Berriak

Maria Gonzalez Gorosarri: “ Gizarteari onura ez dakarkion kazetaritza ez da profesionala”

Kazetaritzan eta, batik bat, Euskal Herriko kazetaritzan murgilduta dabilen Maria Gonzalez Gorosarrik Komunikazio-enpresa: kalitatea, helburu eta xede liburua argitaratu du UEUrekin, eta berareik hitz egitea nahi izan dugu liburuaren nahiz kazetaritzaren inguruan gehiago jakiteko.

Bloga: http://albistetan.blogspot.com.es/

Twitter: @albistetan

1. Zein dira albistegintzaren prozesuak? 

Albistegintza berriak bilatzean eta lantzean datza. Horregatik, hiru prozesu ditu: informazioa hautatzea, albistea lantzea eta berria editatzea.

 
2. Albistegintza enpresa barnean kokatzeak ez al du informazioa desitxuratzen? 

Komunikazio-enpresak informazioa du lehengai, baina hedabideen eginkizun soziala dela-eta, komunikazio-enpresetan onura sozialak negozioa baino garrantzia handiagoa izan behar du. Horregatik, merkatu askearen nagusikeria zuzentzeko, albisteen kalitateak informazioaren ekarpen soziala kontuan hartzen du.

 
3. Kazetariaren profesionaltasuna gizartearekin duen atxikimenduarekin lotzen duzu. Baina, ez al ditu muga gehiegi kazetaritza profesioak? 

Mugak baino, eskakizun esango nuke. Azken batean, kazetaritzaren jarduna aginteari neurri hartzean datza. Merkatu askeak, ordea, kazetaritza lasterra ahalbidetu du. Are gehiago, jarduera arin hori beste kazetaritza mota bat balitz bezala aurkeztu dute. Gizarteari onura ez dakarkion kazetaritza ez da profesionala.

 
4. Euskal hedabideen kopuru dezentekoa izateak eragina al du beraien bizirautenean? 

Euskarazko hedabideek gure hiztun-komunitatea egituratzen dute. Beste herriekin alderatuta, euskarazko hedabideen aniztasuna poztekoa da. Alde batetik, ekimen publikoko telebista eta irrati publikoek, adibidez, euskarazko albistegi modernoa ezinezkoa izan zitekeela uste zen sasoian profesionaltasun handiz martxan ipini zuten. Beste aldetik, ekimen publikokoak ez diren hedabideek irauteko zailtasun handiagoak dituzte oraindik. Hala ere, elkarlanerako bidea abiatu dute, kezka komunak dituztelako. Horren adibide Hekimen egitasmoa dugu.

 
5. Zure blogean irakurri dudanaren arabera, ikerketa kazetaritza gehiago egin behar dela uste duzu. Zein dira ez egitearen arrazoiak? 

Ikerketa kazetaritzak hedabidearen askatasuna erakusten du. Hedabideak berak abiatutako ikerketak izen ona dakarkio. Ospeak hartzaile kopurua areagotzen du. Horrela, ikerketa berriak hasteko diru-sarrera lortuko du. Bestela, berezko informazioa abiatzeko gaitasunik ez duen hedabideak aginteari neurri hartzeko zailtasunak izango ditu. Orduan, sinesgarritasuna ere bereganatzea zailago izango du. Horrelakoetan, informazioarekiko distantzia hartu beharko luke hedabideak. Albistea nondik datorren zehaztea ezinbestekoa da: informazioa nork eman duen zehaztean, zergatik eman duen ere azaltzen delako.

 
6. Deontologia akatsak argitara ateratzen dituzu blogean, ez al dira gehiegi? 

Albisteen kalitateak profesionaltasuna eskatzen du. Horregatik, blogean profesionaltasunik gabeko albisteak aztertzen ditut. Izan ere, deontologia ogibidearen kode morala litzateke eta, horrexegatik, deontologiak ez du kalitatea definitzen. Aldiz, profesionaltasunak kazetaritzaren gizarte ekarpena azpimarratzen du.

 
7. Urte honetan EHUn ikertzen zabiltza? 

EHUko diru-laguntza lortu nuen. 2013ko uztailera arte, albisteen kalitatea aztertzen ibiliko naiz, Doktore Tesia ere gai horri buruz egin bainuen. Ildo horretatik, unibertsitatean egindako ekarpena gizarteratu gura dut. Gainera, nire ikerketak euskarazko hedabideei eragiten dienez, nire lana gizartearen esku ipini behar dudala uste dut. "Albistetan" blogean unibertsitatean garatzen dudan lana gure gizartean zabaltzen dut.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea