Berriak

Maria Gorosarri: “Gertakizuna ulertzeko gakoak ematen dituen argazkia behar dugu”

Unibertsitate-mailako fotokazetaritzari buruzko euskarazko lehen eskuliburua argitaratu du UEUk UPV/EHUrekin koedizioan: “Fotokazetaritza. Argazkigintzaren teknika eta kazetaritzaren egitekoa”Maria Gorosarri Gonzalez UPV/EHUko fotokazetaritza irakaslea da liburuaren egilea eta argazkigintzaren alde praktikoa zein unibertsitate-mailako teoria biltzen ditu

Hutsune bat betetzera dator liburua...
Argazkigintza euskaraz azaltzen duen eskulibururik ez dagoelako. Horregatik, UEUko hizkuntza arduradunarekin batera, hizkera teknikoa garatu behar izan dugu.

Zergatik da garrantzitsua liburu hau?
Euskaraz hutsunea egon da, baina erdaraz ere (gazteleraz eta frantsesez) horrelakorik ez dago. Unibertsitate mailako eskulibururik ez dago. Era berean, dauden liburu teknikoek ez dute fotokazetaritza argazkigintza artistikotik bereizten.

Zein da kazetaritzako argazkien egitekoa?
Kazetaritzako argazkiak albisteak edo artikuluak irakurtzeko gonbidapena dira. Horregatik, estetikoki ederrak izan behar dute; baina, kazetaritzakoak diren neurrian, informazioa ere eman behar dute. Sarritan esan da irudi batek mila berba baino gehiago balio duela. Gero, modan ipini da, hori baino, irudiak hamaika galdera eragin behar dituela esatea. Kontua da, informatu behar badu, argazkiak esangura ikonikoa garatu behar duela: ikustean, gertakizuna ulertzeko gakoak ematen dituen argazkia behar dugu. Argazkiak ezin du gertatutakoa dokumentatu bakarrik, hori bideoak hobeto egiten duelako. Horregatik, argazkiak bigarren irakurketa bat eskaini behar du: azalpena.

Gaur egun argazkien benetakotasuna etengabe dago zalantzan, baina zer da manipulazioa eta zer ez?
Argazki-kamera asmatu zenetik manipulazioaren mamuak darraio argazkigintzari, errealitatearen egiaztatzaile moduan ikusi gura izan dutelako. Argazkiek guk gura dugun errealitatearen zatia bakarrik jasotzen dute. Hortaz, manipulazioa mezua desbideratzea litzateke, gertakizunarekin zerikusirik ez daukan zerbait aditzera ematea. Teknikoki, gainera, manipulazioa argazkiko elementuak ezabatzea litzateke, edo gehitzea; azken batean, helburu berarekin: gertatu ez den zerbait aditzera ematea.

Objektibotasunik ba al da?
Objektibotasuna kazetaritzaren metodoa da. Bigarren Mundu Gerra eta gero, baina, AEBen hegemonia politiko-kulturalaren ondorioz, AEBtako objektibotasun aseptikoaren irizpidea zabaldu zen Europan, baina horrek ez dauka ezelango oinarri profesionalik. Izan ere, AEBn prentsa ideologikoak gutxiago saltzen zuen; Europan, aldiz, ildo editorialaren araberako hedabideak identifikatu eta jarraitzen ditugu. Hala ere, objektibotasuna ez da neutraltasuna. Objektibotasuna kazetaritzaren metodoa den neurrian, gertakizuna edozein ildo editorialetatik lantzeko prozedura da, hau da: adierazgarritasun soziala (eta ez, pertsonala) daukan gertaera baten berri emateko, dauzkagun probekin egiazkotzat jo dugun gertakizuna dela ziurtatu eta gertaeran parte hartu duten ahots guztiei tartea emango diegu, bakoitzak gure ustez merezi duen neurrian (batzuk besteak baino sinesgarriagoak dira), era neutralean aurkeztuta (inor deskalifikatu barik).

Izenburuak berak dioen moduan argazkigintzaren teknikaren inguruan da liburuko lehen atala eta kazetaritzako argazkien egitekoaren ingurukoa bigarrena. Egitekoaz hitz egin dugu, baina atal teknikoan zer landu duzu?
Argazkigintzaren oinarrizko hiru gai: argazki-kameraren ezarpenak, konposizio estetikoaren arauak eta argazkiak editatzeko eta tratatzeko software libreko programak.

Norentzako liburua da?
Argazkigintzan interesa daukan edonorentzat pentsatuta dago. Argazkiak teknikoki egiten, estetikoki konposatzen eta editatzen ikasteko balio du. Gainera, software librean oinarritutako programak erabiltzen dira, edonork eskura eduki ditzakeenak.

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea