Uztaroko erredakzio kontseiluan aldaketak izan dira azkenaldian. Belaunaldi aldaketa izan da. Maria Gonzalez Gorosarri (Durango, 1978) ikertzaile eta doktorea da sartu berrietako bat. Jokin Apalategi zuzendariarekin batera berak hartuko du hitza 100. zenbakia ospatzeko antolatutako jaialdian.
Uztaron idatzi izan duzu eta orain erredakzio kontseiluan sartu berria zara. Nolatan?
Azkenengo hiru urteetan kanpoan egon naiz doktoretza osteko proiektu batekin; eta Euskal Herrira bueltatzeko erabakia hartu nuenean Jose Inazio Basterretxeak eta Jesus Mari Zalakainek justu erredakzio kontseiluan egoteari utzi behar zioten; eta UEUkideen artean zabaldu zen deialdia. Iruditu zitzaidan polita zela eurak egindako lanari jarraipena emateko. Biak nire irakasleak izan dira eta harreman emozionala ere badut eurekin; eta behin Euskal Herrira bueltatuta, eta berton finkatuta, iruditzen zitzaidan oso proiektu polita zela Uztaron parte-hartzea; euskarazko ikerketaren bilgunea delako.
Ikertzailea zara. Ikerketa egon badago, baina Inguman begiratzea baino ez dago euskarazko produkzio zientifikoa gora ez doala ikusteko.
Eta galdera da, zergatik hori? Ikertzaile gazteek ikertzen ez dutelako den, euskal gaiak ikertzen ez ditugulako den... Eta hori horrela bada, zergatik? Adibidez, nik hiru urte eman ditut Berlinen, Berlingo hedabideen kalitatea aztertzen. Bertoko euskarazko hedabideen kalitatea aztertu nuen tesirako, baina egia da unibertsitatean lan egiteko akreditazioa behar dugula. Akreditazio hori lortzeko irizpideak Espainiako Gobernuak finkatzen ditu. Irizpideetan kanpoko ikerkuntzak balio izaten du eta euskarazkoa alde batera gelditzen da. Egia da Eusko Jaurlaritzak badaukala beste akreditazio agentzia bat, Unibasq, baina horrek ere ez du baloratzen behar beste euskarazko produkzioa. Ez da sasoi bateko unibertsitate lana. Nolabaiteko askatasuna duzula eta intereseko gaiak landu ditzakezula. Lana bilatu ahal izateko Espainiako Gobernuak finkatuta dituen irizpideetan lan egin behar duzu. Horrek esan nahi du Espainiara begira egin behar izatea, eta zerbait ingelesez argitaratu behar izatea.
Euskarazko ikerketa irakasle izateko kontuan hartzen da?
Bai Unibasqek zein UPV/EHUk kontuan hartzen dute, baina gehiago baloratuta dago EGA izatea euskaraz lan egin izana baino.
Uztarok egoera horretan zein paper jokatzen du?
Uztarok daukana da euskarazko gaiak biltzen dituen aldizkari zientifikoa dela eta gutxienez bi artikulu-ebaluatzailek aztertzen dituztela argitaratutako lanak. Horrek esan gura du euskarazko aldizkari zientifiko batean argitaratu arren, kalitate maila ziurtatu dagoela. Beste kontu bat da ea gobernuek (Eusko Jaurlaritzak zein Espainiakoak) horri zein balio ematen dioten. Euskarazko produkzioaren bilgunea da Uztaro. Nire kasuan, egiten dudan ikerketak aplikazio praktikoa izatea nahi dut. Ez dadin akademia munduan gelditu. Soldata publikoa badaukat iruditzen zait ni formatu nauen jendarte honi zor diodala. Kanpoan ikasi dudana etxera ekartzea, hemen irakastea. Eta hori Uztaron argitaratzea da.
Ikerkuntzak izan badu bere konpromiso soziala?
Izan beharko luke; baina indizeei begira lan egiten badugu, Espainiako Aneka akreditazio agentziak eta Unibasq-ek finkatzen dituzten irizpideei jarraitzen badiegu, ekarpen sozialak ez dauka balorerik.
Zein da ikertzaile euskaldunen argazkia?
Gazteak direla. Gertuen daukagun errealitatea gure ingurukoa da. Horretan eragin gura izaten dugu. Bide horretan sartu ahala bestelako egiteko batzuk etortzen zaizkigu. Eta hori izaten da akreditazio agentziek eskatutakoa. Esan daiteke ikertzaile gazteok egiten dugun bidea libreagoa dela, baina nire kezka da ea askatasun horrek ez ote daukan iraungitasun datarik. Tesiarekin hegoak mozten dizkigute.
Bi ardatz daude. Batetik ardatz ekonomikoa. Egoera gero eta prekarioagoa da. Orain arte doktoretza aurreko bekek ziurtatzen zizuten diru sarrera, baina orain urte biko lan kontratu hori praktika kontratuekin parekatu nahian dabiltza. Hainbat lan eskubide galtzea dakar horrek. Ikerketaren bidea hasten duzu, baina ez daukazu ziurtasun ekonomikorik; eta etengabe ibili behar duzu hainbat proiekturen atzetik. Bestetik egitura batean sartzen gara eta gure arriskuetako bat izaten da irakasleren batek gure lana bere egitea.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio