Uztaro giza eta gizarte zientzien aldizkariaren azken alerako “Sortzaile kulturalak eragile sozialak al dira? Errepertorio kulturalak: espazio, audientzia eta estetika berriak” izeneko artikulua idatzi dute Leire Amenabar Larrañagak eta Maitane Arnoso Martinezek. Amenabar Psikologian graduatua da eta Arnoso, berriz, Zientzia Politikoetan doktorea eta EHUko irakaslea.
Jendartea herdoiltzen ari dela diozue. Zer esan nahi du horrek?
Leire Amenabar: Parte hartze politikoaren eta komunitarioaren modalitate ezberdinen aurrean, jendartea gaitzuste politikoaren prozesu sakonean murgildu da, eta herritartasun demokratikoaren hustuketa gisa ulertu daiteke. Sistema demokratikoan dauden aktore nagusiek euren buruaren errepresentazioa gailentzen dute; gobernatzaileen eta gobernatuen arteko tartea geroz eta handiagoa da; klase politikoa konpetentzia elektoraletara soilik begira dago; eta, sistema demokratikoaren oinarriak arriskuan jartzen dituen eta jendartearengandik at kokatzen den klase politikoa ezagutzen ari gara.
Hiriaren eta espazio publikoaren konfigurazioak zein paper jokatzen du?
Maitane Alonso: Neoliberalismoak gure herriak eta hiriak moldatzen ditu. Auzoak estigmatizatu eta itotzen dira, espazioen aniztasuna desplazatzen da, espazio historikoak gentrifikatzen dira, multinazionalek gure kaleak eta etorbideak okupatzen dituzte, urbanizazioak eraikitzen dira "bigilantzia eta segurtasun gehiagorekin" bizitzeko. Arkitektura neoliberalak espazioak homogeneizatu eta identitate lokalak suntsitzen ditu, eta horrek aldatu egiten du bizi garen lekuekin dugun harremana. "Debekatuta dago pilotan jokatzea" karteldun plazak, eta horri erantzuten dieten pintadak: "Eta orduan? Drogatu egingo gara?"
Gazteek politikaz paso egiten omen dute, baina politika bizitzeko modua da aldatu dena...
M.A: Gazteek politikarekiko duten desafekzio orokorra kezkagarria da; batez ere eskuin muturreko alderdien gorakadaren testuinguruan. Azken hauek gazteen kezkak erabiltzen trebeak dira: askatasun indibiduala, Estatuaren mende ez egotea eta araua desobeditzea (bereziki aurrerakoia denean), etab. Arduratzekoa da hau.
Baina badago gutxiengo aktibo bat, mobilizatua, militantea, nahitaez alderdi-egituretan parte hartzen ez duena; baina gizarte-aldaketan paper garrantzitsua jokatu nahi duena. Eta gazteria horrek, eta batez ere mugimendu feministaren indar eta ikaskuntzekin, politika egiteko eta bizitzeko beste modu bat (nahi) du. Eta gutxiengo aktibo horretan, gehienak emakume gazteak dira, eta dantzatzerik ez badago, ez daude (gehienak) iraultza egiteko prest. Poztasuna, samurtasuna eta aktibismo politikoa uztartu nahi dituen subjektu politiko berri ba da; lan-merkatu oso prekarizatuan biziraun behar duena. Hor korapiloak sortzen dira ere.
L.A: Nik esango nuke beti izan dela gutxiengoa parte hartze aktiboan egon dena, baina beti gazteei errazago leporatzen zaigula pasibotasuna eta fundamentu eza. Iraganean bezalaxe, jendarteko aldaketetara moldatu dira parte hartzeko moduak eta diskurtsoak; eta gazteok testuinguru honetan jaio eta bizi gara.
Zein da mikropolitikaren garrantzia?
M.A: Pertsonala politikoa dela esaten dugunean, horretaz ari gara pixka bat; eremu publikoan dagoena (boterean bereziki) esparru pribatuan sartzen ari dela; eta horiek elkarrekin aztertzeak duen garrantziaz, bi espazioen arteko harreman dialektiko batean (batez ere emantzipazio-prozesuak sustatzeko). Norberaren eta norbanakoaren alderdi guztiak edertzen diren testuinguru honetan, premiazkoa da esparru guztiak aztertzeko gaitasuna zabaltzea. Aurreko mendeko 60ko hamarkadatik hitz egiten da horretaz. Foucalt, Nietzsche, Deleuze eta beste egile batzuek eraldaketa politikoaren aukerak ulertzen lagundu zuten, subjektibotasun politikoaren domeinuan duen eraginaren bidez.
L.A: Eragiteko markoan, praktika politikoaren ikuspegi berri bat txertatzen du mikropolitikaren ikuspegiak. Gertuko horretan ekingo du, hartu emanean, ezaugarri txikietan, inguratzen gaituen horretan, garen horretan eta egiten dugun horretan. Elkarrizketatu ditugun sortzaileek ere, hartu eman hori bilatzen dute “hartzailearen” eta euren lanen artean. Izan ere, paper aktiboa esleitzen die zaleari, irakurleari, entzuleari edo ikusleari. Eta harreman horretan, zein errepertorio erabiltzen dituzten eta zer nolako eragina duten aztertu nahi izan dugu.
Manifestazio artistiko oro da politiko?
M.A: Sozializazio politikoko edozein prozesu, baita eraikuntza nazionala edo pertenentzia identitateen eraikuntza ere, tresna kulturalen bidez eraikitzen dira. Batzuk hegemonikoak dira eta botererako eta kapitalerako balio funtzional jakin batzuekiko atxikimendua sustatzeko baliagarriak dira. Beste adierazpen artistiko batzuek kontrako noranzkoa betetzen dute: erresistentziari, desoroimenari, inor ez den horri eta soldatapekoei kantatzea. Baina edozein helburu politikok eraikuntza eta adierazpen artistikoa behar ditu. Gainera, gaur egungo testuinguru honetan, non estetika balio gisa nagusitu den, artearen edertasunak lasaitu egiten gaitu, bildu egiten gaitu; eta aukera ematen digu zentzuduna eta kognitiboa baino ez dena adierazpen emozionala bideratzen duten formatu atseginetara itzultzeko. Emozioak eta pasioak ulertzea eta kudeatzea funtsezkoak dira edozein proiektu politikorako.
Euskal Herriko belaunaldi berrien erreferente kulturaletan sortzen ari diren diskurtso berriak aztertu dituzue. Zein helbururekin?
L.A: Diskurtsoaren edukia eta kontatzeko modua aztertu nahi izan genuen. Iruditzen zitzaigun artea leku pribilegiatua zela aurretik aipatu dugun merkantilizazioak kendu digun eta homogenizatu duen espazio publikoa okupatzeko eta gureganatzeko. Hori guk horrela ulertuta, kultur agenteak eurak nola posizionatzen diren ikusi nahi izan genuen.
Horretarako hainbat sortzaile elkarrizketatu dituzue. Zeren arabera egin duzue aukeraketa?
Belaunaldi gazteen erreferente kulturalak izatea nahi genuen. Horretarako zenbait gazte militanteri hamarna erreferente kultural eskatu genizkien. Guztien artean gehien errepikatzen ziren sortzaileen zerrenda osatu genuen eta guretzat irisgarrienak zirenak hautatu. Horrela, 21 sortzaileri egin genien parte hartzeko proposamena, baina horietatik diziplina ezberdinetako 13 sortzailek eduki zuten erantzuteko tartea.
Eta zeintzuk dira atera dituzuen ondorio nagusiak? Sortzaile kulturalak eragile sozialak al dira?
L.A: Ikerketan ikusi da sormen lanetan, modu zuzenean edo zeharkakoan, dimentsio politikoak eta ideologikoak zeharkatuta daudela. Dimentsio horiek posizio batekiko adostasuna adierazteko izan daitezke, baita sortzailea zalantzan jarri eta sormen lana eraldaketa sozial baterako estrategiatzat ulertzeko ere; nahiz eta askotan, bulkada edo intuizio artistiko bat badagoen. Elkarrizketatutako kultur agenteek uste dute sormen lanak aukera ematen duela parte hartze politikorako definizio tradizionalak gainditzeko; ideien abstrakzioari forma eta gorputza ematen diotelako euren sormen lanetan, eta, horrela, identitatean adierazpen zabalagoak ateratzen direla.
Zein galdera gelditu dira erantzuteke?
Zehazki zein ez dakigu, baina asko gelditu dira pendiente. Interesgarria litzateke identifikatu ditugun errepertorioak edo estrategia estetiko-politikoak identifikazioan nola eragiten duten ikustea, eta ea forma tradizionalekin alderatuz identifikazio hori indartsuagoa den edo ez.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio