Berriak

"Emozio sozialetan eragin kulturala askoz ere indartsuagoa da oinarrizko emozioetan baino"

Eskutik hartuta egin dute ibilbide profesionala Aitor Aritzeta eta Goretti Soroa psikologoek emozioekin eta gaitasun sozioemozionalekin. Garapen pertsonalean bakarrik ez, kulturalean ere eragina dutela diote.

Emoziorik gabe, bizirautea zaila delakoan daude UPV/EHUn lizentziatutako Aitor Aritzeta eta Goretti Soroa psikologoak. Emozioak eta gaitasun sozioemozionalak eskuliburua argitaratu dute UEUrekin horren aitzakian, norberak bere emozioak gara ditzan. Etenik gabeko ikerkuntza da antza emozioena. Hori horrela, ikerketa-lerro berriak dituzte irekita, taldeko adimen emozionala aztertzeko tresna batzuk sortu ahal izateko. Izan ere, emozioak osotasunean ulertzeko, eragin kulturala aztertzea funtsezkoa omen da.

Emozioak eta gaitasun sozioemozionalak


'Emozioak eta gaitasun sozioemozionalak' liburua idatzi duzue. Zein da eskuliburu honen helburua? Nork irakurri beharko luke?

Liburu honen asmo nagusia da emozioen psikologian edonork izan dezakeen interes orokorra piztea. Hortaz, bertako edukiak erabilgarri izan daitezke auto-ezagutza emozionalean eta garapen pertsonalean interesa duen edonorentzat. Bestalde, etorkizuneko psikologoak izango direnen prestakuntzari begira diseinatuta ere badaude; alegia, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko ikasleentzat.

Liburu honetan, emozioen inguruko funtsezko teoriak deskribatzeaz gain, emozioetan eragina duten faktoreak aztertzetik hasten gara, eta emozio desberdinak definitzen ditugu: bai oinarrizkoak —poza edota haserrea—, bai konplexuak —jeloskortasuna edota enpatia—. Behin oinarri teorikoak irakurrita, hauek praktikara eramatera animatzen dugu irakurlea gaitasun sozioemozional desberdinak lantzeko ariketen bidez. Zati praktiko horretan, adimen emozionalarekin eta erregulazio emozionalarekin lotutako tailerrak proposatzen ditugu.

Baina emozioak, zehazki, zer dira?

Emozioak informazio iturri paregabea dira. Guztiok galdetu beharko genioke etengabe geure buruari: “Zer ari naiz sentitzen? Zergatik ari naiz honela sentitzen? Geure burua hobeto ezagutzeaz gain, gure ingurunera egokitzen laguntzen digute. Egunerokoan hartzen ditugun erabakietan emozioek funtsezko papera izan dute. Beste era batean esanda, inguratzen gaituen informazio guztia ezin dugunez aztertu xehetasunez, emozioek gertakizunaren ulermena errazten digute, erabakiak hartzen lagunduz. Beraz, emoziorik gabe ezingo genuke biziraun.

Emozioak osotasunean definitzeko eta ulertzeko, hiru erantzun-sistema batera aztertu beharko genituzke: lehenik, erantzun fisiologikoa —izerdia, bihotz-erritmoaren azkartzea edota presio arterialaren arintzea—; bigarrenik, kognitiboa —bizipen emozionala ebaluatu dugun modua—; eta hirugarrenik, jokabidezkoa —aurpegi-espresioa, ahots-espresioa edota keinuak—.

Lehen eta bigarren mailako emozioak daudela diozue. Zer desberdintasun daude bien artean?

Emozioak sailkatzerakoan, batetik, oinarrizkoak edo lehen mailakoak direnak topa ditzakegu —haserrea, beldurra, alaitasuna, tristura, sorpresa eta nazka—. Bestetik, emozio konplexuak, sozialak edo bigarren mailakoak direnak —desira, harrotasuna, lotsa, jeloskortasuna edota errua—.

Esan daiteke bi mota horien desberdintasunik nagusiena emozioaren espresioan datzala. Batetik, oinarrizko emozioen espresioa unibertsala da, izan ere, kultura desberdinetan antzeko aurpegi-espresioak aurkitu ditzakegu. Baita animalia desberdinetan ere. Adibidez, haserrea adierazteko bekokia zimurtzea.

Bestetik, emozio sozialak sentitzeko eta adierazteko modua kultura batetik bestera aldatu egiten da. Adibidez, jeloskortasuna desberdin sentitu eta adierazten da kultura indibidualistetan, eta hori gizakiaren balio eta askatasunarekin lotzen da. Kolektibistetan, berriz, familia balore eta ohorearekin lotzen da. Emozio sozialetan eragin kulturala askoz ere indartsuagoa da oinarrizko emozioetan baino.

Bigarren mailako emozioak sozialak direla diozue. Zer garrantzi dute, eta nola landu daitezke?

Emozio sozialen artean, enpatia har dezakegu adibidetzat. Enpatia garrantzitsua da elkarkidetza bultzatzeaz gain, barkamena errazten duelako, juizio moraletan eragiten duelako eta indarkeria gutxitzen duelako. Enpatia garatzeko teknikak eta ariketak proposatzen ditugu liburu honetan; talde txikietan burutzea gomendatzen da, besteen sentitzeko eta pentsatzeko moduekin konektatzeko gaitasuna hobetzeko.

Beste adibide bat erruduntasun sentimendua izango litzateke. Erruaren garrantzia ukaezina da pertsonaren ongizate emozionalerako. Bi modutara sentitu gaitezke errudun: batetik, gure burua gutxietsiz, eta horri larritasunari eta auto-suntsitzeari dagokion erruduntasuna deritzo; eta bestetik, egindako akatsa edo portaera desegokia onartuz eta besteari eragindako mina onartuz, gure burua onartzearekin batera. Azken bideak eramango gaitu erruduntasun enpatiko deitutakora, eta, gainera, norbanakoarentzat askoz eraikitzaileagoa da.

Lehenengo erruduntasun motatik, suntsigarria den horretatik, bigarrenera, enpatikoa den horretara, pasatzen ikasi dezakegu, gure ongizate emozionala hobetuz eta, beraz, ongizate integrala bermatuz.

Hezkuntza emozionala lantzen duzue liburuko atal batean. Zer garrantzia dute emozioek hezkuntzan? Erabiltzen dira?

Hezkuntza emozionala garatzeko programa ugari daude, horietariko batzuk 2008ko Emozioak eta Heziketa liburuan jaso genituen. Gure iritziz, emozioen garrantzia onartuta dago hezkuntza sisteman, eta emozioen adierazpena eta identifikazioa ere lantzen dira haur eta lehen hezkuntzan. Aldiz, adin-tarteak aurrera doazen neurrian, eta batez ere, gaztaroan, nekez aurkituko ditugu gaitasun sozioemozionalak curriculumean integratuta.

Emozioak adin-tarte guztietan lantzea garrantzitsua iruditzen zaigu, lanak taldeka egitea bultzatzen den bezala edo gatazken kudeaketan trebatzen den moduan. Auto-ezagutza emozionala litzateke gakoa. Egungo gazte gutxik dakite euren burua deskribatzen, indarguneak eta ahulguneak zerrendatzen, etorkizuneko ibilbidea aurreikusten edo bizitzan eman nahi dituzten urratsak aipatzen. Unibertsitatera iristen diren ikasle askok onartzen dute zailtasunak dituztela erabaki garrantzitsuak bakarka hartzeko, edo iritziak eraikitzeko eta ziurtasunez defendatzeko. Euren hitzetan: “Inork ez dit erakutsi neure burua ezagutzen” edo “ez badakit nor naizen, nola jakingo dut nor izan nahi dudan?”. Atera kontuak.

Azalpen teorikoez gain, hamasei tailer praktiko proposatzen dituzue. Zer aurkituko du irakurleak? Zer ekarpen egingo diote tailer horiek?

Liburu honen bigarren zatian aurkezten diren tailer praktikoen bitartez, irakurleak honako gaitasun sozioemozional hauetan sakontzea lortu nahi dugu: emozioen hautematea, ulertzea, erabilera eta erregulatzea; enpatia izatea; komunikazio asertiboa lortzea; erruduntasun sentimendua aztertzea; eta antsietateari aurre egitea edo auto-ezagutza emozionala garatzea.

Ariketa horietan lantzen diren gaitasun sozioemozionalak, garapen pertsonalerako baliagarriak izatea espero dugu. Baita norberaren erreakzio emozionalak ezagutzea, ulertzea eta onartzea ere, norberaren auto-ezagutzarako bide nagusia baita hori.

Alderdi soziokulturalak ba al du zerikusirik norbanakoaren bizipen emozionalarekin edo gaitasun sozioemozionalekin? Nola?

Kultura guztietan badira emozioak sentitzeko eta adierazteko arau inplizitu batzuk. Esaterako, opari bat jasotzen dugunean, oparia eman duenak gure esker ona edo alaitasuna esperoko du. Hileta elizkizun batean, berriz, triste sentitzea eta tristura adieraztea esperoko du. Eta zuk emandako iritzi batek norbait mindu badu, errudun sentitzea esperoko du.

Gure kulturari erreparatuz gero, jakin badakigu txikitatik inguratzen gaituen testuinguruak, hau da, gurasoek, irakasleek, lagunek edo komunikabideek nolako eragina izan duten emozioak sentitzeko eta adierazteko modu egokiak zehazterakoan. Adibide gisa, genero indarkeriaren kasua dugu, non bikote harreman batekin amaitzen duenak eraman ohi duen erruduntasunaren zama. Ohikoa da hausturaren erabakia norberaren ongizatean baino, txikitan jasotako heziketan kokatzea; hots, gurasoek edo lagunek begi txarrez ikusiko dutelakoan haustura hori, hobe erlazioa mantentzea nahiz eta sufritzen jarraitu. Horrela, maite direnen onarpena ez galtzeko eta errudun sentimenduak ekiditeko, sufrimendua eragiten duen erlazioa mantentzea erabaki ohi da.

Horrenbestez, pertsona batek bizipen emozional bati emandako esanahiaren atzean dauden faktore kulturalak aztertzea garrantzitsua da pertsona horren emozioak osotasunean ulertu nahi badira.

Galdera sorta osatzeko, zer duzue esku artean orain: emozioak lantzeko proiekturen bat edo beste ikerketa-lerroren batean murgildu zarete?

Gaur egun esku artean ditugun lan proiektuak emozioen eta gaitasun sozioemozionalen ebaluazioan eta garapenean kokatzen dira. Maila indibidualean, euskal gazteen sormen emozionala nola neurtu eta garatu ari gara aztertzen, horretarako beharrezko tresnak sortuz eta esku-hartze programa bat diseinatuz. Bestalde, biofeedback teknikaren erabilerak norberaren auto-ezagutzan eta autokontrol emozionalean duen eragina ikertzen ere dihardugu.

Ildo beretik jarraituz, baina talde mailan, beste bi ikerketa-proiektu abian ditugu. Batetik, taldeko adimen emozionala neurtuko duen tresna bat sortzen ari gara. Bestetik, Belbin deritzon taldeko rolen metodologia euskarara egokitzen ari gara arlo ezberdinetako lan-taldeei begira erabilgarria izango delakoan.


 

                                     “Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du”
 

 

Hiztegiaren arabera, buruxkak 'galburu edo garau mortsak' dira. Era berean, izenburu horixe jarri zion 1910. urtean Jean Etxepare medikuak bere idazki bildumari.

Etxepare medikua (Jean Etxepare Bidegorri, 1877-1935) euskal idazle bikaina izan zen, laikoa, europar korronte berriei irekia eta arlo zabalei hedatua: kazetaritza, literatura, filosofia, zientzia...

P. Xarriton Buruxkak eta Etxepareren beste obra batzuk zein eskutitzak argitaratzeaz arduratu da, eta berriki, K. Altonagak zientziaren historiari lotutako Etxepareren biografia bat kaleratu du.

Aitzindari hura gogoan, UEUk bere liburutegi digitalari Buruxkak izena jarri dio

HPS Babeslea
Bizkaia Babeslea
Babeslea