Maider Uriarte Idiazabalek, Donostiako Arkitektura Eskolako irakasleak, arkitektura ikasketak hautatu zituen eta pare bat urtetan aritu zen arkitekto lanetan.Hala ere, irakaskuntzarako eta ikerketarako bideari ekin zion, eta, horrela, 2015ean aurkeztu zuen hiri bazterreko paisaien interpretazioaren inguruko bere doktore tesia. Bi elkarrizketa eta artikulu zientifiko bat argitaratu berri ditu, hain zuzen, “Paisaia badator” UEUren Aldiri aldizkariaren 24. zenbakian; horien inguruan aritu gara berarekin.
Aldiriren 24. zenbakiak “Paisaia badator” darama izenburu. Paisaia natura baino askoz gehiago da, ezta? Zer da, bada, paisaia?
Paisaia natura baino gehiago da, baina natura ere bada, noski. Kontzeptu zabala dela esan daiteke hainbat elementu kokatzen direlako definizio horren barnean, gizakiak sortutakoak eta ez sortutakoak edo naturalak, alegia. Horrezaz gain, paisaia eraikuntza bat dela esan daiteke, jendarteak bizi dituen lurraldeei buruzko ulermenak, ikuspegiak eta asmoak barne hartzen dituelako, baita horren eraginez eraikitzen diren elementu materialak eta eraldaketak ere.
Era berean, paisaiak berak ere gu eragiteko ahalmena dauka, eta bi bideko interakzio horrek ere paisaia osatzen du. Hautematearekin zuzenean lotua dago, zentzumen guztiekin egiten den hautematea, eta jendarteko kode anitzek moldatutako interpretazioek sortzen dute paisaia. Dinamikoa eta aldakorra da paisaia, bai honen ulermenak eta usteak, baita haren egoera materialak ere. Bestalde, eskala anitzeko kontzeptua dela esan daiteke, gure gertuko txokorik txikienetik hasi eta lurraldearen eskala handienerainoko eremuak barne hartzen dituelako. Konplexua da, izan ere, paisaia aldi berean gugandik “at” dago, baina gure oroitzapen kolektibo eta bizipen intimoenetako zati esanguratsua ere bada.
Aldiriren 24. zenbakian nolabait alderdi horiek lantzen zituzten artikuluak bildu dira: soinu paisaiak, haurren paisaiak, paisaia efimeroak eta abar.
Orduan, kulturaren araberako kontzeptua dela esan genezake, ezta?
Bai, esan bezala, gizarteak lurraldearen zati bat ulertzeko eta eraldatzeko asmoen eta jardueren arabera sortzen delako paisaia. Polemikoa da paisaia horrela kontzeptualizatzea, izan ere, gizakiok lurraldeak modu anitzetan transformatzen ditugu: nekazaritzaren teknika tradizionalen bitartez, praktika ekologikoen bitartez, baina baita azpiegitura kutsakor eta suntsitzaileen bitartez ere. Maiz erabiltzen da “palimpsesto”aren irudia paisaia azaltzeko; hau da, testu batekin parekatzen da, garaian garai eragile anitzek idazten eta berridazten dugun kontzeptua, esanahi ezberdinak txertatuz lurraldean, eta ideia ezberdinen proiekzio bidez hura eraldatuz. Paisaiak berez, baina gure jardueren eta beharren bitartez eraldatzen dira, kulturalki zehatzak dira.
Bide horretan, zeintzuk dira euskal paisaia kulturalak? Ezagutzen al ditugu?
Paisaia kulturala normalean lurralde batek berez dituen ezaugarri naturalekin zuzenean lerratzen diren eta teknikoki industrializazio aurreko baliabideak erabiltzen dituen paisaia dela esan daiteke. Hortaz, Euskal Herriaren banaketa geografiko fisiko bat eginez gero, hiru eremu nagusi azaltzen dira: kostaldea, Atlantiar isurialdea eta Ebroko isurialdea. Hiru eremu nagusi horietan jarduera kultural ezberdinak garatu dira eta paisaia kultural zehatzak sortu dira bertan, baita lurraldean asentatzeko modu ezberdinak ere. Altitudeak ere eragina dauka paisaia horretan, ezberdinak baitira lautadetako, bailaretako edo mendiko larreetako paisaiak. Jakina, industrializazioak eta teknologiaren aurrerakuntzek logika hori guztia iraultzen dute, eta lurraldearen ezaugarri naturalak geroz eta eragin txikiagoa izango dute jarduera bat ala beste garatzeko. Kulturatzat zer kontsideratzen dugunaren arabera, paisaia kultural anitz bereizI ditzakegu, nahiz eta “kultura” hitzak etimologikoki zuzenean lurra landatzearekin zerikusia duen.
Horien kontzientzia al dugu?
Paisaien inguruan dugun ezagutza eta kontzientziari buruz erantzun bat ematea zaila da, eta nik ez dut nahikoa informazio hori baloratzeko. Baina, adibidez, arkitekturaren ikuspegitik, paisaia kulturalaren irakurketa oso mugatua egiten dela esan daiteke, hura oso azaletik irakurtzen delako elementu estetikoak soilik onartuz eta elementu nagusi bati bakarrik garrantzia emanez, baserriari; nolabait, ahaztu egiten dira baserri paisaia osatzen duten funtsezko beste hainbat elementu: bideak, hesiak, biltegiak, laboreak, basoa eta abar. Hala, etxebizitza bat landa eremuan eraiki nahi denean, baserriari bizpahiru keinu eginez paisaian integratzen dela uste da. Nolanahi ere, paisaiaren hainbat elementuez kontziente garela esango nuke, besteak beste, euskalkiak, toponimia, elikadura eta abar; paisaiarekin duten zuzeneko lotura hori indartzen ari dela esango nuke, lantzeko alorrak falta badira ere.
Aldizkariaren azala diseinatu duen Iranzu Antona elkarrizketatu duzu 24. ale honetan. Paisaia eraikuntza kultural bat dela esanez abiatzen da, eta bere proiektuen bidez paisaia eraikitzeko zenbait modutara egiten dituen hurbilketak azaltzen ditu; esaterako? Zein da bere lana eta haren balioa?
Berak hobeki azalduko luke, baina nik ulertu dudanaren arabera, Iranzuk paisaia irudikatzeko modu ezberdinak erabiltzen ditu, bideoa, argazkia eta paisaiaren irudi piktorikoaren ideia. Hala, errepresentazio ezberdinak eginez, horiek paisaia sortzeko duten ahalmena adierazten du; hots, subjektu batek lurraldea irudikatzeko erabiltzen dituen baliabide teknikoak eta estetikoak (argazkia, bideoa, margoa, konposizio arauak) eta subjektuaren presentziak berak lurraldea paisaia bihurtzen dutela eta hari esanahi eta izaera bat eransten zaiela ageri da Iranzuren lanetan.
Lan hauek baliotsuak iruditzen zaizkit. Batetik, darabilten iruditeria arruntarengatik (mendi paisaiaren irudi estereotipikoa adibidez), eta, bestalde, paisaiak eta naturak osatzen duten binomioa desnaturalizatzen dutelako lehenengoaren eraikuntzan kulturak duen eragina azaleratzeko ahalegina eginez.
Halaber, berriki, paisaiaren dekretua onartu da EAEn, zer jasotzen du honek? Zer ondorio izango ditu?
EAEko Paisaiaren dekretuak Europako Paisaiaren Hitzarmenak dioena jasotzen du. Hitzarmen honen funts nagusia paisaiaren definizioa da, hau lurralde osoan barreiatzen delako, eta lurraldeko biztanleen ulermenak hura osatzeko duen ahalmenari dei egiten diolako. Hots, paisaia ez da soilik eremu natural baliotsuekin edo tradizionalekin lotzen, areago, lurralde bateko eremu hiritartu, degradatu, eraldatu eta antropizatuek ere paisaia osatzen dutela esaten da. Asmoa, egoera bakoitzean eragiteko irizpideak garatzea da, tokian tokiko ezaugarrien araberakoak. Horretarako, EAEko dekretuan, nolabaiteko plangintza tresna batzuk proposatzen dira, lurralde antolamenduarekin txertatzeko pentsatuta daudenak: paisaia katalogoak, paisaiaren zehaztapenak, ekintza-planak, integratzeko azterlanak eta paisaiaren ezagutza eta ikerkuntza jorratzeko neurriak. Hauen helburua paisaiak, kasuan kasu, babestu, kudeatu eta antolatzea da.
Oker ez banago, egun hainbat katalogo egin dira, eta zenbait ekintza-plan idatzi eta garatzen ari dira. Erronka dago, ordea, haien aplikazioan, batik bat, lurralde antolamenduko eta plangintzako tresnekin lotzeko erronka. Izan ere, bien arteko lotura bermatzeko lengoaia komuna topatu beharra dagoela uste dut, maila guztietan. Gehituko nuke, paisaiaren kontzeptua oso erabilgarrira dela orain arte lurralde antolamenduan erabili den “lurralde eredu”ak osatzeko, sektorekako ikuspegiez gain, jendarteak lurraldeaz duen paisaia-ikuspegia barne hartzeko ahalmena duelako. Eta hor sartzen da paisaiaren definizio kulturala.
Miren Askasibar paisajistarekin solasean aritu zara paisaia dekretu horren inguruan, zer dio berak?
Mirenekin egindako elkarrizketan hainbat gai mamitsu atera ziren, baina orokorrean Paisaiaren Dekretuaren beharraz hitz egin genuen: berak ingurumen politikek sortu zuten kezkekin alderatzen du, izan ere, egun frogatu da funtsezko gaia eta tresna dela, nolabait, paisaiarekin antzera gertatuko dela aurreikusiz. Bestetik, paisaia ikuspegi sektorial bat izan beharrean, lurralde antolamenduaren erdigunean kokatzen duten politiken beharra ere aipatu zuen.
Oso interesgarria iruditzen zait paisaiaren balio positiboez dioena: haien babesa erregulatzea edo inpaktu negatiboak identifikatzea baino garrantzitsuagoa ikusten baitu balio positibo horiek identifikatzea, baita horiek indartuko dituzten ekintza-planak eta inbertsio ekonomikoak bideratzea ere. Beste hainbat gai atera ziren elkarrizketan, beraz, irakurtzea gomendatzen dut!
Eta, azkenik, “Hiri bazterreko paisaietara hurbilketa teorikoa” artikulua ere idatzi duzu. Zer dela eta jo duzu eremu baztertuetako paisaietara?
Hainbat arrazoi egon dira. Besteak beste, hauen izaera ezezaguna ulertzeko asmoak eraman naute bertara, bi eremuen edo poloen arteko tentsioak moldatu duen izaera aztertzeko nahiak, hain zuzen ere. Hiri-bazterrak ez hiri eta ez landa-eremu, baina bi mundu horietako elementuek moldatzen duten trantsizio eremu hibrido desorekatuak dira. Ez daukate berezko errekonozimendu paisajisitikorik ez dagoelako erreferentziazko iruditeriarik, eta horrek ere paisaiaren esparruan egin beharreko ikerkuntzaz ohartarazten gaitu. Sarrera-irteera eremuak dira, nolabaiteko hiriaren eta ez-hiriaren arteko atariak, eta etxeetan gertatzen den bezala, kanpoaren eta barnearen arteko trantsizioa gertatzeko hainbat elementu kokatzen dira bertan. Nolanahi ere, bazter hauek definitzea, hiriaren mugak marraztea bezain zaila bilakatu da; izan ere, hiriak, funtzionalki eta ideologikoki, oso hedatuak daude gaur egun. Bilboren kasuan, mendi magaletara jo nuen, nolabait muga espazial jakin bat suposatzen dutelako mendi-maldek eta bertan lekutu direlako, hainbat paisaia-ikuspegik bultzatuta, hiriari funtzionatzen laguntzen dioten zerbitzu eta azpiegiturak, aisiguneak eta nekazaritza eremuak barne. Bestalde, mendi magalak Bilboaldean, itsasadarrarekin alderatuta, bazterketa bikoitza jasan izan dute haiek lantzeko eta garatzeko proiektu eta plan zehatzik ez dutelako. Berez “naturalak” ziren eremu gisa irudikatu arren, haien garapena oso bestelakoa izan da, beti ere, hiriaren zerbitzura jarri izan direlako. Finean, hiri bazterrak ulertzeko saiakera egin nuen, eta bidean pertsonak eta jendartea erdian jartzen dituen eta paisaiak ulertzeko eta interpretatzeko gai izan daitekeen tresna bat proposatzera iritsi naizela esango nuke.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio