daude hiru atal horien artean?

Gorputzaren funtziorik nagusiena mugimendua da, eta mugimendu hori, muskuluek eragiten dute hezurrak mugituz. Eta, aldi berean, burmuina eta nerbioak piztu edo aktibatzen dituzte muskuluek. Laburbilduz, dena dago erlazionatua gorputzari buruz hitz egiten dugunean.

 

Gorputzak badu kontzientziarik? Eta unean-uneko minari irtenbidea bilatu ostean, muskuluek berriro ere lehengo egoerara itzultzeko joera dute?

Nire ustez, gorputzak ez du kontzientzarik. Adibidez, muskulu batek ez du gogoratzen zein lesio izan duen. Muskuluak malguak dira, elastizitatea dute, eta horrela, behin minari irtenbide egokia bilatuz, lehengo egoerara itzultzeko joera dute. Baina burmuinak bai gogoratzen duela nola izan zen lesio hori. Hortaz, galdera honen erantzuna zaila da, gorputzak ez, baina burmuinak gogoratzen baitu.

 

Zerk eragiten du muskuluak higatzea? Norberaren ibilera soilik behatuz, jakin daiteke zein patologia duen?

Muskuluen higadura bakoitzak ematen dion erabileraren araberakoa da. Muskuluak eta tendoiak ariketa karga bat jasotzeko gai dira. Karga gehiegi sartuz gero, muskulu eta tendoiak higatu egingo dira. Esan beharra dago, entrenamenduarekin, ariketa kargak gora egiten duela. Hori bai, beti muga bateraino, hau da, gorputz bakoitzak ahal dueneraino.

Bestetik, norberaren ibilera behatuta bai jakin dezakezula zein patologia duen pertsona horrek, gehienbat beheko adarretako patologia bat baldin badu edo bizkarreko behealdekoa baldin bada. Pazientearen ibilera aztertzea fisioterapeutok askotan erabiltzen dugun frogetariko bat da. Ibilera estandarra edo zuzena dago, eta duen ibilera aztertuz, jakin dezakezu zein den pazientearen gaitza. Hortaz, esan daiteke batzuetan ibilera dela patologiaren isla.

 

Posturak zer garrantzia du? Heziketa integral bat jaso beharko luke norbanakoak gai horri buruz?

Posturak garrantzi handia du gaitz askotan. Egunean zehar nola mugitu, nola jezartzen garen, nola ibiltzen garen… Fisioterapeutok postura horiek hobetzen saiatzen gara, emaitza onak eta txarrak lortzen. Pertsonalki, uste dut, bai eskola zein ikastoletan arreta eta heziketa handiagoa eman behar zaiola posturari dagokionean; hau da, gaztetan heziketa lan on bat egin ez gero, nagusitan ez genuke hainbeste arazorik izango.

 

Egun, geroz eta gehiago dira bizitza sedentario bat dutenak. Era horretako bizimodua daramatenek erraztasun handiagoa dute patologia neuromuskulueskeletikoak izateko? Hala nola, zein?

Patologia neuromuskulueskeletikoak izateko erraztasun gehiago dute bizitza sedentarioa eramaten duten pertsonek; esaterako, bizkarreko mina, bai ornoetako mina, bai muskuluetakoa. Horiek jezarrita edo etzanda egoteagatik izaten dira; azken batean, postura arazoak. Beste alde batetik, bizitza mota horrek bihotz eta arterietako arazoak dakartza: esaterako, hipertentsioa eta diabetesa.

 

Pertsona guztiek dute lesio edo patologiaren bat, nahiz eta minbera ez izan?

Pertsona guztiek ez dute lesio edo patologiaren bat. Baina minbera diren gehienek lesio edo patologiaren bat dute. Mina gorputzak duen erantzuteko modu bat da. Horrek zerbait gaizki dagoela adierazten digu. Beraz, minbera duten gehienek lesioa dute. Beste alde batetik, lesio bat izan arren eta minik ez izan arren, gerta daiteke zure gorputza ondo egokitzen dela lesio horretara, eta ez duzula zergatik ezer tratatu edo aldatu beharrik. Mina hasiz gero, orduan bai zerbait aldatu behar dela.

 

Liburua argitaratu duzu, baina jorratu ez duzun gairen baten inguruko proiekturen bat lantzeko edo ikertzeko asmorik baduzu epe laburrean?

Galdera ona da. Oso ipurterrea naiz, gehienbat fisioterapia arloan. Badut epe laburrean orkatil bihurrituei buruz ikerketa bat hasteko asmoa. Master bat ari naiz ikasten, eta fisioterapia arloko bospasei pertsona gaude euskaraz FISTEUS izeneko proiektu bat bultzatzeko asmoa dugunak. Talde irekia da, eskatzen den bakarra da fisioterapia eta euskara batzeko nahia. Jendea parte hartzera animatzen dut.

 

 

                                     “Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du”
 

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea