Arreta Gabezia eta Hiperaktibitatea Nahasteak (AGHN) familietan duen eraginari buruzko artikulua argitaratu dute Uztaron Goretti Soroa Martinez, Lorena Revert Sanchez eta Aitor Aritzeta Galan ikertzaileek. Familia eta hiperaktibitatea elkarrekin biziz: atzikimendua eta heziketa estiloak izenburua duen artikuluari eta gaiari buruz gehiago jakin asmotan hitz egin dugu Soroa eta Aritzetarekin.
Zer ondorio ditu Arreta Gabezia eta Hiperaktibitate Nahasteak arlo sozial eta psikologikoan?
AGHNak ondorio nabarmenak eragiten dizkie sintomatologia pairatzen duten haurrei, batez ere, euren garapen psikosozialean. Hitz bitan, esan genezake munduarekin harremantzeko moduan heldutze prozesuak barne-hartzen dituen autonomia, erabaki-hartzeak, plazerra atzeratzea edota burujabetza “entrenatu” ordez, plazerrean modu iraunkorrean kokatzera bideratzen dutela euren denbora. Emozionalki, kognitiboki, konduktualki eta sozialki izaten ditu ondorioak.
Emozionalki adimen emozionalerako gaitasun gutxiago izaten dute. Emozioen jabe izateko zailtasun gehiago aurkeztu ohi dute eta intentsitate eta iraupen handiagoz adierazi ohi dituzte. Horrez gain besteen emozioekin konektatzeari, enpatiari denbora tarte txikiagoa eskaintzen diote. Errazago frustratu ohi dira bete gabeko desiren ondorioz. Egunerokoan antsietatea izaten dute nagusi eta autestimua ere kolpatua izan ohi dute diagnostikoaren estigmagatik eta hainbat nahaspilatan sartzeagatik.
Kognitiboki funtzio exekutiboen atzerapena gertatzen da. Arreta denboran zehar estimulu berean mantzentzeko zailtasunak izaten dituzte, baita oroimarekin arazoak edo jarduera bateko lehentasunak ordenatzeko eta planifikatzeko zailtasunak ere.
Konduktualki eta sozialki AGN edo AGHNren diagnostikoa jaso dugu. AGN-an arretarekin soilik arazoa dutenak ditugu, haur konduktualki lasaiak izan ohi dira, isilak, barnerakoiak, besteekin liskarretan sartu nahi ez dutenak eta erreakzionatzeko denbora-tarte gehiago behar dutenak. AGHN-an aldiz, arreta zailtasunei hiperaktibitatea eta inpultsibitatea eransten zaien haurrak nabarmenki “mugituak” eta “hiztunak” izan ohi dira. Txandak eten ohi dituzte, gaiez aldatu eta arau sozialak errespetatzeko zailtasunak dituzte. Talde batean (familia, lagunak, eskola giroan…) nabarmendu egiten da haur hauen presentzia, arreta deitzeko etengabeko joerak baitituzte, zeintzuk maiz onarpen sozialetik aldendu ohi diren (aulkian eserita ezin mantendu edo helduari kasurik ez egin).
Ze sintoma izaten ditu AGHN-ak? Noiz jabetzen dira gurasoak diagnostiko zehatz baten beharraz?
Orokorrean, inpultsibitateak, arreta zailtasunak eta hiperaktibitateak ezaugarritzen dute nahaste hau. DSM V-aren arabera, hiru azpi-mota nagusi bereizten dira: arreta gabezia (bakarrik arreta gabeziaren ondorio diren arazoak aurkezten ditu), hiperaktibo/inpultsiboa (hiperaktibitate eta inpultsibotasun sintomak agertzen dituena, jokaera mailan nabaritzen da) eta konbinatua (ohikoena izaten da, arreta gabeziak eta inpultsibitate/hiperaktibitateak ezaugarritzen dute). Honen ondorioz, haur hauek jokabide arazoak, ikasketa zailtasunak eta zailtasun sozio-afektiboak izateko zaurgarriak izaten dira.
Sintomatologia konduktuala (hiperaktibitateari eta inpultsibitateari dagokiona) txiki-txikitatik igarri ohi diote gurasoek haurrari; aldiz, LH etapa hasi eta eskakizun kognitiboak handitzen joan ahala, geroz eta nabarmenagoak izan ohi dira haurraren zailtasun kognitiboak (arreta mantendu zereginetan, asteko plangintzaz oroitu, etab.).
Sintomatologia emozionalari dagokionez, antsietatea eta depresioari loturikoak ez dira hain nabarmenak izaten HH eta LH etapetan. Lagun-taldeekin gatazkak aurrera joan ahala, haurra taldean integratua ez bada sentitu edo frustrazio-haserrea ez badu garaiz maneiatu, interakzio-patroi gatazkatsuak egonkortzen hasten dira; horietatik eratorritako gaizkiegona geroz eta nabarmenagoa izan arte.
Ze garrantzia du familiak AGHN-a duten haurrengan? Ze paper jokatzen du familiak? Zein da hartu behar duten jarrera?
Familiak, eskola-sistemarekin batera, haurraren garapenean ezinbesteko garrantzia dauka, jaiotzen garenetik familia- eta eskola-mikrosistemak izango baitira gure egitura psikologikoa zehaztu eta nahaste psikologikoen (baleude) norabidea baldintzatuko duten sistemarik sendoenak. Bi horien artean, familiaren eragina nabarmentzekoa da, bertan sortzen diren elkarrekintzak barneratuak izaten baitira duten esanguratsutasun afektiboa eta gertutasuna dela-eta.
Familiak AGHNaren sintomatologiaren azalpenean, mantentzean eta areagotu edo gutxitzean ezinbesteko ardura izango du. “Ama eta aita behar bezain onak” deitzen diegu haurrengan sintomatologia garaiz identifikatzen dakitenei, eta segurtasun eta maitasun giroa eskaintzeko gai direnei, baita une on eta txarretan “presente egoten” direnei ere.
AGHNarekin bizi diren gurasoei etzaie "guraso akademikoki zorrotzak" edo “guraso emozionalki bigunak” izatea eskatzen, baizik haurraren garapenean sintomatologiari arreta jartzen dakitenak, horien aurrean pazientzia dosi handia dutenak eta, nolabait, gertutasuna erakusten dietenak. Horrela, zailtasun edo gatazka zehatzen aurrean (agenda ahaztu zaionean edo arrebari plastikako lana hondatu dionean), euren haurrari entzuteko prest egonik eta aukera emanaz gertatu dena azaltzeko. Eta horrela, pixkana, haurraren heldutasunerako bidean bidelagun izan ahalko dute.
Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.
Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...
P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.
Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio