Martxel Aizpurua Agirre biologo, hiztegigile eta erlezainak “Erleekin solasean” liburua argitaratu berri du UEUrekin. Aizpurua aitzindaria izan zen biologia euskaraz lantzen. UEUko Natur Zientziak saileko sortzaile eta dinamizatzaile nagusietako bat izan zen.
Orain 30 urte Argian argitaratutako artikuluetan du abiapuntu liburuak. Zein eratako artikuluak ziren?
Berez, oraingo liburuan agertzen diren estilo berekoak ziren. Hiru elkarrizketa argitaratu nituen. Gero, ez dakit zergatik, egiteari utzi egin nion. Hor egon dira paper artean duela hiru urte edo, topatu nituen arte.
Egiazko informazioa zientzia-fikziozko pertsonaien ahoetan...
Erlezaintzako dibulgazioko liburuetan ohikoena da zuzenean erlearen bizitza azaltzea. Horren estilokoa da aspaldi argitaratu nuen “Erleen bizitza ezkutua” liburua. Baina Gipuzkoako erlezain-elkarteko ardura nuenean Frantziako La Hulotte aldizkariko ale bat argitaratu genuen, Xabier Kintanak itzulpena eginez. Ale horretako marrazki ederretan badago txantxa giroa erleen artean. Han izan zutela, uste dut, jatorria Argiako lehen artikulu haiek.
Fikzioari dagokionez, liburuan deus ez dakien kazetari bat bidaltzen dute erlauntz barnera eta, erleekin hizketan arituz, jabetzen doa mundu horretaz. Erleek bere jakin mina asetzen ez, eta landareak ere elkarrizketatzen ditu. Azkenik, erlezain bat ere bai. Batek eta besteak emandako informazio-zatiekin osatzen da puzzle osoa.
Erleen munduak beti harritu izan gaituela diozu. Zergatik da horren harrigarri erleen bizitza?
Behi bat eta gu antzekoak gara. Erlea, aldiz, euli bat da; eta guk euliei ez diegu arreta handirik eskaintzen. Erleak, ordea, han dabiltza sartu-irtenean, abaraska perfektuak egiten dituzte eta gainera eztiz beteak. Antolamendu bat sumatzen da erladian. Batek baino gehiagok gizarte perfektua irudikatu du haiengan.
Erlezain bat ezagutzen duena, bestalde, harriturik geratzen da hark kontatzen dituen gauzekin: nola dagoen erregina bat (garai batean errege bat zegoela uste zuten), zenbat arrautza egiten dituen, langileek nola zaintzen dituzten umeak, nola komunikatzen diren, …
Jendeak dio nolatan hain zomorro txikiek eduki dezaketen halako bizitza sozial antolatua; duela gutxi arte total sekretua zena.
Zein eratako informazioa aurkituko dugu liburuan?
Liburuaren muina erleen bizitza da, baina informatzaile askok emana: erreginak, erlamandoak, langile medikuak, langile segurtasun-arduradunak, langile arkitektoak, langile kontableak, laharrak, makalak eta erlezainak.
Bigarren zatian erleei buruz euskaraz ezagutzen ditudan liburuen zerrenda dator, batzuek iruzkin bat lagun dutela.
Glosario zabal bat dator hirugarren zatian, non irakurleak erleei buruzko informazioa topatuko duen, baina modu akademikoagoan; fikzioan irakurri duena osatzeko edo ziurtatzeko.
Gure aldetik nahikoa begirune al dute erleek?
Alde batetik, jendeak beldurra dio erleari. Baserritarrek zezenari baino beldur handiagoa diote, haien erasoa ezin dutelako kontrolatu. Ezjakintasun handia dago gizartean. Jendeak beldurrezko film gehiegi ikusi ditu.
Bestalde, ordea, zaletasun handia dago erlezaintzan. Euskal Herrian gutxienez 4.000 pertsona erledun egongo dira, gehienak hobbistak. Barroa izeneko akaroa etorri zenetik erle basati guztiak galdu dira eta erlezainen esku daudenak bakarrik daude gure ingurunea polinizatzeko. Horren jabetasuna badutela uste dut administraziokoek; baina, bestalde, nekazaritzako pestizidak izugarrizko kaltea egiten ari dira; kalte horren konponketan oso atzean gabiltza.
Zer dakar erleen galera horrek?
Alde batetik, polinizazioaren galera. Kontuan izan erlauntz batean 60.000 buru daudela, egunean milioika lore polinizatzeko irrikitan. Bestalde, espezie baten galerak biodibertsitatearen urritzea dakar. Gainera, gu erlearen galeraz ari gara konturatzen, hari etekin zuzena ateratzen diogulako; baina zer ari da gertatzen beste intsektu guztiekin? Bost axola zaigu, hor dago okerra.
Zientzia-kontzeptu franko landu daitezkeela diozu liburuarekin. Zer gehiago?
Elkarrizketa horietan aipamen asko topatuko ditu irakurleak landare eta animalion koeboluzioaz, erleen (intsektuen) anatomiari buruzkoak, gizakiok jaten ditugun erle-produktuei buruzkoak, etnologiaz, taxonomiaz, erlezaintzaz (gizakiak, erlearen izaera ezagutuz, nola lortu duen bere jarduna bideratzea), ... Horiek denak lantzen ditu kazetari saiatuak.
Norentzako liburua da?
Irakaskuntzan erabilgarria deritzot, 13-16 urte artekoen artean edo nekazaritza-eskoletan. Horko kontzeptu asko landu daitezkeelako gelan. Behe mailetan ere ikasleak binaka jarrita irakurketa politak egin daitezkeela uste dut.
Hala ere, ez da haurrentzako liburua soilik. Uste dut, erleen bizitza ezagutzera inora inguratu ez dena sar daitekeela liburuko estilo errazean. Gainera 80ren bat argazki eta marrazki ditu eta haiei begiratu ostean irakurtzera joko duela iruditzen zait.
Zein da azken helburua?
Jendeak aurpegian irribarrea duela irakurtzea eta bukatzean “zein mundu polita erleena” esatea. Ziur naiz, liburua bukatzean atzera itzuliko dela bat baino gehiago, hasieran ulertzen ez zituen lerroak berriz irakurtzera. Hori pentsatuz, poz-irribarre bat darit.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio