Berriak

Pertsonen ongizatea hobetuko duten makina automatikoak ugariagoak izango dira etorkizunean

Automatismoak eta kontrola egungo eta etorkizuneko apustu direla diote Ingeneriaritzan doktore diren Haritza Camblongek, Nora Barrosok eta Aitzol Ezeizak

Eguneroko jarduerak eta ekintzak erraztea dute helburu automazizazioek eta kontrolak. Eta hori hala, Haritza Camblong (Baiona, 1972), Nora Barroso (Errenteria, Gipuzkoa, 1978) eta Aitzol Ezeiza (Donostia, 1975) Ingeniaritzan doktoreek uste dute arlo horretako egungo erronkarik handiena gailu eta zerbitzu guztiak edonork ahalik eta modu errazenean eta erosoenean erabiltzea dela.

Automatismoak eta kontrola liburua argitaratu berri dute UEUrekin eta Elhuyar Fundazioarekin elkarlanean. UPV/EHUn irakasle lanetan dabiltza egun hirurak, eta irakasle ikuspuntutik ikasleek automatismoen eta kontrolen inguruan zituzten hutsuneak asetzeko erabaki zuten liburua idaztea, betiere euskal ikasleentzat tresna erabilgarria izan dadin.

Automatismoak eta kontrola liburua idatzi duzue. Zein da liburuaren helburua eta nori dago zuzenduta?

Liburua, bereziki, UPV/EHUko graduetako izen bereko ikasgaia duten ikasleei laguntzeko idatzi genuen. Ikasgai horrek bi zati ditu: Automatismoak eta Kontrola. Automatismoak zatia nahiko ongi menperatzen dute ikasturte bukaeran, baina Kontrola izeneko zatian, zailtasun gehiago izaten dute. Klasean ez da denborarik hainbat gai garrantzitsu sakonki aztertzeko, baina liburuaren bidez, ikasleek modu autonomoan landu ditzakete, eta, era horretan, gaiak hobeki menperatzeko aukera dute.

EHUko ikasle horiez gain, jakintza arlo horretako ikasgaiak ikasi behar dituzten beste euskal ikasle guztiei ere zuzenduta dago liburua. Izan ere, liburuan dagoen informazioa oinarrizkoa da, eta, beraz, Lanbide Heziketako ikasleentzat ere lagungarri izan daiteke. Gaia kurtsoz kurtso sakontzen dute gaia unibertsitateko ikasleek, eta, hori dela eta, oso garrantzitsua da oinarria ongi menperatzea.

Gaian aditu ez denari nola azalduko zeniokete automatismoak zer diren eta zertarako balio duten?

Automatismoak, izenak dioen bezala, prozesu batzuk automatizatzean datza. Garai batean, gizakiek egiten zituzten hainbat ataza, automata edo mikro-kontrolagailu batean programa daitezke, eta sentsore eta eragingailuen bidez, gizakiek lan egin gabe gauzatu daitezke. Ataza sinpleak bat bestearen ondoren egiten dira gehienetan, sekuentzialki. Hala nola, ontzi bat bete, tapoi bat jarri, etiketa bat kolatu edo kutxa batean sartu. Automatismoei esker, langileek ataza errepikakorrak, zailak edo arriskutsuak egitea saihets daiteke. Ekoizpena eraginkorragoa eta erregularragoa izatea lortzen da, hau da, pieza-ekoizkin estandarrak. Gaur egun, automatizazioek enpresen lehiakortasuna hobetzen dute produktuen balio erantsia handituz, eta automatizazioa malgua denean, produktu berrien garapena ahalbidetzen du.

Kontrola, hainbat jakintza arloko sistemen joera aztertzean eta kontrolatzean datza; esaterako, fisika, elektrizitatea, kimika, pneumatika, hidraulika, termika, biologia edota ekonomia. Adibidez, bat-batean motor elektriko bati aplikatzen zaion tentsio maila aldatzen bada, nola aldatuko litzateke bere abiadura? Azterketa hori egin ondoren, sistemaren joera zein den jakin ondoren, kontrolagailu bat diseina daiteke motorrak nahi den abiadura nahi den momentuan lor dezan.  

Teoriaz gain, ariketak ere baditu liburuak. Zer-nolako ariketak aurkituko ditu irakurleak?

Ariketa didaktikoak dira, noski, teoria zatian aztertzen diren kontzeptuak landu eta hobeki ulertzeko. Zailtasun desberdinetako ariketak dira, atalka eta errazenetik zailenera sailkatuta, orokorrean. Batzuk errealitatetik urrun daude, teoria lantzeari zuzenduak soilik; eta beste batzuk kasu errealak aztertzeko eginak dira. Ariketa guztien zuzenketak ere baditu liburuak.

 

Ba al da automatizatu ezin daitekeen zerbait?

Bai, ongi automatizatu ezin diren hainbat prozesu bada oraindik. Eskerrak, bestela ez baikenuke lan gehiago egin beharko. Makinek ezin dituzte oraindik pertsonek egiten ditugun hainbat gauza ongi egin. Hamaika adibide dago. Esaterako, operazio kirurgiko batean lagun dezakete medikuntzan automatizaturiko teknologia berriek, baina medikuen esperientzia ezin da ordezkatu, eta ataza delikatuetan haiek aginduko dute.

Edozein kasutan, makina automatizatuek ez dituzte gizakiak ordezkatzen, horien lana erraztu baizik. Adibidearekin jarraituz, diagnostikorako mediku-taldeak tresnak behar dituen bezala, urrunetik ebakuntza bat egiteko sistema automatikoa erabil dezakete, baina diagnostikoa medikuek egingo dute eta ebakuntza medikuek zuzenduko dute; eta makina automatikoak aginduak beteko ditu ahal duen modurik eraginkorrenean. Kontzeptu hau automatizazioko edozein aplikaziora zabal daiteke: botilak makinak automatikoki etiketatuko ditu, baina langileak aginduko dio noiz etiketatu, zenbat botila etiketatu, eta garrantzitsuena, etiketan eta botilaren barruan zer jarri.

Automatizazioa egungo eta etorkizuneko apustua da gailu teknologiko berriei dagokienean? Zein aplikazio ditu automatismoak?

Bai, industrian hedatuago dago, beharbada, baina geroz eta zabalduago dago gure eguneroko bizian ere.

Hamaika aplikazio dituzte automatismoek eta kontrolak. Erraterako, aerosorgailu bat ongi ibiltzeko, haizea aldatzen den neurrian, abiarazi edo gelditu egin beharko da, bere errotazio abiadura aldatu beharko da, orientazioa haizearen norabideari egokitu beharko da, haizea azkarragoa bihurtzean palen angelua aldatu beharko da haizetik lortzen den potentzia mugatzeko… Eta hori guztia automatikoki egiten da, inoren esku-hartzerik gabe.

Ahotsaren ezagutza-arloan kokatuz gero, adibidez, aginduak ahoz gauzatzeko aukera daukagu; hartara, sistema elektronikoa mugikortasun arazoak dituzten pertsonek kudeatu ahal dituzte: besteak beste, ordenagailua, telefono mugikorra eta etxe domotikoa. Automatizazio prozesu horiek oso garrantzitsuak izan daitezke pertsona horientzat.

Beste adibide bat ematearren, pertsonen ongizatearena da oso interesgarria den aplikazio-arloa. Lehen eskuz egin behar ziren hainbat lan, egun makina automatikoek egin ditzakete; arropa garbitu, kasu. Etorkizunean, halako gehiago izango dira, automatismoei eta kontrolari esker; adibidez, tresnak ahozko mezuen bitartez kontrolatu ahal izango dira. Arlo horretan, gaur egungo erronka handienetakoa eskuragarritasun unibertsalarena da, alegia, egunero erabiltzen ditugun gailu eta zerbitzu guztiak edonork erabili ahal izatea ahalik eta modu errazenean eta erosoenean.

Elkarlanean burutzeko proiekturik edo ikerketa-lerrorik baduzue edo norbera bere zereginetan murgilduta zabiltzate?

Jakintza-arloari buruzko jakituria energia berriztagarriei eta sare elektriko adimentsuei buruz ari da aplikatzen Haritza, ikerketa mailan, Donostiako SI+E taldean, eta Bidarteko EneR-GEA taldearekin (Lapurdi) kolaboratuz.

Bestalde, Automatikako gaiak ahotsaren ezagutza automatikoan eta erabilgarritasun unibertsalerako laguntzazko teknologiaren inguruan ari dira aplikatzen Nora eta Aitzol. Ikerkuntza-lerro horietan UPV/EHUko irakaslea den Karmele López de Ipiña doktoreak ere parte hartzen du. Besteak beste, Info7 irratiko albistegien audioetan bilaketak modu automatikoan gauzatzeko sistema osatu zuten, adiUP izenekoa. Sistemaren osaketan Info7 irratia, Irunweb eta Insima Teknologia enpresek hartu zuten parte.

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea